Frantzia erre guran
Autoak erreteko arrazoiak
Zelan ailegau gara honetara? Omar serio paretan da. Matxinatzeko arrazoiak aitatu ostean, esate baterako arrazismoa eta Sarkozy-ren probokazinoak ('jendaila' berbea erabili eban eurak izendatzeko), Omarrek gauza zehatzak aitatu dauz, benetan gogaitzen dauena. 'Poliziak ez gaitu baketan ixten. Kalean, merkataritza zentroan edo eskolatik urtetean'.
Dahmanetarren eraikin berean, beste gazte batzuek antzeko istorioak kontetan dabez. Batzuek gorroto eta amorruz beteta. Etxean estuasunak pasetan dabez eta kanpoan poliziaren 'akuluak' jasan behar dabez. Horixe da bazter auzo honeetako gazteen diskursoa; auzoa, ganera, ezagutzen daben eremu bakarra da, ikastetxera, merkataritza zentrora edo futbol partiduren bat olgetan joateko baino ez dabe handik alde egiten. Ez daukie hartu-emonik auzotik kanpoko munduagaz eta telebisteari esker baino ez dabe ezagutzen.
Sistemearen kontra sentiduten daben gorrotoa etsipenaren indarraz idatzia izan da. Omarrek sekula sartzen ixten ez deutsien diskotekara joateko gogoa daukala esan dau, su emoteko. Mohandek ikastetxea erre gura dau.
Itauntzen jakenean ea autoak erretako matxinada honen atzean narkotrafikatzaileak egon ete diran edo ideologia edo erlijino zehatz baten ondorioa ete dan, ia-ia analfabetoak diran gazte honeek barre egiten dabe. Baten eretxiz, matxinada hau narkotrafikatzaile bati jazo dakikeon gauzarik txarrena da, istiluak behar egiteko oztopo diralako. Besteak bolita bat whisky hartu eta zurrutada luzea emon deutso erlijinoan lar sinesten ez dauela egiaztatzeko.
Etxea daukien eraikin lohi eta zikineko atartean sartu baino lehenago, mutiko honeek zin egin dabe, Frantziako analistarik gehienek esan daben legez, honako hau beste zer edo zeren hasikerea baino ez dala. Hori bai, ez daukie bape garbi zer dan beste zer edo zer hori.
Begiluzea
Dahmanetarren aitak ez dau lorik egin orain dala hogei egunetik. Autoa garaje batean aparkatuta dauka, baina semeek gauez 'tontakeriak egiten' ostera be urtengo daben bildur da. Dahmane Parisera ailegau zan hirurogeiko hamarkadan eta Maroko hegoaldean dagoan Agadir erreginokoa da. Behargin espezializatu modura behar egiten hasi zan Renaulteko fabrika batean, Parisen sartaldean, baina kaleratu eben eta aurreraturiko diruagaz janari-denda bat imini eban.
Dahamanek Marokon jaiotako alaba bi daukaz eta geroago Frantzian jaiotako beste seme bi, Mohand eta Omar. Gazte bortitzak. Neskak Marokoko jatorria daukien gizon bigaz ezkondu dira, 'zorionez eta jainkoari esker', amak esan dauen legez. Mutilak edade txikikoak dira, gurasoakaz bizi dira eta buruhauste itzelak sortu eragiten deutsez. Ez dira bortitzak, baina berehala sumintzen dira. Eskolan daukiezan notak penagarriak dira, ez dabe dendaria izan gura aitaren moduan eta ez daukie Marokora itzultzeko ezelako gogorik.
Dana dala, Marokora itzulita, ez litzatekez erraz moldatuko. Euretariko bakar batek be ez dau arabieraz ondo egiten. Familian erdi frantsesez erdi berbereeraz zelan edo holan egiten dabe eta euren frantsesa be bazter auzoetako dialekto bat da, bazter auzootan asmaturiko berben nahasketea. Euren azentua eta intonazinoa be Frantziako inmigranteen ghettoetako berezko ezaugarriak dira; Mohand eta Omar marokoarrak dira Frantzian eta Marokon frantsesak. Eurek Frantziako pasaportea eta nazinotasuna daukie, galiarren herrialdean bizi diran sei miloe etorkinen antzera (biztanle guztien %10).