Euskal Literaturearen ataria
Bizkaie!
Mari Jose Olaziregik, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkarteak eta euskal literaturearen aditu talde batek www.basqueliterature.com webgunea sortu barri dabe. Olaziregiren esanetan, ‘webgunea munduari begira dago, munduan dagozan euskal literatura zaletuei’. Izan be, ‘atzerrian gero eta handiagoa da euskal literatureagazko jakinmina’. Ataria Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Renoko Nevadako Unibersidadeko Center for Basque Studies-ek diruz lagundu dabe.
Lau atal: Literaturea, Katalogoak, Loturak eta Albisteak.
Euskal Literaturearen inguruko argibideak topauko doguz literatureari eskainitako atalean. Bertan, Euskal liburugintza, Euskal Literaturearen Historia eta Itzulpengintza azpiatalak dagoz. Tartean, ahozko literatureak be lekutxua eukiko dau Josera Garziaren eta Igone Etxebarriaren eskutik. Itzulpengintza sailean, Aiora Jaka Irizarrek beste hizkuntzetatik euskerara egin diran itzulpenen eta euskeratik beste hizkuntzetara egindakoen historia egin dau.
Katalogoen atalean, euskal egileak eta obrak ezagutarazoko dira. Olaziregik azaldutakoaren arabera, ‘oraingoz 13 idazleren biobibliografia dago eskuragai: Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Aingeru Epaltza, Mariasun Landa, Anjel Lertxundi, Pello Lizarralde, Xabier Montoia, Inazio Mujika Iraola, Lourdez Oñederra, Ramon Saizarbitoria, Joseba Sarrionaindia, Arantxa Urretabizkaia eta Iban Zalduarena’. Aurrerantzean, webgunearen arduradunek atala osotzeko asmoa daukie. Bestalde, katalogoak euskeratik ingelesera, frantsesera, alemanera eta gaztelaniara itzulitako liburuen zerrendea eskaintzen dau.
Loturak be topau geinkez webgune barrian, euskal literatureaz sarean dagozan gune esanguratsuenetara egindako loturak.
Azkenik, albisteen atala be izango da, literaturearen inguruan albisteak sortu ahala eguneratuko daben atala.