Jan-edanak  IV. urtea // 138. zenbakia

Europako Batasunaren eta Ameriketako Estadu Batuen arteko aurre-akordioa ardaogintzan


Akordio barriari esker, Estadu Batuek Europako Batasunari orain arte bertoko ardaoak saltzeko behar ziran ziurtagiriak kendu deutsez. Era berean, komunidadean ardoen etiketetan ezinbesteko diran printzipioak onartuko dabez.

Washingtonek komunidateko edozein herrialdegaz euki leikezan arazoak (ardaoen salmentearen ingurukoak) bien arteko hartu-emonen bidez konpontzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dau, Komertziorako Mundu Erakundean ahalik eta errekurso gutxien gastetako helburuagaz.

Orain, Europako Batasuneko herrialdeek Batzordeak adostutako akordioa berronartu beharko dabe, baita Washingtonek be. Orduan jarriko da indarrean.

Bestalde, aitatu behar da COPACOGECA barruan dagozan kooperatiba eta nekazal erakundeek Europako Batasuneko herrialdeei akordio hau ez onartzeko eskatu deutsela, euren ustez, Europako ardaogintzarako kaltegarria izan daitekelako.

Amaitzeko esan, komunidadeko ardao ekoizleek ez dabela gura akordioa. Euren ustez, Estatu Batuak Nazinoarteko Mahasti eta Ardaoaren Erakundean (OIV) sartu beharko litzatekez eta bertan adostuta dagozan arau enologikoak onartu eta bete.

Imanol Sarasola,
enologoa

Europako Komisinoak Europako Batasuneko herrialde danetara bialdu dau ardaoaren salerosketen inguruan Estadu Batuakaz adostutako lege proiektua. Aurrerantzean, modu formalean onartzea da helburua.

Bruselako Nekazaritza sailak sinatu dau proposamena, bihar etzi erabagia izango ei dana, eta 25 herrialde partaideei bialdu deutse.

Hogei urteko negoziazinoen ostean sinatutako akordioak sendotasuna emoten deutso hain baliotsua dan Europako Batasuneko ardao produzinoaren kudeaketeari.

2004an Europako Batasunetik Estadu Batuetara eginiko ardao salmentak 1.842 miloe eurotik gorakoak izan ziran, hau da, EBtik kanpo saldu zanaren % 40.

Beraz, komunidadeko herrialdeetara bialdutako testuan, akordioak ardao eta praktika enologikoen inguruan alde bien, AEBen eta EBren arteko alkarkidetzea onartzen dau. Halanda be, Europako Batasunak estadubatuarrei eskatu deutse ataraten dabezan ardaoak ‘semi-generiko’ izenpean saltzeko eta ardaoak egiteko metodoak aldatzeko, hau da, Washingtonek Europako Batasuneko jatorrizko izentapeneko 17 izen aldatzen ez dituan bitartean, ez da akordiorik egongo.

Hamazazpi izenen artean honeek agertzen dira, besteak beste: Málaga, Jerez, Borgoña, Champagne, Chianti, Claret, Madeira, Marsala, Oporto eta Sauterne. Halanda be, momentu honetan akordioak ez dau galarazoten jatorri horreek erabiltea.

Akordioak Estadu Batuei onartzen deutse Europako Batasuneko 14 berba erabiltea. Hori bai, epe zehatz batean eta baldintza zehatzetan. Besteak beste: ‘clos’, ‘noble’, ‘cream’, edo ‘superior’.