Elorriagaren barruko señe
Saioa Torre Gereketa
Bederatzi urteko mutiltxu baten eskutik jatorku Unai Elorriagaren azken nobelea: Vredaman. Umeek errealidadea kontetako daukien erea maisutasunez ekarri dau algortarrak izenburu horren arraroko nobelara. Tartean, baina, lau Historia (idazleak berak aitatu eban ‘h’-z idatzitako istorioak zirala, hau da, historiak) dagoz: hari nagusia bederatzi urteko umeak daroa, familiakoek goxotasunez 'señe' deitzen deutsen Tomasek. Munduaren ikuspegi berezia erakusten deusku berak. Izeko-osaben etxean dago eta lehengusinarekin hainbat orduz ibilten da. Harek esan deutso libelula urdin bat atrapetan dauena munduko umerik inteligenteena izango dala. Handik aurrera, umeak ezin du bilaketea burutik kendu. Elorriagaren beraren esanetan, ‘inteligentziaren inguruko nobelea da, inteligentzia eta heriotzearen arteko loturaz ari da’. Bigarren Historiaren protagonistea umearen osabea da. Golf zelai batean sartzen da bera eta jostunek erabilten daben neurgailu bategaz zelaia neurtzeari ekiten deutso. Hirugarren Historia andre zahar baten ingurukoa da, gaztetan arkitekto famatu baten neskalaguna izandakoa. Laugarren Historia lehengusuak osotzen dau, aitite miresten dauenak.
Ahots asko agertzen dira nobelan, ‘danak herri berekoak, danak antzeko hizkereagaz baina danak desbardinak’. Horrek ahalegin berezia ekarri deutso Elorriagari, baina ‘merezi izan dau’. Istorio edo, ‘historia’ linealak dira, ‘goxoak, hizkera goxoz kontautakoak’. Ardatz nagusia inteligentzia da eta tartean erabagiak, familia... lako gaiak be jorratzen ditu idazle bizkaitarrak.
Izenburuari jagokonez, autoreak berak onartzen dau nahiko arraroa dala. ‘Berba biren arteko nahasketea da. Vredaman izena, berez, ez da nobelan agertzen. Alde batetik, idazle baten personaia baten izena hartu dot: Vardeman. Personaia hori umea da. Bestetik, Vredeman de Vrie margolari holandarra dago. Haren semeak aitaren koadro danak kopiatzen ebazan. Berba biak lortu eta horra hor izenburua’.
Kirola be ez dau albo batera itxi Elorriagak eta errugbia aitatzen da liburuan. Idazlearen esanetan, ‘inteligentziaren ganeko nobela batean ezin zan munduko kirol inteligenteena falta’.