Bilbao eta Tunisia: batzar-guneak
Gotzon Plaza,
informatikoa
Oraintsu, mundu mailako adituak bildu dira bai Bilbon eta gero, bigarren fase batean, Tunisian. Gai nagusia: Informazinoaren Gizartea. Baina beste arlo batzuk be jorratu dabez.
Bilbon 2.000 herriko eta uriko alkate eta hainbat herrialdetako arduradun batu dira kooperazino arloak aztertzeko eta desbardintasun digitalari aurre egiteko planak martxan jarteko. Egindako dokumentua Kofi Annan Nazino Batuen Erakundeko Idazkar Orokorrari emon eutson Juan Jose Ibarretxe Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariak, Tunisian. Han egin zan biltzarraren bigarren fasea.
Argi dago herrialdeen artean desbardintasun teknologiko izugarria dagoala. Zer egin leike hori gainditzeko? Soft librea da urtenbidea? Zelan garatu eta bultzatu e-administrazinoa? Eta e-osasuna? Horreek eta beste baztuk izan ziran eztabaidagai. Eta ondorioak? Ba danetarik egon zan. Tartean, nahiko nabaria dana baina sarritan ahaztu egiten doguna: herrialde pobreek teknologiaren aldeko apustu garbia egiten dabe baina, jakina, beste premina batzuk be badaukiez.
Mendebaldeko herrialdeok Informazinoaren Gizartean jarri doguz gure indarrak eta etorkizuna bide horretatik joaku. Baina herri pobreetako alkateek gogoratu deuskuen moduan, eurek beste arazo batzuk (arazo larriak eta ugari) be badaukiez.
Sarritan, teknologiaren guru baten berbak entzun ostean sentimentu arraroa geratzen jaku: adituen esanetan, munduaren arazo guztiak teknologia barriakaz konponduka dira. Bai, bai, Internet, ordenadoreak, komunikazinoa eta holako teknologia sistema barri (eta karu) batzukaz dan-dana konponduko litzateke. Eta Afrikako herrialde pobre bateko jenteak zer pentsauko leuke honen ganean? Akaso, ez da garrantzitsuagoa trenbideak konpontzea komunikazino sistema digitala ezartzea baino? Garrantzi gehiago dauka informazinoa banatzeko sistemek merkaduko produktuak banatzekoak baino? Gauzak neurrian hartu behar dira eta, sarritan esaten dan lez, arazo batzuk garrantzitsuak izan arren, beste batzuk preminazkoak dira.
Arazoa hortxe dago: pobrezia. Hori bai dala Informazinoaren Gizartearen ardatz nagusia. Pobreziari aurre egiteko ez dago miraririk baina bai emon leikezala pausutxuren batzuk. Berbarako, pobrezia eta teknologia kontuan hartuta, Massachusetts-eko Teknologia Institutoan (MIT) ordenadore portatil merkea garatu dabe. Ehun dolar (85 euro inguru) balio dauen ekipoa herrialde pobre edo garatzeko bidean dagozanentzat lagungarri izan leiteke. Proeiktua Nicholas Negroponte jaunak (Informazinoaren Gizarteko guru bat) bultzatu dau. Tunisian aurkeztu da lehenengo modeloa. Planak aurrera badoaz datorren urterako 5-15 miloe ordenadore egongo dira eta hurrengo urtean 100-150 miloe.
Proeiktuaren helburua munduko ume bakotxaren eskuetan holako ordenadore bat imintea da. Ostean, beste fase bat dago: ordenadore horreek euren artean konektauta egotea.