Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 139. zenbakia

Heldubakoak


Umeak betiko

Baina, aldi berean, gizarte heldubakotasuna sortu da. 'Peter Pan'-en konplexua gero eta zabalduago dago; hazteko bildur gara. Lehenago helduek euren izakerea sendotzen eben heldubakotasunaren ezaugarri guztiak albo batera itxiz; gaur egun, barriz, azken zantzu horreek harrotasunez erakutsi behar dira. Aldakor eta ardurabako agertu behar da, publizidadearen diskurtsoan lez: amek euren erropea eta jantziak hamabost urteko alabakaz trukatu eta aita patetikoek umeentzako bideojoko arin eta estresagarrietan jardun behar dabe.

Edadeen nahasketa hori agiri-agirian iminten daben ikurrez ingurututa bizi gara. Erakunde serioen sinboloek pelutxezko maskoten itxurea hartzen dabe. Zine aretoetan gazte eta helduak Harry Potter ikusi guran dabiltz, palomita eta freskagarriz goitik behera horniduta. Interneteko foro eta txatetako kodeetan forma ausartak, gazteen berbakeran eta estiloan berezkoak diranak nagusitzen dira. Ez haztea, ahalik eta ondoen pasetan ahalegintzea, sinpleena aukeratzea, azalkerian mobidutea, konpromisoetatik urruntzea: hona hemen umeturiko gizartearen zantzurik ohikoenak.

Ingurune ezegonkor batean sarturiko gizaki ezegonkorrak gara. Dan-dana epe labur edo ertainean neurtzen da, berehalako ordainaren truke. Gogaitzen hasi eta atoan, bikotekidea edo hartu-emonak aldatzen ahalegintzen garan umeak gara, jostailu bategaz olgetan ibiliko bagina lez. Ez dogu ume izan gura zahartzarotik eta heriotzatik urrun ibilteko, denporatik kanpoko edade bat asmetako baino, erantzukizun, behar nekez eta arduratik libre.

Begiluzea

Behin betiko gaztetasunaren ameseteak eta hazteko bildurrak andre eta gizon guztiei lagundu deutsee gizaldietan barrena. Baina, alperreko gogo horreri bestelako indarrak kontrajarten jakozan, esate baterako erantzukizuna, konpromisoa, askatasunez hazteko abendurea edo denporearen joanaren kontzientzia. Hortik edadeen arabera egituraturiko bizitzea: edade bakotxari zeregin zehatz bat egokon, munduagaz hartu-emonetan paretako eredu desbardina. Heltzea ez zan zahartzearen sinonimoa, ezpada bizitza tarte bakotxaren premietara egokitzeko bidea.

Gaur egun, ostera, emoten dau gehienok lege horren kontra egin gura dogula. Persona helduen kopuru handi batek ez dau bizi gura bere edadearen arabera. Fenomenorik agirikoena gurasoen etxetik urten gura ez dauen 'hogeita hamar eta pikuko gaztearena' da. Adibide honetan anbibalentzia bitxia ikusi daiteke: batetik, 'gazte' horreek heldu baten askatasunaz jokatzen dabe, euren eretxiei jarraituz; bestetik, aita-amen babes, jagotza eta laguntasuna eskatzen dabe. Ganera, helduen artean be ibilitakoa atzean itxi eta gazte denporara begiratu gura dabenak gero eta gehiago dira.

Azken horixe da jokaera honen alderdirik positiboena: ohitura osasungarriagoak daukaguz, kirol gehiago egiten dogu, astialdia eta olgeta sasoiak berreskuratu guran dihardugu eta portaera batzuei seriotasuna kentzen deutsegu, alaitasuna, poza eta azalkeria ikutu osasuntsua berreskuratuz, hau da, gure zaharren ezaugarri astunago batzuk kentzea lortu dogu, berbarako ardurea, erantzukizuna eta seriotasuna. Alaitasun fresko bat sartu da gure bizimoduan eta ez gara hain modu dramatikoan bizi, konbentzionalismo zaharrek ezarritako betebeharren kargatik askatu garalako.