Bertsotan  IV. urtea // 138. zenbakia

Sabino Arana Kultur Elkargoak Bertso-Paper Lehiaketearen III. edizinoa abiarazo dau


Bizkaie!

Sabino Arana Kultur Elkargoak Bertso-Paper Lehiaketaren III.edizinoa jarri dau martxan. Sariketa Lehen Hezkuntzako bigarren zikloan edo DBHko laugarren mailan ikasten dabizen Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko eskola-umeei dago zuzenduta.

Ekimen honen bitartez, Sabino Arana Kultur Elkargoaren asmoa gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzea eta bultzatzea da, eurengan bertso-zaletasuna, euskal kulturako tradizinorik herrikoienetako bat sustatzeaz batera.

Lehiaketearen arauak dagoeneko bialduta dagoz ikastetxe guztietara, pribatuetara zein publikoetara, eta, igaz lez, lau kategoria jasoten dabez, antolakuntzako iturriek prentsa-ohar bidez jakinarazo dabenez.

Horrenbestez, A (Lehen Hezkuntzako 2. zikloa) eta B (hirugarren zikloa) kategorietako parte-hartzaileek hurrengo gai honeetako bat aukeratu leikie: "Etxeko txakurra gaixotu egin da"; "Osabak egunkaria erosteko dirua eman dizu eta eskupekoa gainera. Kioskora heldu baino lehen, zeuretzako zerbait erosi duzu eta orain egunkaria erosteko beste ez daukazu"; edo "Hiru eguneko irteera egin duzu gelako lagunekin batera. Oso pozik zatoz etxeera bueltan. Kontatu egonaldia".

A kategorian parte hartzen dabenek, gitxienez, bina bertso edo bina kopla idatzi behar dabez; B kategoriakoek, barriz, gutxienez bina bertso eta gehienez launa.

C (DBHko 1.a eta 2.a) eta D (DBHko 3.a eta 4.a) kategorietako gaia hurrengo honeen artean aukeratu beharko da: "Oso sarri agertzen hasi zara komunikabideetan. Zein izan da zure arrakasta bidea?"; "Etxean zaudela, eskale batek zure etxeko txirrina jo du dirua eskatzen. Atea ireki duzu"; edo "Hurrengo oporraldiari begira, gurasoek berriro ere bidaia kulturala antolatzeko asmoa dute, baina, erabaki aurretik, zure iritzia jakin nahi dute".

C kategoriako parte-hartzaileek, gitxienez, hiruna bertso eta gehienez bosna idatzi beharko dabez; eta D kategorian, aldiz, launa gitxienez eta seina gehienez.

Lanak Sabino Arana Kultur Elkargoan bertan emon edo postaz bialdu beharko dira 2006ko urtarrilaren 16a baino lehen. Kultur Elkargoak berak epaimahai bat aukeratu dau eta harek erabagiko dau bere ustez onenak zeintzuk diran. Erabagia 2006ko apirilaren 28an jakinarazoko da.

Kategoria bakotxeko lehenengoak, bigarrenak eta hirugarrenak lortuko daben saria, beste persona bigaz Valentziako Arte eta Zientzien Hirira eta Terra Mítica Gaikako Parkera joateko bidaia bana izango da.