Durangora Erromes
Beste horrenbeste esan leiteke erdal eta euskal literaturako hainbat klasiko gomendatzen diranean. Eskoletako gazteak gaztelerazko eta euskerazko zenbait klasiko irakurtera, baita liburu horreen laburpena egitera be behartzen dabezan bakotxean, askotan, bide batez, irakurle bat galdu egiten dogu. Holakoetan, irakurlearen interesak-eta sarritan ez dira kontuan hartzen eta jentea irakurtera zaletu beharrean kontrako efektua lortzen da. Filologia ikasten dabizan askok neke handiz irakurten dabezanak gazteagoek irakurri daiezan bultzatzeak, nik uste, ez gaitu helburura hurreratuko, irakurleak lortzera hain zuzen.
Baina, idazleek be zer pentsatua badauka. Norberarentzat idazten dala eta antzeko pentsakizunetatik aldendu eta irakurleak zer nahi dauen, harentzat interesekoa zer izan leitekeen kontuan hartzea garrantzitsua da oso, eta irakurleen artean, esan daidan, danetarik dago. Liburu mardulak irakurteko gai diranetarik hasi, letra mueteari, irakurri beharrekoaren tamainari, gaiari, eta abarri erreparetan deutsenetarik segi, liburuak albait urrunen nahi dabezenetara. Irakurketearen munduan, ostera, lehenengo lerrotik azken pasartera egin beharreko ibilbide horretan, dan-danak doguz beharrezko eta danengana heltzeko ahaleginak egin behar doguz guztiok.
Irakurtea, bidaiatzea legez, gozamenagaz, plazerragaz lotzea, eta ez obligazinoagaz, garrantzi handikoa da. Halanda ze, jenteak euskeraz egin daian esan eta esan ibili arren, euskeraz berba egingo ez dauen moduan, jenteak irakurri daian behin eta barriro dei eginez ez dau gehiago irakurriko. Horretarako, jarrerea, motibazinoa, produktu erakargarriak eta abar asko eta asko eskaini beharko doguz.
Durangoko Azokea, aparra, zaratea eta osterantzekoak igaroko dira, egunik egun jorratu beharrekoa da bistatik galdu beharko ez geunkena.
Erramun Osa
Urte barruan ereindakoa ez eze Durangoko Azokarako beren beregi produzidutako liburuak-eta iminiko deuskuez ikusgai egunotan. Holakoetan, Durangoko Azokakoa tarte labur bateko irudikeria dala begitanduko jako hainbateri. Ni ez naz, ostera, eretxi berekoa. Izan be, urte barruan ataratakoaren erakusleiho be bada Durango, geure sorkuntzearen indarraren beste adierazle bat.
Argitara emon bai, baina, irakurri? Hainbatetan Durangoko mahaietan metatutakoa beste leku baten pilatzeko bidaia baino ez dala jazoko egia da, gure gizartean irakurteko ohiturea apalduz doala be egia dan legez. Baina, gertaera horren zergaitietan sakontzean ez gaitezan inozoak izan. Gazteek ez dabela irakurten eta antzeko kopla errazak itxi daiguzan albo batera, mesedez. Izan be, denpora librea, ezelako zailtasun eta esfortzu barik igaroteko danetariko eskaintzak doguzanez, bizi garan gizartean ahalegina eskatzen deuskuen jarduerak baztarrean lagateko joerea indartzen ari da gure artean.
Helduek gero eta gitxiago irakurten dabe, eta holan, gazteen artean irakurteko ohiturea indartzeko giro egokirik ez dago, ez familian, baina, ez eta, sarri askotan, eskolan be. Irakurri daiguzan, bestela, hizkuntzak lantzen diharduen irakasle askok gomendatzen dabezan erdarazko eta euskarazko liburuen zerrendak, eta holan, batzuetan, inoz funtzionau daben liburuak eten barik errepetiduten dirala ikusi ez eze, zerrenda horreek, bestelako libururik argitara emon izan ez balitz bezela, ez dirala barritzen jaubetuko gara.