Kulturea  II. urtea // 19. zenbakia - 2003ko zezeilaren 1a

Mikel Markez: 'musikea birtuosismoaren esparrura makurrarazo da eta musikea ez da hori, komuniketako gaitasuna baino'


7. Martian Abiadura handiko urte baten kronikea amaitu eta disko barria preparetan hasiko zara. Bakarlari legez gaztetan hasitako ibilbideari agur esatea erabagi zenduan orain urte batzuk. Zerk eraginda sartzen zara barriro saltsa honetan?

Nik ez dot uste bateren batek esan leikenik, orain kantari izateari itxiko deutsat eta orain barriro kantaria naz. Ni kantaria edo hobe, kantugilea zeozer esateko daukadan bitartean izango naz. Espero dot akabetan nazan arte gogo horri eustea. Arnasa behar neban, norentzako, zergaitik eta zertarako nenbilen hausnartu behar neban eta orain inoiz baino indartsuago sentiduten naz.

8. Luzaroan isilik egon ondoren, gauza asko izango dozuz esateko. Disko barria aurrekoen haritik etorriko da? Zelako gai eta doinuak erabiliko dozuz?

Disko barria zuzenagoa izango da. Musikari laguntzaile gitxiago eta kitarra eta ahots gehiago. Ia-ia beharrezkoa dana bakarrik. Dudarik barik testuak izango dira garrantzitsuena.

9. Zeozelan musikatik aparte egon zaran tarte horretan, zelan ikusi dozuz euskal musikagintzea eta musikariak eurak?

Sortzaile aldetik munduko beste edozein herri legez gagoz. Danetarik dogu. Telebistearen ondorioz, euskal kantuak kantu 'kastellanoen' aurrean terreno asko galdu dauela pentsetan dot. Giro abertzale erradikalenetan be erderaz egindako musikea gehiago maite dabe nahiz eta kalidadearen aldetik euskeraz egiten dana baino eskasagoa izan. Nik ez dot esaten kantari bat euskalduna dalako derrigor edo militantziaz babestu behar danik baina ez nago ados pulizidade 'matxake' horren bidez derrigor sartzen deuskuen horregaz. Emoten dau libre izateak neke handiak ekarten deutsozala 2003 urteko Euskal Herriari.

10. Euskal musikagintzan dinosauro batzuk badabilz oraindino beharrean. Mikel Markezek non ikusten dau bere burua 20 urte barru?

Herriz herri eta kantuan. Elementu asko batzen dira artista baten arrakastearen sekretuan. Kantu onak egitea, babestuko zaituen ingurune bat izatea eta egunkarietan oihartzuna lortzeko gaitasuna...

11. Zelako musikea entzuten dau gaur egun Mikel Markezek?

Danetarik. Herri Irratian saio bat egiten dodanez, estilo guztietako diskoak heltzen dira eta nik entzun eta aztertu egiten dodaz. Kanpoko musikeari be adi egoten naz baina Euskal Herrian egiten danak beteten dau gehienbat neure jakinmina.

Koldo Isusi Zuazo

Mikel Markez orain 32 urte jaio zan Errenterian. Gitarrea joten eta kantuak egiten 15-16 urtegaz hasi zan eta 1988an, 17gaz kantau eban lehenengoz jentaurrean. Sei disko grabau ditu oraingoz eta atsedenaldi luze baten ondoren, irailerako edo disko berezia kaleratuko ei dau. Gaur egun, Herri Irratian Oroimeneko Portua irrati saioa aurkeztu eta zuzentzen dau eta, Pako Aristigaz batera, buru-belarri dabil 'Abiadura handiko urte baten kronikea kontuan eta kantuan' ikuskizuna aurkezten.

1. Kantuan urteak egin dozuz baina beste musikari batzuekaz kolaboretan, euskal kantu herrikoien ganeko ikastaroak emoten, trikitixa elkartean eta Herri Irratian beharrean zabilz. Geldi egoten ez dakien horreetarikoa zara?

Egia da bai ez ginala etxean gelditzeko jaio. Esan dozuzan horreek eta gehiago be egin ditut baina gaur egun irratian eta kantuan nabil beste guztiak bazterrean lagata. Arnasa behar neban eta hartu dodanez, barriro be kantura, horixe dalako benetan gehien interesetan jatana.

2. Pako Aristigaz batera, orain hiru bat urte 'Tribuaren hitz galduak' ikuskizuna eskaini zenduen 65 herritan eta orain martira arte jarraituko dozue 'Abiadura handiko urte baten, 2002 urtearen kronikea' egiten. Zelako ikuskizuna da hau?

Osogai asko ditu: samurtasuna, salaketea, teoria eta erreflexino edo gogoeta potoloak eta, bestalde, umorea, ironia eta 'deskojono' totala; Pakok teklak, flautea, armonikea eta gaiteagaz laguntzen ditu nire kantuak eta nik be parte hartzen dot emonaldiaren bizkarrazurra dan gidoian. Azken finean, kantau eta kontau gura doguna kantetako eta kontetako atxakia besterik ez da.

3. Abiadurea aitatzen dozue izenburuan eta egia da 2002 urtea konturatu barik joan jaku, abiada bizian; zurrunbiloan jausi eta gauza txiki eta egunerokoakaz disfrutetan ahaztu jaku beharbada?

Hori da emonaldi honetan egiten dan gogoeta nagusia. Barri txikietatik abiatzen gara. Albiste handiak, titularrak hartzen dituen horreek topikoz puztuta azaltzen jakuz gehienetan. Barri txikiak, txoko batean publiketan diranak, horreek normalean gizarteari buruz pista gehiago emoten ditue. Beste alde batetik, abiadura motelean doazen trenak gustetan jakuz, abiadura handiko trenaren helburu bakarra uri batetik bestera ahalik eta azkarren joatea da eta guri apeaderoak, geralekuak, herri txikietako geltokiak interesetan jakuz. Paisajea eta inguruneak ikusiz egin gura dogun bidaia da.

4. Kronika horretan, urteko albisteak umore eta ironia puntuagaz antzesten dozuez. Grazibako munduan bizi gara?

Ez, ez... Euskal Herrian umorerako jokera handia dogu. Ni neu martitzenero Aiako mutil zaharrakaz afaltzen joaten naz eta afariko ingredienterik inportanteena umorea eta ironia dira, adarjotea... Baina, jakina, grazia handiegirik egiten ez deuskuen gauzak be badagoz mundu honetan eta horren ganean barre egitea lortzen badogu mundua konpontzeko beharraren erdia eginda izango dogu.

5. Ikuskizunean zerk dauka pisu gehiago testuak ala musikeak? Inprobisazinoak badauka lekurik?

Testuak dudarik barik. Gurea ez da apustu estetiko musikal bat. Musika emonaldi honetan atxakia bat da, bide emoten deusku gura doguna kantetako. Ez Pako eta ez ni ez gara oso instrumentista trebeak eta hori be erreibindikau gura dogu. Azken urteotan, musikea birtuosismoaren esparrura makurrarazo da eta musikea ez da hori, musikea komuniketako gaitasuna da jotzailearen muga eta guzti.

6. Formula honen arrakastea ikusita, ikuskizun barriak preparetako asmorik badozue?

Ez. Emonaldi honek iraungitze data garbi bat dauka eta ondoren bakotxa bere gauzetara barriro be. Pako liburu bat idazten dago eta nik disko barri bat argitaratu gura dot aurten.