Tim Burton's Corpse Bride
‘Tim Burton's Corpse Bride’ animazino filma erraz be erraz ikusten dan animazino pelikula horreetariko bat da, irudiak benetan zoragarriak eta girotze lana nahiz planoak sano landuak diralako. Tarte atsegin bat emoteko entretenigarri ezin hobea da eta, bildurrezko zinearen ezaugarrietan gehiegi asmatzen ez badau be, umeentzako zinean ohikoa izaten dan gizatasun samur baina ez neurriz kanpokoa dauka. Personaiak esterotipoen arabera eginda egonagaitik be, badira grisaren eta kontraesanen esparruan azaltzen diran hainbat eta hainbat.
Film honetan, bada, trebezia handiagaz nahastetan dira sentimentuak, umorea eta bizitasuna. Ganera, gitxi irauten dauen ezkero, inork ez dauka gogaitzeko astirik. Victor eta Victoriaren arteko maitasun istorioa ederra eta eraginkorra da, baina ikusleek batez be infernuan bizi diran personaiakanako erakargarritasuna sentiduko dabe. Bizidunen munduan tonu ilun eta tristeak nagusi dira; hildakoen paradisuzko infernu liluragarrian kolore biziak eta alaitasuna agertuko dira edonon.
Laburbilduz, gusto handiz egindako lana da, xehetasun txikiak albo batera itxi barik, umeak eta helduak ondo pasetako aukerea opesten dauena eta neguko egun goibel eta hotzetan goizeko salda bero baten antzera irunsten dana.
Joseba Terreros
-Zuzendaria: Mike Johnson eta Tim Burton.
-Herrialdeak: AEB eta Erresuma Batua.
-Iraupena: 76 minutu.
-Generoa: Animazinoa.
-Gidoia: John August, Caroline Thompson eta Pamela Pettler; Tim Burton-ek eta Carlos Grangel-ek egindako marrazkietan oinarrituta.
-Ekoizpena: Tim Burton eta Allison Abbate.
-Musikea: Danny Elfman.
-Argazkia: Pete Kozachik.
-Muntaia: Jonathan Lucas eta Chris Lebenzon.