Barriketan  IV. urtea // 137. zenbakia

Lutxo Egia: 'egon danak eta dagoanak moldatu egiten gaitu'

Futbola eta Bilboko itsasadarra. Bilboko itsasadarra eta futbola. Gai horreek biak landu ditu Lutxo Egiak ‘Ezker hanka falta zuen’ aurkeztu barri dauen nobelan. Idazlearen bigarren nobelea da, orain dala hiru urte ‘Paperezko hegazkinak’ atara ostean. Aurrerago, poesia liburu bat be idatzi eban.

Kazetari eta idazle lanetan bete-betean sartuta dago aspaldion baina guretzako tartetxua euki dau.

1.- Poesia idazten hasi eta nobelara salto egin zenduan. Orain, bigarren lana aurkeztu dozu genero horretan. Gusturago sentiduten zara idatzi luzeakaz?

Gusturago, duda barik, narratiban. Ganera, ipuinen bidez sartu nintzan ni literaturearen mundu honetan. Argitaratutako lehenengo liburua, Kalezuloko animalien itzalak, haur-poesia zan, baina lehenagotik banengoan ipuin laburrak idazten. Eta ipuinak idazteari itxi barik, zeozer luzeagoan be ahalegindu naz.

2.- Hainbat saltsatan sartuta zengozala etorri jatzun burura nobelearen haria. Kontaiguzu zelakoak izan ziran hasikerako burutazinoak eta zerk bultzatu eutsun lanean buru-belarri sartzera.

Lehengo baten Castillo Suarezek idatzi eban idaztea irudimenezko hariak jostean lakoa dala. Joan dan Aste Santuan, bat-batean, eskuetan hamaika hari nituala konturatu nintzan. Eta josten hasi nintzan. Sasoi haretan beste bi proiektu literarioren hastapenetan nengoan sartuta. Baita biak, bistatik galdu barik, apur bat baztertu be. Zelan edo holan idatzi behar neban Ezker hanka falta zuen, bidelagun barria bihurtu jatan. Guztiaren oinarrian, Manuel Rivas idazle galegoaren La lengua de las mariposas (A lingua das bolboretas) ipuinari buruzko solasaldi bat. Ipuinaren amaieran traizinoa dago. Zelan interpretetan genduan amaierea. Eta zelan gure bizitzetan askotan emoten diran antzeko ipuinak. Eta momentu horretan bertan erabagi neban zer edo zer idatzi gura nebala ipuin ha atxakia.

3.- Liburuko protagonistea, Gerena, herrena da. Zer adierazo gura dozu ezaugarri horregaz?

Herrenaren inguruko sinbologia modu oso zabal batean uler daiteke. Gerenari hankea falta jako. Gurean herrenak konnotazino txarreko konparazinoetarako balio dau: guzurra, hankamotz. Herrena, perfekzinoa gero eta gehiago saritzen dauen gizarte honetan, ezinbestekoa da literaturan. Baztertua. Baina ez beti. Herrenaren alde be egiten dogu modu patetiko batean. Herrenari inori baino gitxiago, eskasago, autortzen deutsagu. Hor sartzen da Gerena. Galdera bategaz sartu be: nor da herrenago?

Gerenari ezker hankea falta jako. Eta ezkerrik barik, eskumara kargetan dau pisua Gerenak. Ez dau hankarik eta, halanda be, jo egiten dau. Joten ez dauena da benetako herrena. Hasier Etxeberriaren azken nobela, Mutuaren hitzak, jatort gogora. Harenean mutua da berba egiten dauena.

4.- Bilboko itsasadarrak garrantzi berezia dauka nobelan. Zergaitik?

Batzuetan gora, bestetzuetan behera. Eta holan be badabil Bilbo, etenbako mobimentu eta aldaketan. Orain arte, itsasadarraren inguruan eregi dogu uriaren bizitza eta holan be beharko leuke hemendik aurrera, nik uste. Irudipena daukat bagarala itsasadarrari esker. Egon danak eta dagoanak moldatu egiten gaitu. Iñaki Uriarte arkitektoari entzun neutson, ez dakit noren ahotan jarrita, honako esaldi hau: la ria estaba ahí antes que nadie, y la ría seguira cuando no quede nada ni nadie. Eta orain esan leiteke momentu erabagigarri batean gagozala. Eta ez naz Zorrozaurre eta Olabeagaz bakarrik ari. Abraraino ailegetan baita itsasadarra. Ibaizabal ez daitela barrualdetik itsasora hiltera datorren ibai hutsa izan, uriaren motore eta nortasun emole baino, orain arte izan dan moduan. Erronka handia dogu etenbako aldatze honetan. Aldarrikatu behar dogu zeresan handia dogula. Itsasadarreko ur zikin horreetan argi ikusten baita nor garan.


5.- Kirol-kazetaritzan afizionatua be bada eta kronikatxuak be idazten ditu, literatur ikutuagaz. Kazetaritzatik literaturarako pausua ezinbestekotzat joten dozu?

Ez, inondik inora ez. Garai bateko kazetaritzearen islea izan gura dau. Kazetaritzea eta literaturea buztartzen dituana. Egun, prentsan, eretxiaren eta zutabeetako kontu txikien bidez hurreratzen gara batez be estilo literariora. Baina garai batean oso nabarmena zan kirol-orrietako kroniketan. Egungo kronikak oso bestelakoak dira, ez dira hain literarioak. Eta normala be bada. Ikus-entzunezkoak nagusitu egin jakuz. Neurri handi batean, nik uste, estilo hori ez da beharrezkoa hareen eraginez.

6.- ‘Ezker hanka falta zuen’ nobelea laburra da. Halanda be, preparetan zagozan hurrengoa luzea izango dala iragarri dozu. Orri kopuruak emoten deutso seriotasuna lanari?

Ez! Hamaika adibide ekar geinkez horren erakusgarri, zein baino zein argiagoak. Eta ederragoak. Oraintsu Harkaitz Canori Euskadi Saria emon deutse Belarraren ahoa nobela laburrari esker. Filipe Bidarten Babakardadeaz bi hitz be zoragarria da. Eta aitatzen hasita, Alessandro Baricco edo Maxence Fermine be ekar geinkez hona. Maisuak dira narrazino laburretan. Nire hurrengo nobelea, asmoz behinik behin, luzeagoa izango da. Beste modu batean idatzi gura dot. Ikusiko dogu, dana dala.

7.- ‘Zubigilea’ izango da hurrengo nobelearen izenburua. Bat atara barri eukita, egunak badaukaz ordu nahiko beste bat preparetan ibilteko?

Beste bat... edo beste bi (kar kar). Eta bi-biek amaitze-data dakarre, jakiek legez. Daborduko bete-betean sartuta nago Zubigilea (behin-behineko izenburua da) nobelaren nondik-norakoak zehazten. Neguan, bada, hartzen moduan jokatu beharko dut: kobazulora sartu eta ez urten. Hau da, ordu gitxiago emon beharko dodaz telebistearen aurrean. Eguna ondo antolatzen ikasi. Disziplina apur bat, besterik ez.

8.- Aurrerapenen bat egiteko moduan zagoz?

Oraingoz gauza handirik ez. Bilbon zubi bat bota behar dabe beste bat eregiteko. Horra sartuko da gure personaia nagusia, zubigilea. Aurreko nobeletan legez, istorio bi nahastauko dira. Baina kasu honetan uste dot askoz linealagoa izango dala. Hartu-emon guztiak triangularrak izango dira. Eta oraingoz besterik ez.

9.- Oraintsu Jaka Bekea jaso dozu. Saridun idazleak saribakoak baino maila gehiago ete dauka?

Ez. Sarietan eta lehiaketetan ez da idazleen mailea neurtzen, proiektu jakin batena baino. Dana dala, ez jagoku lehiakideoi holako saltsatan sartzea, ez dozu uste?

10.- Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokearen 40. edizinoa laster jatorku. Idazle ikuspuntutik, euskal liburugintzearen ze balantze egiten dozu?

Ahaleginduko naz galdereari iges egiten edo, besterik ez bada, zuzen ez erantzuten. Hau da, une ona ala txarra bizi dauen ez esaten. Bestelako ekarpen bat ekarriko dot, barriz: sinistuta nago euskerazko literatureak aukera ezin hobea emoten deutsela autore gazteei plazara urteteko. Eta ez hori bakarrik. Sistemeak ezin hobeto funtzionetan dauela horren alde. Uste dot euskaldun batentzat errazagoa dala euskaraz idazten daben idazle gazteak detektetea gazteleraz idazten dabenak baino. Euskaldun batentzat beti be. Horren ondorioz, jakina, konparazino gaiztoak egin daitekez hizkuntza bien artean, gazte askok presentzia handia daukielako komunikabideetan. Eta abar.

Saioa Torre Gereketa