Euskaltzaindiaren VIII. Herri Literatura Jardunaldiak izan dira Donostian
Bizkaie!
Zemendiaren 24an eta 25ean, Euskaltzaindiak VIII. Herri Literatura Jardunaldiak izan ziran Donostiako Kulturunean, ‘Herri-p`rosea eta ahozkotasuna’ izenburupean. Bernardo Atxaga eta Pello Esnal izan ziran bertan, bata 24an eta bestea 25ean. Atxaga euskaltzain urgazle eta idazleak ‘Ahozkotasuna euskaldunei buruzko Ipuin Orokorrean’ berbaldia emon eban; Esnal euskaltzain urgazle eta Herri Literatura batzordeburuak ‘Herri-prosea: oinarri eta bide’ izenburupean egin eban berba.
Euskaltzaindiako Herri Literatura batzordeak egiten dituan lanak eta egitasmoak plazaratzea alde batetik eta, bestetik, euskal herri-prosea sustatzea izan dira jardunaldion helburuak. Esnalen esanetan, ‘herri-literaturea parebako altxorra da. Hor dago batuta gure tradizinoa. Eta tradizinoa aintzat hartu barik ez dago etorkizuna eregiterik’. Holan, herri-proseaz gogoeta sakona egiteko aukerea izan zan jardunaldiotan, bai literaturearen ikuspegitik (Atxagaren eskutik), baita testugintzearen aldetik be (Esnalen eskutik).
Luis Villasanteren berbak gogora ekarri ebazan Esnalek: ‘Euskereak behar dau prosea egiteko moldea ondo finkatua eta trenpatua izan. Hau da, seguruenik, euskereak daukan preminarik gogorrenetako bat. Hori dauen egunean, euskerea bere bizkar-hezurraz hornituta izango da. Eta hori ez daukan bitartean, alperriko tresnea izango da, kapaza ez dana, zeregin askotarako balio ez dauena. Euskerea hizkuntza bizia izan daitela: horra gure mintzairearen preminetan lehenengoa; baina horren hurrengo, prosea egiteko tresnea moldatuta eukitzea da, nire ustez, bigarrena’.
Euskaltzaindiak orain hamairu urte egin ebazan lehenengoz herri-literarurearen inguruko jardunaldiak. Honeek dira, orain arte, jardunaldiz jardunaldi landutako gaiak:
·Villabona-Amasan, 1989an, kontapoesia.
·Donostian, 1992an, herri-narratiba.
·Oiartzunen, 1994an, ahozkotasuna.
·Durangon, 1996an, paremiologia (esaerak, atsotitzak, errefrauak).
·Tolosan, 1998an, herri-antzerkia.
·Bilbon, 2000an, euskal fraseologia.
·Eibarren, 2002an, kanta laburrak.