Bertsotan  IV. urtea // 138. zenbakia

Bat-bateko bertsoaren bat-bateko epaia (eta II)


Epailetza beti eztabaidagai

Epaitzeko erispideak zehaztea ez da baina egin beharreko guztia. Epaitu personek epaitzen dabe, ez papelak, eta bat-bateko bertsoaren pertzepzinoan subjektibotasunak daukan inertzia ikusita, epaile izango diran personen aukeraketea ez da dona dona erabagitekoa. Bertsozale eskolatua izan da beti epailea. Orain aditua izatea eskatzen jako, entzule kualifikatua: bertsoaren teknikea eta bertsogintzearen testuingurua ezagutu behar dauz. Ez jako eskatzen bertsotan aritua izatea, ez behintzat maila jakin batean. Badira honegaz guztiz ados ez dagozan bertsozale eta bertsolariak be, eta arrazoi moduan erabilten dabe bertsoaren teknikea ezagutzeak ezinbesteko hartu-emonak daukazala bertsoa botateko prozesua bizi izanagaz. ‘Bertsogintzaz nik baino askosaz gitxiago dakien batek epaituko dauz nire bertsoak’. Bertsolariren bati entzundakoa. Egia da aritutakoa izanda be, persona gitxi topauko doguzala bertsogintzearen barruko prozesu horretaz Txapelketa Nagusiko finalistek baino gehiago dakienik. Entzule kualifikatuaren perfilagaz geratu gaitezan. Bertsotan ez dakit, baina epailetzan arituak izatea bai eskatu behar jake. Eta gaur egun hori bermatuta dago. 93ko Txapelketa Nagusiaren ostean epaile taldea egonkortu egin zan eta lanean jarraitu dau, erispideak zehazten eta taldearen trebakuntzan. 1996an Bertsozale Elkarteak epaile barriak trebatzeko ikastaroa antolatu eban. Gaur egun epaile talde zabal bat dago, alkarregaz entrenamendu edo lanketa teknikoa egiten dabez, eta herrialdetako txapelketetako epaileak be talde zabal horretatik urtetan dabe. Bertsoak modu zuzenean epaitzeko bermea, beraz, bi zutaberen ganean jarrita dago: epaitzeko erispideak eta epailetzarako ondo preparautako jentea.

Gatxa da halandabe. Lana ondo egiteko bermea egon arren, txapelketako saioa amaituta beti sortuko dau zalantzaren bat epaileen sententziak. Txapelketearen ezaugarrietako bat da hori. Aurten be holan pasau da. Unairen bakarkakoa gehiago saritu behar zala, Markinan puntu gehiegi banatu ete ziran, urliak berendiaren aurretik behar ebala, zer egin ete dauen besteak hain puntu gitxigaz amaitzeko. Lagun bati entzundakoa: 'alperreko eztabaidea be bada puntuena; galdera asko sortzen da puntuen inguruan, baina ez dauz inork erantzuten'. Eta erantzun beharrik be ez dago. Epaileek bere lana egin behar dabe, ahalik eta zorrotzen, subjektibotasunak daukan garrantzia onartuta, baina bertsolari guztiakaz erispide berak erabilita. Saritu beharrekoak sarituta, akatsak zigortuta, eta azken honeek erlatibizau behar badira be, guztiakaz antzera jokatzea. Ez dago beste modurik. Epaile batek hizkuntzearen egokitasuna epaituko dau gehiago, beste batek argudioen sinisgarritasuna, baina azkenean, bataz beste, zuzen epaitua izango da bertsoa. Horregaitik dagoz zazpi epaile Txapelketa Nagusian. Dana bakar batek ondo egingo baleu, epaile bakarra izango geunke. Eta ez ahaztu bat-batean epaitu behar dala bat-bateko bertsoa. Beharrezkoa da persona desbardinek egitea hori lanori, suertau leitekezan injustizia txikiek epaien batuketan indarra galdu dagien. Niri konfiantza nahikoa emoten deust epaile talde bat alkarregaz trebatu dala jakiteak.


Iñaki Aurrekoetxea

Azkeneko aldian ibili nintzan txapelketetako epailetzaz. Bertsozale Elkartea sortu aurreko eta osteko garaia gogoratu genduan, eta zelan 89ko Txapelketa Nagusirako lehenengo aldiz idatzi ziran epailetzarako erispide nagusiak. Gerora, orduko lana osotzen joan da, eta urterik urte orientabide nagusien ganean erispideak zehazteko ahalegina egin dau Bertsozale Elkarteak. Epailetza lanak lehiaketeagaz daukan lotura estua dala-ta, Txapelketa Nagusien aurretik erispideak orraztu eta txukun emon dira ezagutzera. Azkenengoz, aurten, Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak: 2005eko Txapelketa Nagusia emon dau argitara Txapelketako epaile taldeak.

Azken urteotan eragin handia izan dau doktore tesi batek bat-bateko bertsoak epaitzeko erispideetan. Joxerra Gartziaren tesiaz ari naz. 2000. urtean aurkeztu eban Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak doktore tesia, eta iraultza bat suposatu dau bertsogintzea ulertzeko moduan. Bertsogintzea ulertzeko marko teoriko osotua eskaini eban, eta horretan oinarrituta bertsolaritzearen historiaren barridazketea proposatu eban. Horregaz nahiko ez, eta aplikazino didaktikorako bidea zabaldu eban, hain justu bertsolarien ekintza abiapuntu hartuta gaztetxuen ahozkotasuna lantzeko metodoa proposatuta. Bertsolarien jarduna komunikazino ekintza moduan ulertzen dogu orain. Bertsolariak komunikazino arrakastatsurako baliabideak erabilten dauz. Baliabide poetiko-erretorikoak. Erretorikearen oinarrizko pausuak ezin hobeto islatzen dauz bat-bateko bertsoak: inventio, dispositio, elocutio, memoria, eta actio. Baliabide poetikoak hirugarren pausuan kokatzen dira. Kontua da epailetza erispideak, orain, komunikazino arrakastatsua lortu izanagaz lotzen dirala gehiago. lehengo erispide tekniko bardinak, baina testuinguru komunikatiboaren barruan. Gaitik alde egitea, esaterako, komunikazino beharraren edo emoitzaren barruan zigortu ala sarituko da. Gai mamitsua inondik inora.