Kulturea  IV. urtea // 139. zenbakia

Jon Irazabal: 'borondatez egin da lan urte askotan azokan'


4.- Urteko euskal literatur eta disko sorkuntza ia osoa Durangoko azokara begira preparetan da. Zentzunezkoa da hori?

Hori argitaletxe, diskoetxe etabarrek erantzun beharreko itauna da. Gerediaga Elkarteak antolatzen dauen azokearentzat hori ona da, jentea itxaroten egoten dalako azken nobedadeak Durangorako noz argitaratuko diran. Eta horrek Durangora jente asko erakarten dau. Baina Euskal Herriko literaturgintza eta diskogintzarako zentzunezkoa, bidezkoa edo ona danik ez neuke esango. Ni be ez naz egokiena hori erantzuteko. Baina jakin badakit, editoreakaz eta bestelakoakaz honen inguruan luzaroan berba egin dogulako eta ia urteroko gaia dalako, neurri batean ‘arazo’ be izan daitekela. Hor, berbarako, liburudenda txikiek eta be arazoak izaten dabez, hain denbora gitxian horrenbeste titulu barri eskuartera ailegatzen jakezalako eta urtenbide duin bat horreri danei emoteko bitartekorik ez daukielako askok.

5.- Negozioak lekua hartu ete deutso euskalgintzeari?

Hori neurtzea gatxa da. Ezin da ukatu Durangoko azokan negozio lekua be badala, azokara datozan argitaletxeentzako edota Durangoko ostalarientzako batez be. Durangora datorrena ez da azokan bakarrik geratzen, Durangotik bueltatxua egiteko be aprobetxetan dau.

Baina, Durangoko Azokak negozio ikutua euki arren, oraindino be badauka ikutu ‘erromantikoa’. Hau da, euskal kulturearen uriburua izaten da abenduko lehenengo egunetan. Hori ia urtero irakurten dogu komunikabideetako titularretan. Eta ez da topiko bat. Holan da. Euskalgintzearen topaleku handia da. Liburu eta disko ingurumarian sortzen dan topalekua, baina ezin doguz ahaztu, dvd, bideo, eta euskarri teknologiko barriak.

Horretatik danetik aparte, Durango aspaldiko lagunen topalekua be bada. Atxakia izaten da askorentzat alkar topetako. Eta atxakia horrek euskalgintzan be eragina dauka. Geografiari jagokonean be, nahikoa erdibidean dago Durango.

6.- Aurtengo gaia zentsurea da. Zergaitik?

Zentsura nagusi zan garaietan sortu zan Gerediaga Elkartea eta zentsura nagusi zanean sortu eban Gerediagak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea. Zoritxarrez, gaur egun oraindino be zentsuraz berba egiten dogu. Eta ez Euskal Herrian bakarrik, zentsura adibideak mundu osoan topauko doguz. Sorkuntzeari kalte haundia egiten deutso zentsureak eta uste dogu gaiak merezi dauela aztertzea.

Alde askotatik aztertuko dogu eta mahainguru eta berbaldiak hainbat izango dira gaiaren inguruan. Eleizearen eta zentsurearen arteko hartu-emonak Angel Mari Unzuetak aztertuko ditu, Komunikabideetako zentsurearen ganean mahaingurua izango da, Renoko liburutegiak hemengo zentsura gogorrenaren garaietan jokatu eban paper garrantzitsuaz jardungo dau Joseba Zulaikak, Euskal Herriko musika taldeek gaur egun be zentsurak zipriztinduta egiten dabe euren sorkuntzea. Horretaz Fermin Muguruzak badauka zer kontau eta bertsolaritzan be zentsura urteak zelakoak izan ziran Xabier Paiak kontauko deuskuz. Aitatutako kontuez gan, zentsura frankistearen irakurketa gaurkotua eskainiko deusku Joan Mari Torrealdaik inaugurazino ekitaldian emongo dauen sarrera-berbaldian.

7.- Zein da azoka egunetako Haur Literatura aretoaren helburua?

Azokeak beste 40 urte iraungo baditu, gaurko gaztetxuen laguntzinoa eta parte-hartzea ezinbestekoak izango doguz. Gaztetxuak irakurzaletasunera bultzatu behar doguz eta uste dogu azokea lako ingurua egokia dala horretarako. Baina umeentzako edo gaztetxoentzako modu erakargarrian egin behar izaten dira holakoak. Eta azokeak berak ez dau horretarako emoten. Horregaitik, leku berezia egokitzen da gaztetxuentzako, eurentzako erakargarria izango dan itxureagaz, eta euren gustukoak izango diran ekintzakaz. Horretan Berbaro Elkartearen laguntzinoa ezinbestekoa da. Eskarmentu handia daukie arlo horretan eta eskertzekoa da euren lana eta egitekoa.

8.- Landako gunea txiki geratu da daborduko. Datozan urteotarako zeozer pentsau dozue?

Lehenengo itaunean esan dodaneren haritik, Landako gunea izaten doguzan eskari guztientzat txiki geratu da, baina urterik urte txiki geratuko litzake, nahiz eta erakustazokea handiagoa izan. Erakustazokeak muga batzuk daukaz eta muga horreetara moldatu behar gara. Beste kontu bat da, eta hori sakon aztertzeko gauzea izan daiteke aurrera begira, antolaketan zer egin daiteken, eskari barri horreei erantzuteko Azokearen eskaintzan eragin handirik izan barik.

Bizkaie!

Orain dala 26 urte hartu eban Jon Irazabalek Durangoko Euskal Liburu eta DIsko Azokearen ardurea. Ordutik, lanean gogor jardun dau abendua heldu orduko eta azokeak iraun bitartean. Tartetxua atara dau gure itaunei erantzuteko eta azokearen nondik-norakoen ganean berba egiteko.

1.- Gerediaga Alkartea sortu zala 40 urte dira. Berrogeigarren edizinoa zenbaki biribila da. Azokeak goia jo dauela pentsetan dozu?

Goia jotea ikuspuntu kuantitatibotik erantzunda, baietz erantzungo neuskizu. Landako Erakustazokea leku duina da antolatzen dogun Azokarako baina bere mugak ditu. Leku duin horrek dituan mugetara moldatu behar gara, nahikoa dirala be uste dogulako.

Baina, alde kualitatibotik erantzun ezkero, goia jo dauenik ez neuke esango. Uste dot datozan urteotarako Gerediaga Elkarteak erronka handia eta neurri berean polita be badaukala, behin espazio duin bat lortuta, azoka profesional eta herrikoi sendo bat antolatzeko.

2.- Ze gorabehera nabarmenduko zeunke Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen historian?

Gauza asko egon daiteke nabarmentzeko. Baina hasierak ez neukez ahaztuko. Akaso gaur egungo askok, batez be gazteenek, irudikatu be ezin leikie egin sasoi batean holako azokea antolatzea zer zan. Horretarako ausardia izan ebenek zelakoak pasau behar izan ebezan. Sasoiko erregimen gogorrari aurre egin eta euskerea, euskal produzinoak zein euskal kulturea bultzatzen eban ekintza ha borondatez antolatzeari ekin eutsen. Hori inportantea da azpimarratzea. Borondatez egin dala urte askotan lan azokan. Gaur egun be, borondatez Azokeak aurrera urten dagian laguntzen dabenen kopurua handia da. Hor Gerediaga Elkarteko bazkideak ez neukez ahaztu gura.

Azokea euskeraz egiten ziran liburu eta diskoen zabalkunderako sortu zan. Eta baita be, euskal gaien ganeko produkzinoak bultzatzeko. Askotan ahaztu egiten da azokearen sorreratik izan zan filosofia. Eta 40 urtez hori defendidu eta horregaz aurrera egiteak badau meritua.

3.- Zein izan dira momentu gozoena eta zein garratzena edo txarrena?

Momentu gozoenak urtero urtero hilebete batzuetan antolaketa lanak egiten ibili eta antolatutakoari erantzunez Durangora milaka lagun etorten ikustea, hori izaten da momentu gozoenetako bat.

Momentu garratzak eta txarrak be izaten dira. Baina horrek ahaztutea izaten da batzuetan onena. Dana dala, eta aurtengo azokarako aukeratu dogun gaiagaz lotuta: 1975. urteko Azoka bertan behera geratzeko arriskuan egon zan. Zentsuratzekotan. Orduko gobernadore zibilak, Azokea antolatzen ebizanak ‘gorri separatista’ batzuk zirala esan eta galarazoteko agindua emon eban. Baina sasoian ministroa zan Marcelino Oreja inaugurazino ekitaldira gonbidauta egoan. Bien arteko tira-birea izan zan. Azkenean, ez zan Azoka galarazo, baina Marcelino Oreja be ez zan inaugurazino ekitaldian agertu.