Barriketan  II. urtea // 19. zenbakia - 2003ko zezeilaren 1a

Txus Jaio: 'bolantea 8 edo 9 urtegaz hartuko neban lehenengoz'

Motor munduan indartsu dator Txus Jaio. Espainiako Lur Gaineko Txapelketea irabazi eban igaz 27 urteko markinarrak eta Inglaterrako RAC rallyan be polito ibili zan. Carlos Sainzek babestutako Ford Junior Teameko pilotoa da 98tik eta bere eboluzinoa oso positiboa izan da; eliteko pilotoak gero eta hurrago ikusten ditu eta hurrengo pausua profesionaltasuna izan daiteke. Bide luzean gatxena egin dauelakoan gagoz.

1. Zorionak. 2002. urtea ederra izan da zuretzako. Lur Gaineko Txapelketan ezin hobeto ibili zara eta txapelketea amaitzeko oraindino lasterketa bi falta arren titulua zurea zan Asturiaseko Cangas del Narcean irabazita. Kontaiguzu zelako esperientzia izan dan.

Esperientzia oso ona, batez be, lehenengo lasterketetan, izan be, hor sekulako lehia eta emozinoa izan ziralako, benetan pozik nago. Luis Climent eta Dani Sola arerio gogorrak ziran, biak mundialean ibilitako pilotoak eta oso bizkor ibilten diranak; lehenengo lau lasterketetan oso arin ibili ginan danok be eta guk hiru karrera irabazi genduzan; arazoak be ez ziran falta, berbarako Fuerteventuran enbragea apurtu jakun eta hortik aurrera, Luis Climent aurrekontu barik gelditu zan eta Dani Solak txapelketea irabazteko aukerarik ikusi ez ebanean mundialari ekin eutson. Geroago nasai ibili ginan eta bai, esan dozun legez, txapelketea amaitzeko lasterketa bi falta ziranean, Asturiaseko Cangasen irabazi genduan titulua.

2. Zure palmares eta progresinoagaz errazagoa izan beharko litzateke profesionaletara salto egitea eta, ganera, talde handi baten babesa dozu. Zer falta jatzu edo zeintzuk dira eliteko pilotoen artean sartzeko arazo nagusiak?

Nik pentsetan dot hemen eta kanpoan be bardin pasetan dala. Nazionaletan korriduten daben pilotoen egoerea bardin antzekoa da. Pare bat urterako aurrekontu handia, esponsor edo babesle handiren baten laguntzinoa behar da, mundialean urte bi edo hirutan errodajea egin eta, ahal dala, burua erakutsi, taldeetako begirale edo arduradunak fijau daitezan. Ni neu Ford etxeko piloto ofiziala naz baina espainia barruko lasterketetarako eta arduradunei ez jake horrenbeste interesetan kanpora joatea, mundialerako taldea beste bat da eta horra salto egiteko lehia handia dago.

3. Zelan buztartzen dozuz zure eguneroko beharra eta piloto izateko nahitaezkoak diran entrenamenduak?

Familiako enpresan edo negozioan egiten dot behar; aita igeltseroa da eta beragaz eta taldeagaz egiten dot behar, holan ataraten dogu bizimodua; hori bai, kotxeari behar beste denpora dediketan deutsat eta, entrenamenduak, bidaiak eta bestelakoak egiteko be behar beste denpora hartzen dot. Karrerako kotxeagaz Jaramako zirkuitoan egiten doguz entrenamentuak; karrerak zapatuetan izaten dira normalean eta eguenetan Madrilera joaten naz eta han probetan dogu kotxea. Kotxeagaz gehiago ibili gura neuke baina kontua da ze oso karua dana kotxe honeekaz kilometro asko egitea: motorrak 800 kilometro baino ezin leikez egin eta kotxeko ganerako osogaiek be bizitza laburrekoak dira. Gauzak holan dirala, entrenau gitxi egiten dogu ze karrera bat korridutea beste urtetan dau.

4. Inglaterrako Rac Rallyan birritan parte hartuz asko ikasiko zenduan, ezta?

Asko. Salto handia dago, espainiako txapelketako karrera batek ez dauka zerikusirik mundialeko karrera bategaz, hor pilotoak oso-oso bizkor doaz eta kotxeetan be alde handiak dagoz. Apurka-apurka gauza asko ikasten da besteek egiten dabena ikusita eta kasu honetan, munduko onenakaz zabilz burrukan, ordura arteko mugak zabaldu egiten jatzuz, kotxearen erreakzinoak, norberaren jarrerea aldatu egiten dira...

5. Zeintzuk dira zure hurrengo konpromisoak?

Okerrik ez bada, martiaren 8an hasiko da aurtengo Espainiako Lur Gaineko Rally Txapelketea eta, beraz, Salamankako karreran ekingo deutsat denporaldiari. Gero, mundialeko karrera batzuetan parte hartu gura neuke baina oraingoz ez dakit ezer.

6. Markinarra izan arren eta paraje horretan sekulako tradizinoa dagoan arren, zesta puntea edo pelotea barik motor mundua aukeratu zenduan. Oso oker ez bagagoz, hasieran bizikletea eta arroda biko motorrak maite zenduzan.

Bai, gazte mailara arte edo bizikletan ibilten nintzan baina kirol gogorra da eta ikasle nintzan sasoian, uda partean, aitagaz behar egiten neban dirutxua atarateko eta entrenetako asti gitxigaz eta sufriduteko gogo gitxiagogaz ibilten nintzan eta laga egin neban. Motorrean gaur egun be ibilten naz; oraintsu erosi dot motor bat eta mendian, pistetan ibiltea asko gustetan jat.

Beste alde batetik, egia da Markinan pelotan jokatzeko joera handia dagoana eta gure gazte denporan, danak zeztaz jokatzen ebena baina gure koadrilan ez da zaletasun hori biztu. Dana dala, erdi bromatan edo orain pare bat urte hasi ginan koadrilakoak zesta txapelketa txiki bat antolatzen; ikuskizun negargarria eskaintzen dogu gehienetan baina guk ondo pasetan dogu eta hor ibilten gara zestaz be.

7. Zenbat urtegaz hartu zenduan bolante bat eskuartean?

Akordau be ez naz egiten baina aitaren altzoan, 8 edo 9 urtegaz hartuko neban lehenengoz bolantea.

8. Lasterketa eta txapelketetan parte hartzen noiz hasi zinan?

Hemeretzi urtegaz edo hasiko nintzan. Eskolea laga eta beharrean hasi nintzanean, diru apur bat aurreratu, kotxe zahar bat erosi eta karrera ofizialetan parte hartzeari ekin neutson.

9. Rallyetako piloto izateko eskolarik ez dago eta, jakina, ibiliaren ibiliaz ikasten da, sarritan golpe ederrak hartuta. Zeintzuk izaten dira hasibarrien hankasartzerik normalenak?

Normalean, hankasartze nagusia bizkorregi joatea izaten da. Ahalik eta arinen korridu gura izaten dogu eta sarritan kontrola galtzen da. Errebuelta zarratuetan, bizkorregi sartu eta ez dozu errebueltatik urtetan, bidea amaitzen jatzu eta danba!. Horrezaz ganera, kaminoaren ezaugarrien ganean hasibarriek hartzen dituen notak be ez dira onak izaten, gehienetan bistera zoaz eta hor sortzen dira sustoak. Kontua da ze, kotxeagaz hankasartzeak karu pagetan dirana: kalte fisikoak izaten dira txarrenak baina patrikeran igarten doguzanak be hor dagoz: bazterra jo eta konponketak benetan karuak izaten dira. Normala dan legez, hasieran hankasartze asko egiten dira eta ibiliaren ibiliaz ikasten da.

10. Piloto ona izateko gauza asko behar dira: ausardia, odol hotza, zoramen puntua, indar fisiko eta mentala, teknikea..., zer da garrantzitsuena?

Aitatu dozuzanak danak dira inportanteak eta zeozer gehiago be gehituko neuke: bildurra edo errespetua be beharrezkoa izaten da ze zoroen moduan bazabilz, bide bazterrean jota geratzeko arriskua egoten dalako. Danetatik behar da eta gero ba, momentuaren arabera, ausardia, burua hotz eukitea edo zoramen puntu bategaz jokatzea nahitaezkoa izan daiteke. Dana dala, garrantzitsuena zentzunez jokatzea, burua hotz eta ideiak argi izatea da; ganerako ataletan hobetzea errazagoa dala pentsetan dot.


11. Abiadurea, derrapaje eta laprastada guztiak kontrolpekoak izaten dira ala sarritan, arrisku handiak hartuta, kotxeak zelan erantzungo zain egoten da pilotoa?

Bai, normalean dana izaten dogu kontrolpean baina sustoak, ezusteak eta holakoak be izaten dira, karreran topera zoazenean, mugea pasetan hasten zaranean, edozein harritxu nahikoa izan daitekelako bide bazterrera joateko. Pilotoak jakin behar dau norberaren eta kotxearen beraren mugak non dagozan.

12. Pilotokidearen pentzutan, gidaria itsu-itsuan joaten da?

Bai, argi eta garbi. Espainiako Txapelketan, entrenamentuko pasada bat egiten da bakarrik eta, jakina, pasada bakarra eginda ez dago bidea ondo ezagutzerik. Pilotokideek eroaten gaitue. Berbarako, behelainoa agertzen danean, 10 metro be ez dozuz ikusten eta holako egoeretan bildurra pasetan dozu ze itsu-itsuan zoaz pilotokidearen aginduak beteten. Tentsino horregaz korridutea gogorra da eta burukomin handia egiten jatzu sarri. Aurrekoa ikusten ez badozu, erreakzino normala azeleradoretik hankea altxetea izaten da baina segundu ederrak galtzen dira eta ez da komenidu, pilotokideak ondo ezagutzen dau bidea eta kasu egin behar deutsagu.

13. Rallyetako emoitzetan zerenbesteko garrantzia (ehunekoetan ahal dala) emoten deutsezu pilotokideari eta taldeko mekanikoei?

Ehunekoetan sartzea ia-ia ezinezkoa dala esango neuke. Multzotik pieza bat kentzen badozu hanka-motz geratzen zara; talde beharra da gurea eta dinotsudan legez, pieza bat kendu ezkero ez dago aurrera egiterik.

14. Lasterketan bete-betean zagozala, izaten dozu astirik bide bazterretako zaletuak ikusi eta euren animoak sentiduteko?

Bai, beti ikusten da. Ikusi egiten dozu jentea, ezagutu ez doguz egiten normalean, beharbada baten bategaz geratzen zara baina guretzako arazo handia izaten da bide bazterretan jente larregi egotea ze karreran oso arin zoaz, mugatik hur eta jentea enbarazuan edo txarto kolokauta ikusten badozu, norberak atzera egin behar izaten dau, bidetik kanpora joan ezkero badakigulako triskantzea egin geinkela.

15. Zein izan zan erosi zenduan lehenengo kotxea?

Hamalau urtegaz, bajea emondako Seat 850 bat erosi neban etxe bueltan, landatan eta inguruetan ibilteko.

16. Gaur egun ze kotxe dozu?

Etxe babesleari ondo baino hobeto egiten deutsat propagandea, Ford Focus bat, ST 170 bat daukat.

17. Zein da zure amesetako kotxea?

Ez dot amesetan egiten eta, beraz, Ford Focusagaz geratzen naz. Karreratan eta kalean be horixe erabilten dot eta gustora.

18. Kaleko gidari legez eta piloto legez zenbat istripu izan dozuz?

Kalean asko ez, oso oker ez banago beste kotxe bategaz baten hartu neban kolpea. Karneta atara nebanean, bizkor ibiltea gustetan jaten baina orain, barriz, tarteka karrerak dodaz eta hor disfrutetan dot; gidari lasaia naz kalean. Neuk bakarrik beste pare bat istripu edo izan dodaz; alde horretatik, subertea izan dodala pentsetan dot. Karreratan eta entrenetan bai, istripu mordoa izan dodaz.

19. Bat formulea gustetan jatzu?

Bai. Dana dala, ikuskizunari begira, pena handia da azken urteotan Ferrari etxeak eta Michael Schumackerrek erakutsi daben nagusitasuna. Beharra ondo egin dabelako izango da segurutik baina kanpotik begira gagozanontzako penea da arerioei holan egurra emotea ze emozinorik ez dago.

20. Urtean 15-20 mila kilometro egiten dodaz eta errepidean arin ibiltea gustetan jat. Datu horreekaz ze kotxe erosiko zeunke zuk?

Zenbat diru gastau gura dozun be jakin beharko neuke. Dana dala, Focusen alde egiten jarraituko dot; orain 170 zaldiko gasolinazko Focusa daukat baina lehen Ford Focus Tdci bat euki neban, 115 zaldiko turbodiesela eta oso ondo dabil. Hori bai, 15-20 mila kilometro urtean ez dira asko eta gasolinazko kotxea hartzea be ez da aukera txarra. Ahal izan ezkero nik neuk gurago dot gasolinazkoa.

Koldo Isusi Zuazo