Erromako Euskal Astean Euskerearen Eguna ospatuko dabe
Iratxe Ormatza
Erromako Euskara alkarteak Euskal Astea antolatu dau. Abenduaren 3a Euskarearen eguna dala aprobetxauta, hainbat ekitaldi antolatu dabez aste horretarako. Poesia, irakurtaldiak, berbaldiak eta kontzertuak eskainiko dabez. Eta horregaz batera, gastronomiak be lekua izango dau: bokatak, pintxoak, patxarana, sagardaoa, Arabako errioxar ardaoa…
Astea abenduaren 3an bertan hasiko da. Trikitrilariek eta organo-joleek joko dabe, bertsolariek saioa eskainiko dabe eta poesiari tarte bat egingo deutse. Iluntzerako jatordua eta dantzaldia antolatu dabez. Domekan, abenduaren 4an, San Carlino komentura bisita gidatua egingo dau Pedro Aliaga hiruikoiztarren prioreak; izan be, Euskal Herriagaz loturik dago komentua. Bisitan, historiaren, artearen eta pasadizuen barri izango dabe joaten diranek.
Mariasun Landa idazleak eta Roberta Grozzi euskaratik italierarako itzultzaileak berbaldia egingo dabe Erromako Universita Popolaren. Hurrengo egunean, barriro be alkarregaz, Landak eta Grozzik berbaldiaz gan, literaturako testuak irakurriko dabez Bibli liburudendan. Abenduaren 9an, Mertxe Urteaga arkeologoak Universita Popolaren berbaldia eskainiko dau: ‘Oiasoko (Irun) erromatar zubia’. Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan dago zubia eta erromatarrak han egon ziraneko aztarnea da. Azkenik, domekan, Curva Chiusa taldeak kontzertua eskainiko dau. Alex Mendizabalek eta Chris Balzenek osotzen dabe taldea. Esan dabe kontzertua ‘bizikeltaz’ egingo dabela eta kontzertuaren barruan hainbaten testuak entzungai egongo dira: Joxe Azurmendi, Federiko Krutwig, Anjel Lertxundi, Xabi Erkizia eta abar.
Erromako Euskara Alkartearen eginkizuna ‘euskerearen eta euskal kulturearen sustapena, ezagutza eta zabalkuntza dira, hala nola euskerea eta euskal kulturea Italian kultura desbardinakaz hartu-emonetan jartea’. Horretarako, euskerazko eskolak eta itzulpen zerbitzua eskainten dabez. Itzulpen zerbitzu horren barruan, euskera eta italieraz gan, Italian egiten diran beste hizkuntzak be lantzen dabez. Alkartearen web orrian, Euskal Herriko komunikabideetarako, erakundeetarako, hiztegietarako, kulturarako, hezkuntzarako eta abarrerako loturak dagoz, baita euskeraz ikasteko be. Web orrian, euskerea ahozkatzeko azalpenak be topau geinkez, baita hiztegi txiki bat eta Euskal Herriko kulturearen ganeko informazinoa.