Burdina
Burdinolen historia laburra
Indar barriak
Hori holan izanda, burdinoletako langileak konturatu ziran suak indar handiagoa behar ebala eta horretarako auspoak be handiagoak izan behar zirala. Auspo horreek mobiduteko, gizonen indarra baino zeozer gehiago behar zan. Ganera, labeetatik burdina gordinik atarakeran, mailuen bitartez burdin gordin hori landu behar zan eta mailu handiak behar ziran burdina hobeto lantzeko. Eta horreek mobiduteko be, ez zan nahikoa gizakien indarra.
Beraz, buruari bueltak emon eta gero konturatu ziran urak emoten ebala indarra bai auspoa zein mailuak mobiduteko. Mailuen kontuan Balmasedakoa zan Marcos Zumalabek egin ebazan asmakizunik handienak. Ganera, Euskal Herrian diran aran edo bailarak hain estuak izanda erreketako urak indar handia hartzen dau eta lekuak aproposak dira burdinolentzat. Holan ba, burdinolak bailaratako erreka bazterretan eregiten hasi ziran. Aldaketa hau XV. mendeko azken urteetan izan zan.
Zabaltze prozesua berehala etorri zan: XVI. menderako Bizkaian zein Gipuzkoan 300 burdinolatik gora egozan, uraren indarrez ebizazanak. Hurrengo urte eta mendeetan hemengo mendi eta erreketatik ataratako burdina Flandria, Frantzia, Ingalaterra edo ‘barriak’ ziran Ameriketako lurretara eroan ziran, bai lan arruntetarako zein sarritan gerrarako erabilitako armak egiteko. Horregaitik be, burdinola asko Erregearenak edo Gobernuarenak ziran, batez be gerrarako tresnak egiteko erabilten ziranak.
Era bitako burdinolak egozan: ‘Zear olak’ edo burdinola nagusiak eta ‘tiranderak’ edo burdinola txikiak. Lehenengoek 12tik 16ra arroba mineral urtuten eben eta bigarrenek 5 arroba baino ez. Lehenengoek gehiago produziduten baeben bigarrenetatik urtendako budina hobea izaten zan.
Burdinoletako langile kopurua burdinolearen beraren arabera aldatzen zan, batzuetan jente gehiago egoan lanean eta beste batzuetan gitxiago. Baina normalean burdinola batean ‘urtzailia’, hau da, burdinaren masa gordina urtuten ebana egoan. Horrek minerala eta ikatza sartzen ebazan laban eta bere ardurea auspoak mobidutea be bazan. ‘Ijelia’-ren ardurea mailuak mobidutea eta erabiltea zan. Azkenik, ikaslea egoan, ‘gatzamailia’. Minerala garbitzen eban laban sartu aurretik eta burdinolan egin beharreko beste hainbat lan, garbiketa, errekaduak eta abar be bere ardura ziran. ‘Zear olaren’ nagusiak ‘arotza’ izena hartzen eban eta tiranderakoak, ‘txikitzaile’. Lanaren arabera, langile kopurua eta eraikina bera be desbardinak ziran.
Baina burdinolak aurrera egiteko basoetatik lortutako ikatz asko behar zan. Hori dala eta, XVIII. mendea aurrera joan ahala batzuk zarratzen hasi ziran inguruko basoak ez ebelako egur nahiko emoten. Beste leku batzuetan agintariek basoak murrizten joiazala ikusita, burdinola barririk ez zabaltzeko agindu eben. Baina benetan burdinolen amaierea industrializazinoak ekarri eban. Batez be burdina lortzeko Ingalaterran asmau eta handik urte batzuetara Euskadira etorritako era barriak.
1864an 20 burdinola baino ez ziran geratzen Gipuzkoan. 1885ean zarratu zan Bizkaian untzeak egiteko betiko era berbera erabilten eban azkenengo burdinola. Barakaldoko laba garaien sasoia etorren, AHV edo Altos Hornos de Vizcaya jakina. Baina hori beste historia bat da.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Egunotan Sidenor siderurgiako enpresearen salmentearen barri izan dogu. Nahiz eta antza danez enpresa hau berton geratu, gero eta gitxiago dira burdinaren lanagaz lotuta geratzen jakuzan enpresak.
Burdinaren lana aspalditik dogu euskaldunentzat lan ezaguna. Hori dala eta gaurko honetan gure herriaren historian garrantzi handia izan eben burdinolen barri emongo dogu.
Hasikerak
Aspalditik, zabal egoan euskaldunen artean burdinagaz lan egitea. Indusketek hori argi erakusten deuskue. Erromatarren garairako daborduko benetan garrantzitsuak ziran Euskal Herrian burdinolak.
Mendietatik lortutako burdin minerala garbitu eta landu egiten eben burdinoletan, menditik etorritako burdin mineral gordinetik tresnak egiteko moduko burdina lortu arte. Burdin hori lantzeko sutan jarri beharra egoan, eta su hori zenbat eta indar handiagokoa izan orduan burdin hobea lortzen zan. Hasieran sua egurragaz zuzenean edota zugatzakaz egindako ikatzagaz biztu eta indartzen zan. Baina erabili beharreko zugatzak asko ziran eta suak berak be ez eban lortzen hartu beharreko indar nahikoa. Ondorioz, burdina ez zan guztiz ona.