Bidaide  IV. urtea // 138. zenbakia

Tsunamiaren alde iluna


Oso arin ulertu dodaz Martaren berbak. Espainiako Gurutze Gorriaren proiektu bat ikustera joan naz beragaz. Hogei bat eraikin barri egiten dagoz, behin betikoak. Teorian, behintzat, apurtutako etxe bakotxeko etxe barria altzetea da. Horregaitik, askok konbenzidu gura dabe Marta esanez bedarra eta arbolak baino ez dagozan leku batean etxea izan zala. ‘Argi dago guzurra dala, baina jagokena baino gehiago lortu gura dabe; horregaitik, guk mesfidantzaz jokatu behar dogu eta horrek prozesua asko atzeratzen dau, datu danak baieztatu behar diralako’.


Gauza bera pasau da emon diran txalupakaz. Bertoko jentea haserre dago, barkuok ez diralako lehen eurak eukiezan lakoak. Ganera, GKE askok onartzen dabe behar ez dauenari edo erabilten ez dakienari be emon izan jakola itsasontzia. ‘Aurrekontu osoa gastau behar da eta askok ez dakie zelan. Barkuak erosi eta edonori emon deutsez; horrek kalte handia egin deutso bertoko ekonomiari’, dino Agron Dragaj, Jaffna-ko ACNUR bulegoko zuzendariak.

Hikadduwan, oraindino ikusgai dagoz tsunamiak atrapautako trena. Urtebete pasau da baina emoten dau atzo izan zala. Burdina baino ez da ikusten eta 1.500 lagun hil zirala pentsetea kostau egiten da. Zorigaiztoko momentu ha gatx ahaztu leike trenbidearen alboan apurtutako trena eduki ezkero. Lekuak, baina, hainbeste turista erakarten ditu, tragediaren inguruko argazkiak ataratera hurreratzen diranak. Badakigu: ‘ni be han egon nintzan’. Trenaren inguruan mueta guztietako jentea dago, askotan, tsunamiagaz zerikusirik be ez daukienak. Halanda be, bidaiariez aprobetxetan dira. Tragedia merkantilismo izatera pasau da.

Baina horrek guztiak ez deusku errealidadea ahaztuten itxi behar. 400.000 lagunek baino gehiagok galdu dabez euren etxeak eta 80.000 bat barriztau behar dira 5.000 inguru dagozan herrialde batean. Erronka hori, gitxika-gitxika, beteten dago. Egoerak egoera, Sri Lanka aurrera doa eta nazinoarteko laguntzinoak zerikusi zuzena dauka horretan.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Sri Lankan, distantziak ez dira kilometrotan neurtzen, ordutan baino. Biajeak ordu batzuk iraungo dituala esaten deutsunean burura jatortzun lehenengo ideia hauxe da: ugartea uste baino erraldoiagoa da. Baina alde batetik bestera joakeran, hainbat faktore hartu behar dira kontuan: faunea, klimea, konkista garaitik atarata dauela emoten dauen trena eta, hori gitxi izango balitz, gidariaren aldartea. Hola ba, ez da harritzekoa 300 kilometro inguruko osteratxua egiteko erlojuaren orratz txikiak buelta osoa emon behar izatea.

Pazientzia. Oso garrantzitsua da Sri Lankan. Tsunamiak kaltetutakoek ondo dakie hori. Ia urtebete pasau da eta oraindino ehunka familia etxerik barik dagoz, gerra batetik atarata dagozala emoten daben kanpin-dendetan lo egiten.

Halanda be, kaltetuak dirala esaten daben danak ez dira kaltetuak. Leku askotan legez, turismoak aldi berean onurak eta eragin txarrak ekarri deutsoz herrialdeari. Egia da Galle edo Hikadduwa lako leku turistikoak oso arin barriztau dirala, batez be hotelen azpiegiturei jagokonez. Baina egia da, baita, olatu erraldoiaren kalterik izan ez eben askok onurak ataraten dabezala nazinoartetik heltzen dan laguntzinotik. Hau da: emoten dau Gallen danek galdu ebela etxea tsunamiaren erruz. Eta, uragaz, familiak zazpi bat kide joan zirala. Dirutxu apur bat lortzeko tranpea baino ez da hori, ‘umearentzat esne apur bat lortzeko’. Honelako egoera negargarri baten aurrean, jarrera horreek baztertu egin behar dira, baita txarto antolatutako Gobernuz Kanpoko Erakundeetara behar ez dabezan etxeak eskatzera joatea be. ‘Askok, adarra joten deuskue’, dino Marta Peña Gurutze Gorriaren eraikin barriaren arduradunak. ‘Azpi-joko asko dago eta kontuz ibili behar da; etxeak ez jakoz edonori emon behar’.