Zinea  IV. urtea // 137. zenbakia

Elsa & Fred


Egia esan, hasteko eta behin, laurogeitaka urte daukiezan Manuel Alexandre eta China Zorrilla aktoreek egindako beharra aitatu behar da. Bien lanari esker, pelikula apal honek pantaila aurrean paretan diranak itsutzerainoko distirea hartzen dau. Marcos Carnevalek zuzenduta, 'Elsa y Fred' filmak bizitza amaierako maitasun baten barri emoten deusku, nostalgia eta malenkonia nahiz baikortasuna eta poza ardatz.

Zuzendariak eta gidoigileek personaia liluragarri bi eratu dabez. Alfredo alargundu barri da. Aspaldi dago onenak emonda eta orain triste, bakarrik eta goibel sentiduten da. Elsa be edade bardintsukoa da, baina umetasun ikutu zoragarria dauka. Ameslaria, zoroa eta bizia da, baina oraindino ez dau bete gaztetako ameseta burubako horreetariko bat: ordu txikietan Erromako 'Fontana di Trevi'-n bainu hartzea maitaleak lagunduta, 'La dolce vita' pelikulan Anita Ekberg-ek egiten eban moduan.

Erreferentziak ez dira barriak, baina film eder honek aspaldiko kutsu eta zapore leun, fin eta lasaia dauka, gaur egungo zinean gitxitan ikusi daitekeana. 'Elsa y Fred' zahartzaroko komedia erromantiko on-ona da, ondo egituratuta dago, gidoi argi eta burutsu batez atondu dabe eta edade guztietako ikus-entzuleak hunkitzeko indarra dauka. Pelikuleak erritmo poetikoz persona guztiok maitatzeko eta ohikeriatik kanpo bizitzeko daukaguzan bildurren barri emoten dau, mugak gainditzen dauzen bizipoz baten barri, beti be izuaren marra ikusiezin hori zeharkatzeko bultzada bat emonaz.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Marcos Carnevale.
- Herrialdeak: Espainia eta Argentina.
- Iraupena: 106 minutu.
- Antzezleak: Manuel Alexandre (Fred), China Zorrilla (Elsa), Blanca Portillo (Cuca), Roberto Carnaghi (Gabriel), José Ángel Egido (Paco), Gonzalo Urtizberea (Alejo), Omar Muñoz (Javi), Carlos Álvarez-Novoa (Juan), Federico Luppi (Pablo).
- Gidoia: Marcos Carnevale, Lily Ann Martin eta Marcela Guerty.
- Argazkia: Juan Carlos Gómez.
- Muntaia: Nacho Ruiz Capillas.