Euskerearen pelikulea
Xabier Paia
Sekula ez dot pelikularik ikusi katalanez, ezta Katalunian be, baina kontau deustienaren arabera, Estatutaren lurraldean zinema katalanez asko ikusten da. Gurean, ostera, zer esan behar dogu ba: euskeratzen diran pelikulak umeentzat izaten dira batez be, film luze eta laburrak normalizazino barik bizi diralako Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Iparraldean eta Euskal Herrian. Edozelan be, badira langintza horretan be aurrerantza pausuak emon gura dabezanak. Esate baterako, Tinko Euskera Elkarteak, Donostiako Warner zinema aretoakaz alkarlanean, datozen Egubarri jaiei begira gaztetxoenei zuzendutako euskerazko lau filmen estreinaldia programau dau. Lehendabizikoa joan dan zemendiaren 20tik dago ikusgai, eta besteak ondorengo astegoienetan estreinauko dira. Esandako lez, umeak dira euskal ekimen gehienen inbersinorik seguruena. Txalo barik ez daigun itxi ahalegina, ostera.
Izan be, gabonak parajetu ahala, umeei zuzendutako pelikulek gora egin dabe eta gorakadea nabarmena izaten da urtero zinematokietan. Aurten be holan izango da. Eta urtero legez, zelan ez, Disney eta antzeko ekoiztetxe erraldoien pelikulak izango dira zabalkunde eta marketing kanpaina handienak eukiko dabezanak. Multinazionalen pareko promozino kanpainak egitea ezinezkoa da euskal bersinoentzat, eta filmak karteldegian mantentzeko gitxieneko ikusle kopurua beharrezkoa dala kontuan hartuta, ekimenaren bultzatzaileen arabera, beste neurri batzuk hartu behar dira ikuslegoa euskerazko pelikuletara erakarteko.
Azaldu dabenez, pelikulen kalidadea da lehendabizikoa. Gero prezioa be kontuan hartzekoa da: emonaldi arruntak baino merkeago izango dira lau pelikula horreenak. Sarrerak ikusleen eguneko prezioan salduko dira, lau eurotan.
Egia esan, neurri horreek oso ondo dagoz produktu desbardinek merkatu berean, egoera normal batean lehiatu behar dabenerako. Ostera, euskerazko pelikulei ordutegi, prezio edo baldintza bereziak jartzen bajakez, emoitzea ez da hain erakargarria izango. Azken batean, umeek Harry Potter gura dabelako eta ez Larry Trotter. Beste era batera esanda, umeen hizkuntzea edozein dala, euren elementu erakargarrien eskaparatea ez da aldatzen, eta ez dabe aldarazoko hizkuntza batengaitik.
Badakit proposatuko dodan konponbidea gatxa dala, baina ezinezkoa ez da gero: neure ustez, inbersino handi-handia egin beharko litzateke. Merkatuaren hipotesiak aldez aurretik kontuan hartuta, pelikula “lehiatileroenak” aukeratu eta horreen bikoizketea egitea, ondo, eta ahal dala, Michael Douglasen ahotsa beste aktore birenean jarri barik.
Esaterako, joan dan barikuan Harry Potter eta suzko kaliza estreinau zan zineman. Horren euskerazko baliokidea egon izan balitz hasikeratik eta erderazkoagaz batera, jente askok euskerazko bersinoa ikusiko leuke. Eta emoten dau neure berba gogokoena dala normalizazino berbea, baina zinemetan daukagun hutsunea bete artean, han be nekez gailenduko jako euskerea erdereari; edo sikeran bardindu.
Krispetek zapore erdalduna daukie.