Durangoko 40. Euskal Liburu eta Disko Azokea ate-joka
OHARRA: Gogoratu, aurten be, BIZKAIe! Durangoko hitzorduan egongo dala teknologia barrien gunean.
Bizkaie!
Durangoko 40. Euskal Liburu eta Disko Azokearen aurkezpen ofiziala egin eben pasa dan astean. Bertan, Jon Irazabal Azokako zuzendaria eta Nerea Mujika Gerediaga Alkarteko burua izan ziran, besteak beste, aurtengo edizinoaren ganean berbetan.
Zenbaki kontuak
Danetara, 309 erakusmahai, 163 parte-hartzaile eta 477 nobedade (361 liburu, 34 disko, 43 bideo eta DVD, 49 aldizkari eta bestelako 10) egongo dira aurten Durangon. Nobedadeak katalogo batean batu dabez. Gura dauenak, azokan bertan izango dau eskura katalogoa. Ganera, www.durangokoazoka.com webgunean be egongo da eskuragai.
Ekitaldiak be egongo dira, 22 danetara.
Hori guztia ahalbidetzen dauen aurrekontua: 400.000 euro baino gehiago.
Gai nagusia: zentsurea
Aurten, zentsurea aukeratu dabe gai nagusi legez eta ekitaldi gehienak gai horren inguruan antolatu dabez. 'Zentsurea izango da azokearen ardatza. Ez da orain 30 urteko kontua bakarrik, gaur be euskereak eta euskalgintzeak jazarpen egoerea bizi dabelako eta zoritxarrez zentsurea eguneroko gaia da', esan eban Irazabalek.
Gotzon Garaterentzat Argizaiola saria
Gerediaga Alkarteak Gotzon Garate idazleari emongo deutso aurtengo Argizaiola saria. Abenduaren 8an izango da ekitaldia, Durangoko San Agustin kulturgunean, arratsaldeko 20:30etan.