Barriketan  IV. urtea // 138. zenbakia

Pier Paul Berzaitz: ‘kantagintzea ez da konpetizinoa’

Ofizioz, banku batean egiten dau lan baina kantaria eta kantagilea da afizinoz. Tartean, pastoralak be idazten ditu. Akaso, Pier Paul Berzaitz (Müskildi, Zuberoa, 1952) ez da horren ezaguna inguru honeetan baina Ipar Euskal Herrian euskal kantagintzearen ordezkari nagusia da. Zuberoan, tradizinozko kanten transmisinoa ezinbestekoa da euskal kulturearen biziraupenerako eta horretaz arduratzen da hein handi batean Bertzaitz. Hirugarren diskoa kaleratu barri dau, ‘Lili baten kantorea’. Lehenago, ‘Han eta hor’ eta ‘Baratze bat’ lanak kaleratu ebazan.

1.- Hogeita hamabost urte daroazuz euskal kantagintzan. Ze balantze egingo zeunke? Aldaketaren bat nabarmentzekotan, zein?

Hiru garai izan dirala esango neuke. Lehenengoa, politikoa. Neure garaikoek militante-espiritua geunken, Benito, Laboa... bakotxak beraren erara baina, oinarrian, militantzia. Bigarren aldaketea edo garai handia niretzat rock mobimentua izan zan, 80. hamarkada baino lehentxuago. Akaso, aldaketa hau lehenengo garaikoa baino garrantzitsuagoa da. Hirugarren aldaketea kalidadearen inguruan izan da. Lehenengo militantzia pausu hareetan, kalidadeari garrantzi gitxi emoten jakon. Kontua euskeraz kantetea zan. Rockaren garaian kalidade handiko gauzak egin ziran eta egiten ari dira. Rocka puri-purian dagoala esango neuke, bai hemen baita Frantzian be.

2.- Zelan gogoratzen dozuz hasikerako momentu hareek?

Niretzat kantagintzea pasioa izan da eta da, bizitzeko erea, ofizioa izan ez arren. Ez dut inoiz pentsatu ‘hau egin behar dut, bestea egin behar dut’. Barrutik jatort desio hori.

Orain 30 bat urte, Frantziako gizartean aldaketa handia izan zan. Garai hareetan nik unibersidadeko lagun batzukaz rock talde batean joten neban. Han, euskaldun bat ezagutu neban, txistularia. Nik, urte hareetan, txistua zer zan be ez nekian ia. Euskal erreferentzia gitxi neukazan: pelotea, liburu gitxi batzuk eta amaren zein amumaren kanta batzuk... Txistulariaren lagun egin nintzan eta holan hasi nintzan kantuan.

3.- Zein da zure inspirazino-iturria kantak sortzeko orduan?

Beti dago herriaren maitasuna, frustrazino apur bat be euki neban nire garaian... Urte hareetan, euskalduna eta nekazaria ez egozan ondo ikusita nire inguruan.

Orain, bizitzeko moldean topetan dot inspirazinoa, bakartasunean... betiko gauza horreetan.

4.- ‘Xalbadorren heriotzean’. Xabier Letek lehenengo eta Erramun Martikorenak gero, lau haizetara zabaldu eben Urepeleko artzainaren inguruko kantea. Zergaitik erabagi dozu zuk ‘Lili baten kantorea’ diskoan sartzea?

Egiazko arrazoia emongo deutsut: marketing apur bat egiteko. Publikoak kontzertuetan kanta hori eskatzen deust ia beti eta erreklamu moduan erabili dot diskoan. Halanda be, badago pisuzko beste arrazoi bat be. Aspaldi ezagutzen dodaz Xabier Lete eta beraren omenez be abesten dot ‘Xalbadorren heriotzean’, Lete laguna dalako. Berak ez dau kanta hau kantetako erabagia hartzen eta neuk hartu dot.

Bestalde, nik ezagutu izan dot Xalbador, beraren etxean be egon naz... Horregaitik, omenalditxua egin gura izan deutsat.

5.- Itxaro Bordaren, Xabier Leteren, Orixeren... hitzak musikatzen dituzu plazaratu barri dan diskoan. Tartean, zeuk idatzitakoa be erabilten dozu. Zer gurago: gainontzekoek idatzitakoa musikatzea ala zeuk idatzitakoari doinua jartea?

Pastorala edo antzerki-pieza bat idaten dodanean, berbak oso garrantzitsuak dira niretzat. Ezelako arazorik barik idazten dot orduan. Baina kanten kasuan... gehiago kostetan jat. Itxaro lagun handia da eta lantzean behin, kartaren bat bialtzen deustanean, poematxu bat be bialtzen deust, opari legez edo.

Beti gustau izan jat Itxaroren poesia. Uste dot lastimea dala poema bat emoten deustanean musikarik ez jartea. Ganera, nik askotan ez dot jakiten zeren ganean idatzi eta gurago izaten dot nonork idatzitakoari musikea jartea.

6.- Zuberoako kantagintzearen enbaxadoretzat hartzen zaitue askok. Holan ikusten dozu zeure burua?

Badagoz kantari asko Euskal Herrian, akaso sobran, enbaxadore izateko. Orain, publikoa falta da. Kalidadeko kantak egiten dira baina publikoa falta da. Kontzertu onak dagoz eta penea emoten deust kuriosidade falteak, espiritu falteak.

Pastorala idazten badot, badakit jentea batuko dala. Disko bat egiten badot... ez dakit. Kontzertu batean 200 bat lagun batuko dodaz eta ez da gitxi!

Ez daukat neure burua enbaxadoretzat. Horretarako, beste hainbat dagoz. Nik unibersalagoa gura dot izan.

7.- Beste askok, Mikel Laboagaz, Benito Lertxundigaz eta Mikel Urdangarinegaz batera, euskal kantagintzearen zutabetzat zaitue. Zer uste dozu zuk?

Hori diskoetxearen kontua da! ‘Herria’ kazetan irakurri dot nik barri hori. Artikuluan esaten dau: ‘...guk ere badugu, beraz, kantari bat hangoakaz...’. ‘Han-hemen’ banaketea oso nabarmena da.


8.- Zein desbardintasun nabarmenduko zeinke Zuberoako kantagintzearen eta Hego Euskal Herriko kantagintzearen artean?

Uste dot, eta parkatu, baina hemengo kantagintzea gehiago galtzen ari da popular aldetik. Jenteak gitxi kantetan dau. Han be gero eta gitxiago kantetan da, baina hemen baino gehiago. Akaso, hemen, gehiago kontsumiduten da. Zuberoan, barriz, jenteak gurago dau euren sormena lantzea, eurak be kantetea. Hemen, nik ez dot hori ikusten.

Bertoko errepertorioa gal daiteke holan segidu ezkero. Orain, kontzertuetan ikusi eta entzun baino ez da egiten, baina abestu, ez.

Orain zortzi bat urte, Donibane Lohizunen, bilkura bat egin gendun: Natxo de Felipe, Benito Lertxundi... Kazetari batek kantetako eskatu euskun baina inor ez zan hasi kantetan. Kazetariak ez eban ulertzen zelan zan posible kantarien bilera bat izanda ez zan inor kantetan hasten.

Kapazak gara show bussines sistema honen barruan hainbat kontzertu emoteko baina gero, tabernan zeozer hartzen gagozan bitartean, ez gara kantalditxu bat emoteko kapazak. Nik, kontzertuetan, jentea animetan dot abestera.

9.- Musikagintzean ez eze, idazten be egin izan dozuz lantxuak. Daborduko, bost pastoral idatzi dozuz. Eroso sentiduten zara idazten be? Zertan erosoago: taula ganean abesten ala idazten?

Bietan. Pastoralen kontua oso berezia da. Behin hasita, ezin da inoiz ‘ez’ esan. Akaso, bat egin ezkero nahikoa izango zan niretzat baina plazer itzela emoten deust pastoralak idaztea. Inon ez dot ikusi pastoralak lako mobimentu horren indartsurik eta garrantzitsua da niretzat parte hartzea.

Kantetea beti gustau izan jat eta barru-barruan daroat. Ganera, urteek aurrera egin ahala konfiantza gehiago daukat neuregan. Trankilago nago eta horrek eragin positiboa dauka nire kantagintzan. Publikoa ez da etsaia eta kantagintzea ez da konpetizinoa. Bakotxak ahalik eta ondoen egin behar ditu gauzak eta horretaz gozau. Plazer horretaz orain hasi naz gozetan, askosaz be trankilago urtetan dot taula ganera.

10.- Zein da Pier-Paul Berzaitzen lan artistikoen helburua?

Abeslari danek ez dabe besteentzat abesten, eurentzat baino. Danok gara narzisistak. Gero, gure lanak emozinoa edo esperantzea biztuten badau, hoba, baina inork ez dau bestearentzat lanik egiten. Nik, lehenengo, neure hutsuneak beteteko egiten dodaz kantak. Hori ez da gauza txarra. Ez naz musikeaz bizi eta ez daukat zertan merkaduaren arauei zorrotz lotuta egon. Horregaitik, lehenengo neure beharrizanak beteten dodaz. Gero, zuzen jausten bada, hoba.

11.- Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea hortxe bueltan dago. Egiten dozu osteratxua?

Bai. Ez naz urtero etorten baina aurten, bai. Promozinoa oso garrantzitsua da, zabalkunderako baliogarria dalako eta, azken baten, musikagintzea eta, oro har, kulturea indartzen dauelako.

Saioa Torre Gereketa