Izarrak han, hor eta hemen
Omenaldia egin deutsie Pete Cenarrusari Idahon
Orain hilebete, 2002ko abenduaren 16an Pete Cenarrusa estadu idazkariari omenaldia egin eutsien Boisen, Kapitolioko egoitzan. Harrera-ekitaldi publikoan, Idahoko herritarrek eta Cenarrusaren lagunek erretiro zoriontsua opatzeko aukerea izan eben.
Cenarrusa eskarmentu handiko gizona dogu politikan, 52 urte inguru egin ditu politikan, ez dira gitxi. 1950ean aukeratu eben lehenengo aldiz estadu ordezkari Blaineko konterrian eta ardura horretan ibili zan bederatzi urtez. Hiru urtean, ganera, Estaduko Ganbarako bozeramailea be izan zan. 1967ko maiatzaren 1ean estadu idazkari izentau eben Edson Dealenen eta 1970tik gaur egunera arte beti aukeratu dabe. Gaur egun, Ameriketako Estadu Batuetako Estadu Idazkarien Alkarteko (N.A.S.S.) burua da eta, horrezaz ganera, Idahon izan diran estadu idazkari ofizial guztien artetik, berak emon dau denpora gehien herriaren zerbitzuan. Ben Ysursak hartu dau orain Cenarrusaren lekukoa, pasa dan zemendiko hauteskundeetan erraz irabazi eta gero.
Politika giroan, Euskal Herriko egoereagaz arduratuta, oraintsu aurkeztu eben Joint Memoriala, hau da, Euskal Herriak bizi dauen gatazkearen konponbiderako proposamena Dabe Bieter eta Pete Cenarruzak Idahoko Erakunde Legegilearen Estadu Aferen Batzordean. Ez atzera ez aurrera dagoan egoereari konponbidea emoteko hiru puntu aitatu zituen: biolentzia era guztiak indarrik barik ixtea, bake prozesua abiarazotea eta euskaldunek autodeterminazinorako daben eskubidea ezagutzea. Besterik ez bada, munduan zehar Euskal Herriaren egoerearen barri zabaltzeko balio izan eban esperientzia horrek
Bizitzan zehar, hainbat sari jaso ditu Cenarrusak bai arlo pribatuan zein publikoan. Berbarako, 'Basque Hall of Fame' Ameriketako Euskal Ikasketen Programak antolatutako gunean sartu zan lehen amerikar-euskalduna izan zan bera eta Sabino Arana Kultur Elkargoak Munduko Euskaldunaren Domina esanguratsua ezarri eutson 2001eko urtarrilean.
Bizkaie!
Lucia Lacarra zumaiarra, munduko dantzaririk onena
Pasa dan hilean, abenduaren 14an, Monakoko Alberto Printzeak emon eban ezagutzera munduko dantzari onenaren izena. Ohorea Lucia Lacarra zumaiarrarentzako izan zan; Montekarlon egindako ekitaldian, Nijinsky saria emon eutsien eta gure artean lar ezaguna ez bada be, dantzaren munduko oscar sari legez hartzen da, arlo horretan jaso daiteken saririk handiena beraz. Lucia Lacarrak, 2002ko munduko ballet dantzaririk onenak bere jaioterrian be ondo merezidutako omenaldiak izan ditu. Dantzearen munduan, Zumaiako irakasle bategaz emon zituan lehenengo pausuak baina hortik aurrera, Lucia Lacarra Victor Ullate eta Roland Petiten konpainietan dantzan ibili da eta San Franciscoko Ballet Konpainian be parte hartu izan dau. Gaur egun, Alemaniako Bavierako uriburuan, Munichen dago bertako operan beharrean.
Begoña Aretxaga Donostiako antropologea hil da Texasen
Pasa dan abenduaren 28an hil zan AEBetako Austinen (Texas) Begoña Aretxaga Donostiako antropologoa, 42 urte zituala.
Joseba Zulaika antropologoak eta Renoko Euskal Ikasteken Egitasmoko zuzendariak adierazo dauenez: 'orain urtebete birikiak minbiziak hartuta zituala esan eutsien medikuek. Houstoneko egoitza berezian, aparteko ahaleginak egiten ibili da mediku talde aditua eta tarte horretan familia ondoan izan dau bera jagoten'.
'Begoña Aretxaga antropologo bikaina zan' -gogoratu dau Joseba Zulaikak-Princetoneko Unibersidadean doktore eginda, Ameriketako unibersidade garrantzitsuenetan irakasle ibili zan zan arrakasta handiagaz: Princeton, Harvard, Chicago eta Austinen zehar hain zuzen be. Barojagaz batera euskal hileta errituen ganeko liburua argitaratu eban.
'Doktoretza tesia egiteko, Irlandako abertzaletasuna hartu eban ardatz eta Princetoneko Unibertsidadeko aldizkarian argitaratu eben. 1994an Irlandako presoek egindako altxamendu baten gaineko lana idatzi eban eta horri esker, urteko Ameriketako Estadu Batuetako saio antropologiko onenari saria emon eutsien.
Orain denpora gitxi euskal egoera politikoaren gaineko hainbat artikulu kaleratu zituan baina, batez be, Begoña Aretxagaren ekarpena gaur egungo euskal antropologiaren gaineko lanik aitagarriena dogu nazioartean. Orain bi urte, McArthur sarietarako izentau eben eta gogoan hartu literaturan eta AEBetako akademian nabarmendu diranei emoten deutsen sari berezia da hori'.
Zulaikaren esanetan, 'galera handia da, parebabeko ikerlaria eta aditua izateaz ganera, Begoña oso persona ona eta maitatua zalako: eskuzabala eta apala edo umila. Horrezaz ganera, behar egin eban unibersidadeetan irakasle eta ikasleen lagun handia egin zan. Horreek guztiek Begoña Aretxagaren faltea igarriko dabe orain'.
eitb.com