Panda Software eta Josu de Lapatzarentzat Ingenia 2005 Sariak
Bizkaie!
Bilboko Ingeniari Eskola FundazinoaK urtero banatzen ditu Euskadiko Ingenia Sariak eta aurten Panda Software segurtasun informatikoko enpreseak eta Josu de Lapatza injineruak, Amurrio Ferrocarril enpresako lehendakariak, eta gaur egun, Arabako Merkataritza Ganberakoaak jaso dabez. Sari banaketa ekitaldia Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolako Areto Nagusian izan zan orain egun batzuk eta industria eta ahezkuntza alorretako persona ospetsuak izan ziran, besteak beste, EHUko errektore Juan Ignacio Pérez, Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailburu Tontxu Campos, Luis Herrando, Bilboko Ingeniari Eskola Fundazinoko Lehendakaria eta Enrique Amezua, Bilboko Ingeniari Eskola Fundazinoko Zuzendaria.
Ingenia Sarien laugarren banaketea da — Idom eta Santiago de Ybarra (2002); Iberinco eta Luis Cañada Vicinay (2003); eta Sener eta Juan Celaya (2004) izan dira aurrekoetan sarituak—. Bilboko Ingeniari Eskola Fundazinoak abian jarritako ekimen handia da eta helburu nagusia ingeniaritzeagaz lotutako persona, lan talde, enpresa eta erakundeei egin daben lan profesional eta gizatiarra autortzea da.
Urtero banatzen diran sari horreen epaimahaian ondokoak egon dira: Juan Ignacio Pérez, EHUko Errektorea; Luis Herrando, Bilboko Ingeniari Eskola Fundazinoko Lehendakaria; Agustín Iturriaga, Bizkaiko Industri Ingeniarien Eskolako dekanoa; eskolako zuzendari ohi Ricardo Álvarez Isasi, Juan Andrés Legarreta eta Javier Muniozguren; eta gaur egungo zuzendari Enrique Amezua.
Sariak bi motatakoak izan daitekez: alde batetik, Ingenia Saria Obra batengaitik. Persona, lan talde, enpresa edo erakundeei emoten jake, euren sorkuntza edo ikerketa lanak ekarpen garrantzitsua egin dauenean ingeniaritza alorrean. Beste aldetik, Ingenia Saria Ibilbide Profesionalagaitik. Persona, lan talde, enpresa edo erakundeei emoten jake, ingeniaritza arloan egindako lanak ingeniaritzea garatzen eta zabaltzen lagundu dauenean.
Sarituak
Ingenia Saria Obra batengaitik PANDA SOFTWAREri emon jako, segurtasun informatikoaren arloko munduko enpresa nagusietakoari, hain zuzen. Bilbon sortu zan 1990ean eta bere enpresa jarduerea segurtasuneko konponbide integratuak garatu eta emotean datza, era guztietako birus, espioi programa, zabor posta eta Interneteko beste hainbat mehatxuri aurre egiteko.
Espainiako merkatuko buru 1995etik, Panda nazinoartera zabaltzen hasi zan 1996an, eta egun munduko 200 herrialde baino gehiagotan merkaturatzen ditu produktu eta zerbitzuak. Mikel Urizarbarrenak zuzendutako enpresak Bilbon eta Madrilen ditu bulego nagusiak, 3 filialeko sarea dauka Estadu Batuetan, Espainian eta Frantzian, eta horrezaz ganera, enpresa bat dauka Txinan eta frankizia esklusiboak 46 herrialdetan. Enpresa aitzindaria da segurtasun teknologiak, produktuak eta zerbitzuak garatzen eta prestakuntza nahiz esperientzia handiko 1.000 profesionalek baino gehiagok osotzen dabe plantilea.
Beste saria —Ingenia Saria Ibilbide Profesionalagaitik— JOSU DE LAPATZAri emon deutse, izan be, lan profesional handia egin dau meatze-injinerua izan dan 40 urteetan eta Amurrio Ferrocarrileko lehendakari izan danean, 40 herrialde baino gehiagotan parte hartu dau eta trenbide lineak eregiten. Horrezaz ganera, Josu de Lapatza Arabako Merkataritza Ganberako lehendakari da 1998tik, Arabako Enpresa Sindikatuko (SEA) lehendakari kargua hartu eban zazpi urtez eta Confebaskeko lehendakariorde izan da.
Josu de Lapatza Urbiola Areetan (Bizkaian) jaio zan 1935eko zezeilaren 8an. Madrileko Meatzaritza Goi Eskola Teknikoan graduau ondoren, petrolio findegiak eregiteagaz lotutako hainbat ingeniaritza lanetan ibili zan urtetan. Gerora, Talleres de Amurrioko parte bihurtu zan eta Zuzendari Nagusi izentau eben 1974an. Azkenik, 'Amurrio Ferrocarril y Equiposen' hasi zan lanean, eta orain bertako lehendakari da. Bi enpresek trenbide materiala, ekipamendu ondasunak eta altzairu urtua fabriketan dabe. Josu de Lapatzak hainbat gauza eregiten jardun dau: trenbide lineak 40 herrialde baino gehiagotan; metroak Bilbon, Madrilen, Buenos Airesen, Montrealen eta Alexandrian; tranbiak Valentzian, Bartzelonan, Coruñan eta Alacanten, baita abiadura azkarreko hainbat bide zati be Espainian. Ingeniari bizkaitarrak aldi berean daroaz enpresa jarduera etenik bakoa eta Euskal Gastronomia Akademian daukan lehendakariorde kargua.
Rosemarie Enrich eskultore eta EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakaslearen obra batek sinbolizauko dau epaimahaiak sarituakanako esker ona, ekarpen garrantzitsua egin deutse eta ingeniaritzeari.