Zuhaitz Larrinaga: errazena horixe da, besteei errua botatea!!!
Mondragon Unibersidadean ingeniaritzea ikasi dau Zuhaitz Larrinagak. Goi ikasketak egiten Tolosara (Frantzia) joan da. Azkenaldion matxinadea azaleratu da Frantziako hainbat uritan, Tolosan, besteak beste. Halanda ze, Zuhaitzengana jo dogu jazo danaren ganean jarduteko.
1.- Urriaren 27an Clichy-sois-Bois herrian 15 eta 17 urteko nerabeak elektrokutauta hil ziran poliziengandik igesi ebilzala. Ordutik Pariseko inguruko herrietan gauero istiluak sortu izan dira. Gitxika beste uri batzuetara zabaldu da, Tolosara, esaterako. Zelan ikusi dozu istiluen prozesua Pariseko inguruetatik Tolosara zabaldu dan arte?
Hasiera baten zuen antzera jarraitu dogu, telebista, irrati eta prentsa bidez. Tolosan, barriz, zemendiaren 5era arte, zapatua, ez zan ezelako istilurik izan, nik dakidala. Zapatu gau horretan, barriz, 50 bat kotxe... erre ebezan. Tolosan istiluak jazo diran auzo guztiak inguruan dagoz, Tolosako hego-mendebaldean. Reynerie, Mirail, Empalot... dira auzuneak.
Zemendiaren 7an, martitzena, autobus gidariek grebea egin eben, beren lankide bat jipoitu ebelakoan. Egun horretan igarri zan, bai zeozer pasetan zala. Normalean jente asko bizikletan ibilten bada, egun horretan danak. Harrezkero autobus linea batzuk bidez aldatu dabez, beste batzuk arratsaldeko 5:30etan amaitzen dira, gauean amaitu beharrean. Metro geltoki bat, Mirailekoa, zarratuta egon da sua emoten ahalegindu diralako...
Ia-ia zuen antzera jaso doguz barriak. Lehenengo egunetan Gaur Egun eta Teleberri ondoren hasten zan telefonoa joten gure etxean. Etxeko zein lagun danak arduratuta, zer moduz ginan galdezka. Gu, barriz, etxeko epelean ezer ikusi barik!! Istiluak auzo zehatz batzuetan bakarrik izan dira. Kontuan hartu behar da Tolosa Frantziako laugarren uriburua dala eta uriak berak eremu zabal bat hartzen dauela.
Zure galdereagaz jarraituta, esango deutsut ez nebala honaino heltzerik espero. Arrazoia garbia da. Ez dot horrenbeste ezagutzen auzo honetako benetako egoerea. Garbi dago, orain niretzako, arazo sakon bat dagoala. Ez da egun batetik bestera holako ondorioak dituan egoera bat sortzen. Subertea izan da niretzako mundu osoko jente asko ezagutzea, gehienak, danak ez esatearren, ikaskideak. Baina atzerritar horreek ez dira 'pobreak'. Batzuk beren herrialdetako gobernuen bekak daukiez (nahiko neuke neretako be holako beka bat) eta beste batzuk oso aberatsak dira.
2.- Istiluak jazo diran eremutik urrun bizi zara?
Ni St Agnen bizi naiz. Istilu garrantzitsuenak izan diran auzoetatik, Mirail, Reynerietik.. urrun bizi naiz, bai, baina Empalot ondoan daukagu. Ganerako auzoak bizikletaz 15-20 minutura dagoz. Empalot bertan dago baina ez gara egunero bertatik pasetan, astean behin erosketa garratzitsuena egiteko baino ez.
3.- Eta bizi ziren auzoan zeozer pasau da?
Gure auzoan ez. Empalot auzotik gertu bizi izan arren, ez dogu ezer ikusi. Ganera erosketak bertan, Empaloten, egiten doguz. Auzo honetan bizi diran lagunak daukaguz eta eurak ikusi dabe kotxeren bat erreten, poliziakaz aurrez aurre alkarri gauzak botaten… Edozelan be, Nantesen egun batzuk pasau dodaz eta bertoko lagunek be ezer berezirik ez dabela ikusi esan deuste.
4.- Egon izan zara etorkinak, euren seme-alabak eta ilobak bizi diran auzoetan?
Ba bai, inguru horeetatik pasau izan naz baina sakoneko egoerearen barri ezin deutsut emon. Lehen aldiz etorri ginanean, frantsesezko ikastaroa Miraileko unibersidadean geunkan. Zelakoak diran auzoak? Patroi bardineko etxe multzoak. Tolosan etxe gehienak solairu bajukoak dira, adreilu gorrizkoak; aldiz, auzune horreetan, oso altuak izan barik, 8 solairuko pisuak dagoz. Ganerakoan, altuenak 4 solairu ditu. Euskal Herriko herri askotan diran antzeko etxeak dira, Bergaran behinik behin badira. Langile auzoak.
5.- Berba gogorrak erabili izan dabez gobernuko kideek. Istiluak sortu dabezanak jendilajea eta zitalak dirala esan izan dau Sarkozyk. Orain arte, atxiloketak, etxeratze aginduak eta polizien bidea erabili dabez. Unibertsidadeko ikasleen artean, zer eretxi dago horren inguruan?
Halaxe da bai, neurri oso gogorrak hartu dabez. Nahi baino gitxiago egin dot berba bertako jenteagaz, frantsesakaz. Nere ikaskideen artean % 50 baino gitxiago dira frantsesak, eta, egia esan, hartu-emon gehiago daukadaz atzerritarrakaz. Hemen oso jente gitxi 'bustiten' da honako edo holako eretxiak emoten. Dana dala, esango neuke gobernuak egoerea ondo aprobetxauko dauela nahi beste jente atxilotzeko, kanporaketak egiteko... Ganera, zeozelan kultura eta erlijino bati bota deutse errua, zuzenean izan ez arren. Neretzat garbi dagoana da hau ez dala arazo ez erlijioso eta ez kulturala, soziala baino!! Errazena horixe da, besteei errua botatea!!!
Bien bitartean, istiluak baretu egin dira baina segurtasun legeak gogortu egin ditu Frantziako Gobernuak.
Iratxe Ormatza