Pirateoaren kontrako burruka librea
Honako CD susmagarrien zerrenda argituratu da:
·Trey Anastasio, Shine (Columbia)
·Celine Dion, On ne Change Pas (Epic)
·Neil Diamond, 12 Songs (Columbia)
·Our Lady Peace, Healthy in Paranoid Times (Columbia)
·Chris Botti, To Love Again (Columbia)
·Van Zant, Get Right with the Man (Columbia)
·Switchfoot, Nothing is Sound (Columbia)
·The Coral, The Invisible Invasion (Columbia)
·Acceptance, Phantoms (Columbia)
·Susie Suh, Susie Suh (Epic)
·Amerie, Touch (Columbia)
·Life of Agony, Broken Valley (Epic)
·Horace Silver Quintet, Silver's Blue (Epic Legacy)
·Gerry Mulligan, Jeru (Columbia Legacy)
·Dexter Gordon, Manhattan Symphonie (Columbia Legacy)
·The Bad Plus, Suspicious Activity (Columbia)
·The Dead 60s, The Dead 60s (Epic)
·Dion, The Essential Dion (Columbia Legacy)
·Natasha Bedingfield, Unwritten (Epic)
·Ricky Martin, Life (Columbia)
Gotzon Plaza,
informatikoa
Asko pirateetan da? Bai. Horren kontra burrukatu behar da? Akaso, bai. Burruka horretan danak balio dau? Ezta pentsau be!
Guk ezezkoa pentsetan dogu baina antza danez beste batzuk ez datoz bat horregaz, tartean Sony BMG diskotxeko batzuk (goi mailako ejekutiboak edo agintea daukienak behintzat). Zein izan da ba azken asmakinzuna? Hona hemen istoriotxoa.
Musika CDak kopiau egiten dirala-eta (horrek ez deutso ezelako diru-sarrerarik emoten diskoetxeari, jakina), egoereari aurre egiteko teknologia lagungarria izan daiteke: CDak egiten diranean XCP teknologia (Extended Copy Protection) erabilten da. Sistema honegaz CDak ezin dira kopiau. Baina Sony-koak apur bat urrunago joan dira: erositako CDa gure ordenadorean jarten dogu bertan musikea entzuteko. Momentu horretan erositako CDtik gure ordenadorera fitxategi batzuk deskargauko jakuz eta fitxategi horreek ostenduta egongo dira gure sisteman. Kuriosoa, ezta? Ez da hau, ba, pirata informatikoek erabilten daben jokera bera?
Sony-ren ‘oparitxoa’, software mailan, ‘rootkit’ izenaz ezagutzen da. Programearen jarduera eta ekintzak ordenadorearen erabiltzaileari ostendu egiten jakoz eta baimenik barik dabiz martxan. Holako softwareak crackerrek erabilten dabez eta erabilereak alde bi daukaz: bata, ordenadorean dagozan aplikazino batzuren jarduerak ostenduta mantentzea (holan crakerrak informazinoa lortu leike eta ekipoaren ugazaba ez da ezertaz enterauko) eta, bigarrena, rootkit-a istalauta daukan ordenadorea beste eraso batzuk egiteko erabili. Emongo dau erasoa ordenadore horretatik datorrela baina, benetan, beste batetik dator.
Teorian, Sony-ren diskoetan soft hau istalau ondoren CDaren kopiak galarazoten dira eta ezinezkoa da, berbarako, kopiak ataratea eta kantak Interneten jartea. Baina sistema honetan programako elementu batzuk ostenduta gordeten dira (erabiltzailea konturatu eta softwarea hau desistalau gura badau, ez ditu elementu danak topauko, gordeta dagozalako).
Eta praktikan, egoerea larriagoa da. Gure ordenadorean rootkit bat izan ezkero, birus batzuk istaletako bidea zabalik egongo da eta gure ekipoan ostenduta geratuko dira. Hau erakusteko, Sony-ren CD bat plazaratu ostean IRCBot.PH troianoaren bersino bat agertu zan. Bersinoak rootkit-a erabili eban ostenduta mantentzeko.
Sortu dan astrapalea nahiko zaratatsua izan da eta Sony diskoetxekoek atzera egin dabe, holako teknologia momentuz ez dabela erabiliko esanez (baina antzeko beste teknologiak bai erabiliko dabez). Gehiago esatearren: azken zortzi hilabeteotan mueta horretako teknologiagaz 4,7 miloe CD merkaduratu dira eta horreetatik 2,1 miloe saldu dira. Halanda be, disko horreek aldatzeko konpromisoa hartu dabe, Estadu Batuetan behintzat.
Zelan jakin erositako CDa horreen artean dagoan ala ez? Ezkerreko goiko partean ‘Content protected’ iminten badau, posiblea litzateke XCP teknologiaz egina izatea. Atzeko aldean CDa entzuteko erabilgai diran sistemak zeintzuk diran jarten dauen lekuan ‘sonybmg.com/xcp’ agertzea da ziurtagiria.
Bitxia da, ezta? Diskoetxeak beti dagoz kejetan, euren eskubideak ez dirala errespetetan eta musika pirateetea legez kontrakoa dala esanez. Baina, antza danez, batzuk ez daukie besteen eskubideak errespetatzeko asmorik. Non geratzen dira ordenadoreen erabiltzaileen eskubideak?