Euskerea berbagai  IV. urtea // 137. zenbakia

Orotariko Euskal Hiztegia, 16 liburuki, 14.028 orrialde


Bizkaie!

Euskaltzaindiak pasa dan astean aurkeztu dau orain 18 urte Koldo Mitxelena irakasle eta euskaltzainak hasitako lana: Orotariko Euskal Hiztegia.

Andres Urrutia Euskaltzainburua eta Imanol Sarasola izan ziran, beste askoren artean, aurkezpen-ekitaldiko gidariak. Sarasolak azaldu ebanez, hiztegiaren helburua 'euskerearen lexikografiaren ondare zabala batzea da, garai danetakoa eta leku danetakoa. Obra hau, beraz, deskribapen lan bat da, eta ez araudi bat'.

Lanean, mendeetan euskereak hartutako formak batu gura izan dira. Hamasei liburukiz osotuta dago (azkena da, hamaseigarrena, pasa dan astean aurkeztutakoa). Danetara 125.987 sarrera ditu eta 14.028 orrialde. Sarrera bakotxean berbearen esanahia azaltzen da gaztelaniaz eta euskeraz. Antxinako usadioetatik hartutako adibideak be aitatzen dira.

Orotariko Hiztegiaren historia

Orain ehun urte argitaratutako Resurreccion Maria de Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegia barritzeko ideia dago Orotariko Euskal Hiztegia lanaren oinarrian. Euskaltzaindiak Koldo Mitxelenaren esku itxi eban lan hori.

Orotariko Euskal Hiztegiaren lehenengo liburukia 1987ko abenduaren17an aurkeztu eben Bilbon; bigarrena, 1989ko martian, Donostian; hirugarrena, 1989ko abenduan, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokan; laugarrena, 1990ko abenduan, Iruñan; eta bosgarrena, 1992ko urtarrilean, Gasteizen.