Bidaide  IV. urtea // 137. zenbakia

Tsunami bien lurraldea


Hamarkada biko gerreak 17 miloe biztanleko herrialde txiki honetan 800.000 lagunek euren etxeetatik alde egin behar izatea eragin dau. Orain, Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta ACNUR erakundeak jarritako errefuxiatuen zelaietan bizi dira. Hamabost urtez mueta honetako lekuetan bizi diran familiak be badagoz. Erakundeek alde batetik bestera eroaten dabez herrialdearen iparraldeko biztanle honeek. Jaffna-n, gobernu-bastino bakarra, mueta horreetako familiak topau dodaz. ‘Familientzat, amets gaiztoa lakoa da, ezin dabelako euren bizimodua inon egin’, azaltzen dau Agron Dragaj-ek, Jaffnako ACNUR bulegoko zuzendariak.

Gerrearen desastreari, pasa dan urteko abenduaren 26an izandako zorigaiztoko tsunamia gehitu jakon. Danetara, 39.000 lagun inguru hil ziran eta herrialdearen hegoaldeko kostaldea apurtuta geratu zan. Orain, olatu erraldoiaren ondorioak begien bistan dagoz eta apurtutako etxeak baino ez dira ikusten.

Herrialdea bisitaukeran, tsunami bi izan dirala pentsetan dozu: itsasoarena eta gerrearena. Tsunamiak apurtutako eraikinak eta granadek eta tiroek apurtutakoak ia berberak dira. Jaffna da horren erakusle nagusia. Desbardintasun nabarmenena honako hau da: gerrea izandako lekuetan landaredia hasita dago eta zutunik geratzen diran eraikinak Sri Lankako basoaren zati dira daborduko.

Aste honetan inguruko hainbat proiektu bisitetako aukerea izan dot. Proiektuok pasa dan abenduko itsasikareak zein gerreak eragindako kalteak konpontzeko jarri dira martxan, jenteari laguntzeko. Kanpamentuak behin-behinekoak dira. Egurrezko eta uralitazko txabolak dira eta bertan hainbat familia bizi dira. Tristezia da nagusi leku horreetan. Umeek ez daukie barretxua aurpegian eta edadekoen begirada sakonak kutxiloak legez sartzen jatzuz gorputzean.

Tsunamiaren ondorioz lekuz aldatutakoak 400.000 inguru dira eta, ia urtebete geroago be, behin-behineko kanpamentu honeetan bizi dira. Askok, oraindino, hasieran hiru hilabeterako diseinautako kanpin-dendatan be egiten dabe lo. Laguntzinoa heltzen da, bai, baina astiro-astiro. Koordinazino faltea itzela da. Halanda be, errefuxiatuak ACNUR erakundearen edo ‘Accion Contra el Hambre’ Gobernuz Kanpoko Erakundearen kanpamentuetan bizi dira. Eurak, ganera, han gustura bizi dirala dinoe.

Tricomaleen, lehenengo osasun zentroaren eraikin barriaren azken ikutuak ikusi ahal izan dodaz. Sri Lankan olatuek suntsitutako etxeen erdi-erdian dago eraikin erraldoia. Espainiako ‘Medicos del Mundo’ GKEren eskutik sortutako proiektuaren helburu nagusia laguntzino psikologikoa emotea da. Aitagarria da GKE hori ekialdeko kostaldean laguntzinoa eskaintzen ausartzen dan bakarrenetarikoa dala. Ganera, nik neuk be eskerrak emon behar deutsadaz, ‘errefuxiatu’ legez hartu nabelako euren bulegoan tentsinoz betetako hauteskundeen egunean.

Orokorrean, aste bitan herrialdean egon ostean, Sri Lankak herrialdearen etorkizuna zein izango dan jakin gura dauela konturatu naz. Bake-prozesua dago jokoan. Negoziazinoak ez badira barriro hasten, hau da, gobernua eta gerrilea ez badira alkarrizketarako batzartzen, beste tsunami batek eroango leuke aurretik herrialdea, baina oraingoan ez bakarrik kostaldea. Eta ugarteko biztanleek ondo ezagutzen dabe bazterrak suntsitzen dituan eraraldoi hori. Beragaz bizi izan dira hogei urtetan.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Pasa dan eguenean, presidentetzerako hauteskundeak izan ziran Sri Lankan. Aurreikusita egoan legez, Tamil gerrillearen kontrolpean dagozan lekuetan eta Sri Lankaren gobernuaren kontrolpean dagozanen parte-hartze mailea oso desbardina izan zan. Lehenengoetan, abstentzinoa oso altua izan zan, LTTEk eskatzen eban legez; bigarrenetan, barriz, boto ugari. Hori bai: eremu bietan izan zan eguna astrapalatsua. Halanda be, Batticaloa eta Trincomalee ezik, hau da, lerro honeek idazten nagoan lekutik ezik, eguna trankila eta, aldi berean, tentsinoz betetakoa izan zan. Zoritxarrez, ekialdeko uri bi horreetan hainbat lagun hil ziran militarren eta zibilen artean izandako tiroketen eta granada jaurtiketen ondorioz. Erakunde humanitarioek, tartean Nazino Batuek, egoitzak zarratu ebezan eta, kasu batzuetan, kideek uriburura, Colombora, alde egin eben. Arratsaldeko seietan, kalean soldaduak baino ez ziran geratzen.

Orain, herrialdeak etorkizuna argitzea gura dau. ‘Alde biek atxakia nahiko eukiko dabez gerran hasteko barriro, irabazten dauenak irabazita be. Hori da txarrena’, dino Christy Tisserak, Colombo kanpoaldeko tamilak, botoa emoten joan baino lehenago. ‘Hauteskunde honeen ostean, danok gura dogu bakea; baina danok dakigu, baita, hori ez dala holan izango’, ganeratu dau.