Abenduaren 2an 'Pailazokeriak' Txirri, Mirri eta Txiribitonen pelikulea estreinauko da
Bizkaie!
Imanol Zinkunegi zuzendari gaztearen eskutik, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazo ezagunak marrazki bizidun bihurtuko dira lehen aldiz film luzean eta mundua salbetako abentura harrigarri batean murgilduko dira.
'Pailazokeriak' izeneko haurrentzako animazinozko pelikula hau abenduaren 2tik aurrera Euskal Herriko zinema aretoetan egongo da ikusgai.
Txirri, Mirri eta Txiribiton euskal pailazo ezagunak dira 'Pailazokeriak' filmaren protagonistak. Ipar eta Hego Poloak urtzen ari dira, eta itsas azpian Lady Kontrol zitalaren aginduetara dagozan errobot maltzurrak sarraski ikaragarria egiten ari dira. Hiru pailazoak itsas azpiko animalia harrigarri batzuen laguntzaz Lady Kontrol krudelaren asmoak zapuzteko prest dagoz.
Imanol Zinkunegi azpeitiarraren lehen filma da zuzendari moduan, urte asko ibili bada be animazino munduan lanean. Joxan Muñoz eta Juanba Berasategik idatzi dabe gidoia eta musikea Joserra Senperena musikari donostiarrarena da.
Bikoizketa aktoreak pailazoak eurak izan dira, Xabier Otaegi (Txirri) eta Jose Ignazio Ansorena (Mirri). Halan da be, beste aktore askok be parte hartu dabe filmean, Kontxu Odriozola, Xabier Hormaza eta Iñaki Beraetxe adibidez. Danetara, ehun profesional inguruk lan egin dabe Euskal Herrian euskera hutsean emongo dan pelikula honetan. Aste Santu garaian beste bersinoetan banatuko da estadu mailan. Pelikulea LOTURA FILMS produktorak ekoiztu dau, Puxtarri, ETB eta ICAAren laguntzinoagaz eta 'Hordago Film Distribution' enpresa euskaldunak banatuko dau Euskal Herri mailan.
Gorago esandako moduan, estreinaldi ofiziala abenduaren 2an izango bada be, aurretik zemendiaren 27an aurre-estreinaldia izan zan Donostiako Kursaalean. Bertan, 'Pailazokeriak' pelikulan parte hartu daben guztiak batuko dira, Txirri, Mirri eta Txiribitonegaz batera eta haur saharauiak be bai. Ganera, Hordago banaketa enpresearen eskutik, pelikuleagaz batutako diru kopuruaren parte bat 'Saharan Poz' kanpaineari laguntzeko izango da. Euskadiko Saharako Lagunen Elkarteak lurralde horretako haurrak laguntzeko bideratuko dau kopuru hori eta komunikazinoaren eta ikus-entzunezkoen alorrean hobekuntzak egingo ditu. Beraz, zine sarrera bakotxetik parte bat Saharako haurrak laguntzeko bideratuko da alkarte horren bitartez.