Disko barriak Durangoko zitarako prest
Saioa Torre Gereketa
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea ate-joka daukagula esan beharrik be ez dago. Horregaz batera, disko barrien aurkezpen-oldea be badator. Hona hemen batzuk:
AREAN: ‘Higakorra’
Borja Estankonak, Iñaki Garridok eta Koldo de Miguelek bigarren diskoa atara dabe: ‘Higakorra’. Lehenengo diskoagaz hasierako intentzinoak gauzatuta ikusi ostean, bigarrena animoz beteta kaleratu dabe. Estankonaren esanetan, ‘disko honetan bakotxaren beharrizanak erakusten dira. Ikusten genduzan karentziak bete doguz baina oraindino gehiago dagozala uste dogu eta horreei segika etorriko da hirugarren lana’. Zuzenekoakaz laster hasiko dira, abenduaren 2an Durangon bertan. Ostean, Tolosan, Markinan, Larrabetzun... izango dira.
ANARI: ‘Zebra’
‘Habiak’ disko luzea atara ebanetik 5 urte pasau dira. Ordutik hona, kanta-bildumatan entzun ahal izan doguz Anariren lanak baina oraingoan bakarka jatorku, ‘Zebra’ izenburupean.
Aldaketearen bila ibili da kantari azkoitiarra, ‘ziklo baten amaieran nagoan sentipena daukadalako’. Soinu elektrikoakaz jantzi ditu kantak, barru-barrutik urten jakoz. Biolontxeloa albo batera itxi dau, nonoiz etorkizunean berreskuratuko dauela autortu arren.
AKELARRE: ‘1972-2005 ZUZENEAN’
2005eko urtarrilaren 21ean, 33 urteko ibilbidearen ostean, Akelarre taldeak agur esan eutson musikearen munduari. Hernaniko Oialumen eskaini eben kontzertu ha eta DVDan jatorku orain, CDagaz batera.
Euskal nortasun herrikoia eta rockaren arteko buztarketea egiten jakin dau beti Akelarrek eta plazarik plaza ibili da jenteari hankak mobiduarazoten.
Hamaseigarren eta azken diskoa da zuzenekoa, 1980an ‘Asfaltuko Lorea’ atara ebenetik. Ordurako, baina, hainbat plazatan ibilitakoak ziran.
MAL DE OJO: ‘Topa Kalabera’
‘Trankil eta ezelako prisarik barik’ grabau dau Mal de Ojo taldeak Andoaineko Garate estudioan ‘Topa Kalabera’ diskoa. Adrian Perez taldeko kantariaren esanetan, ‘diskorik osotuena da: baliabide ugari eduki doguz eta kolaborazino asko be bai’.
Kanta danen berbak Perezek sortutakoak dira, ‘eguneroko bizimodutaik ataratako gaiakaz’. Sentimentuak azaltzen dabez, gehien bat; horretarako, hainbat musika-estilo erabiliz.
SKALARIAK: ‘Luz Rebelde’
Talde irundarrak ziklo barriari emon gura deutso hasierea lan honegaz, aurreko hiru lanetatik banandu. Halanda be, ‘Luz Rebelde’ lanak aurreko diskoakaz zeozelako zerikusia daukala onartzen dabe taldekideek. Orain hogeita hamar urteko ska doinuak ahaztu barik, punk eta folk estiloak sartu dabez.
Hainbat hizkuntza dagoz entzungai ‘Luz Rebelde’ diskoan, italiera, igelesa, euskerea eta katalana tartean.
URKO: ‘La Trini’
1974an lehenengo zuzeneko emonaldia Donostiako Trinitate Plazan emon eban Urkok eta hortik dator disko honen izenburua: ‘La Trini’. Ordutik, ibilbide luzea eta emonkorra izan dau eta azken pausua aurkeztu barri dauen diskoa da. Lan bikotxa da eta DVDa be badakar, pasa dan abuztuan eskainitako kontzertu baten irudiakaz.
‘La Trini’ lanak 30 urteko ibilbidea borobiltzen dauela esan daiteke; halanda be, musikari euskaldunak ez dauka musikea ixteko asmorik.
PIZTIAK: 'Euriaren zain'
Aurtengo sikatearen ostean euriari deitu deutso Piztiak taldeak eta bai, etorri da euria. Aurkeztu barri daben lanean CDa eta DVDa datoz, Ondarroan grabautako kontzertu baten DVDa hain zuzen be.
Laster hasiko dira kontzertuakaz eta Durangon, Ondarroan... ikusi eta entzun ahal izango jake.