Vatikanoak homosexualak abade izatea galarazo dau
Brasileko eskandalua
Vatikanoa horrelako jarrerak hartzen dabilen bitartean, Brasilen pedofiliaren ganerako eskandalua biztu da, Estadu Batuetan aspaldi jazotakoaren antzekoa eta herrialde horretako prentseak jakitera emon dauena. ‘Istoe’ astekariaren esanetan, ‘1.700 abade’, hau da, Brasileko Eleizea osotzen dabenen % 10 inguru, sexu abusu eta gehiegikerietan sartuta dagoz eta horreetariko asko justiziaren esku. Vatikanok ez dau kasu horren ganeko adierazpenik egin eta ikuskapen lana besterik ez dau agindu.
Astekariak dokumentu bildurgarriak kaleratu dauz: 5 urteko umea bortxatzeagaitik kartzelan dagoan Tarsicio Tadeu aitaren egunkaria. Beste 10 abade kartzelan dagoz eta beste 40 iges eginda. Kasu batzuetan ‘faveletako’ umeez aprobetxatzen ziran, eta hainbat salaketaren ostean atxilotu dabez.
AEBetako kasua
‘Boston Globe’ egunkariak 2002ko urtarrilean salatu eban Law kardinalak 30 urteko epean 130 ume bortxatu ebazan abadea babestu ebala, eskandalu bakotxaren ostean beste parrokia batera lekualdatuz.
Hori lehenengo kasua besterik ez zan izan; handik aurrera antzeko kasuen salaketa piloa izan ziran herrialde osoan. Bakarik Bostonen 456 salaketa izan ziran eta eleizbarrutiak porrot egin eban.
Bien bitartean, Vatikanoa Law defendiduten ahalegindu zan, baina 2002ko amaieran haren dimisinoa onartu, ikerlan bat zabaldu eta gorago aitaturiko dokumentua agindu eban, pedofilia aitatu be egiten ez dauen dokumentua, hatan be.
Begiluzea
Aurreko astean Vatikanoak homosexualak abadeak izatea arautzeko kaleraturiko agiri baten barri euki dogu. Horren edukia orain dala hilabete batzuk aurreratu zan arren, lehenengoz jakin ahal izan dogu zehatz-mehatz zein dan behin betiko testua.
‘Bokazino bereizketearen’ inguruko agiriak ‘gaur egungo egoeragaitik’ prisazkoa dan gai bati oratzen deutsola onartzen dau eta muturreko ildo zorrotz bat ezartzen dau persona homosexualei jagokenez. Honako hau dino berbarik berba: ‘Eleizeak, persona honeek oso-osoan errespetau arren, ezin dau eleiz mintegi eta erakundeetan homosexualik, joera homosexual sakoneko personarik edota gay kulturea dalakoaren aldekorik onartu’.
Eleizearen eretxiz, abadea izateko hautagaiak ‘heldutasun afektiboa euki behar dau’, gizonezko eta andrazkoakaz hartu-emon zuzenak eukiteko gauza izan daiten. Ildo horri jarraituz, erakunde honen ustetan, homosexualek ‘gizonezkoen eta emakumezkoen arteko hartu-emon zuzenak nabarmen oztopatu leikiez’. Testuak ekintza homosexualen eta joera homosexualen arteko bereizketea egiten dau; euren esanetan, lehenengoak ‘berez ezmoralak eta naturearen legearen aurkakoak’ dira eta bigarrenak ‘modu objektiboan desordenatuak’.
Agiriak gotzainei eta mintegietako errektoreei eskuordetzen deutse abadeak izateko hautagaien joera sexualak epaitzeko zeregina. Salbuespen bakarra onartzen dau: homosexualidadea ‘aldi baterako arazo baten adierazpena izatea, esate baterako amaitu ez dan gaztetasunarena’; holakoetan hautagaia mintegian sartu ahal izango da ‘arazoa konpondu badau’, gitxien-gitxienez hiru urte lehenago.