Euskaldunok munduan  IV. urtea // 137. zenbakia

Ameriketako Euskal Ikasketen Alkarteak 2005eko sariak emon ditu


Iratxe Ormatza

Euskal kulturea munduan zehar zabaltzen eta suspertzen daben personak saritu ebazan domekan Euskal Ikasketen Alkarteak. Aurtengoa 25. edizinoa izan da.

Museo batek eta lau personak jaso dabe saria. Batetik, Boiseko Euskal Museo eta Kulturagunea eta haren zuzendari Patty Miller dago. Bestetik, Albert Erkiaga, Boiseko Jaialdiaren sortzailea eta euskerearen eta euskal kulturearen aldeko jardueren bultzatzailea.

Albert Erkiaga Boisen jaio zan eta euskal komunidadearen barruan hasi. Jantzeagaz lotura handia izan dau, umetan jantzan ikasi ebanetik. Boiseko ‘Oinkari’ euskal jantzarien taldearen sortzaileetariko bat izan zan. Erkiagaren berbetan, jantzea ardatza izan da Boisen euskal kultureari eusteko, jentaurrean erakusteko eta ospatzeko orduan. 1987an lehen Euskal Jaia antolatzen lagundu eban, bera izan zan sustatzaileetariko bat, eta ordutik ekinean dabil.

Mari Carmen Totorika irakaslea be saritu eben. Mari Carmen Totorikak 1975ean Boiseko lehen ikastolea sortu eta zabaldu eban, beste batzukaz batera, eta hango irakaslea izan zan hainbat urtez. Euskal sukaldaritzan be behar handia egin dau, egin eta egiten erakutsi izan dau-eta.

Eta, azkenik, Martin Goikoetxea bertsolaria sartiu eben, Gorritin (Nafarroa) jaio eta Rock Springsen (Wyoming) bizi dana. Hogeita bi urtegaz Ameriketara joan zan, baina aurretik Nafarroako Bertsolari Txapelketan parte hartu eban. Gaur egun, bertsolari jarduten dau AEBetan.

Ekitaldiak ‘Basque Hall of Fame’ dauka izena eta helburua euskal kulturearen alde behar egin daben personak omentzea da. Eta horregaz batera, euskal kulturearen ondarea ospatu eta sustatu gura dabe.

Domekan hainbat ekitaldi egin ziran. Ohiko jatorduaz gan, bertsolariak eta Boiseko ‘Biotzetik’ abesbatza entzuteko aukera izan eben ekitaldian egon ziranek.

Berri Txarrak eta Betagarri taldeek kontzertu akustikoa eskaini eben. ‘Basque Rock Live’ egitasmoaren barruan, aurreko egunean alkarregaz jo eben Boisen bertan, Euskal Etxean. Talde biek AEBetan egin daben birearen lehen kontzertua San Frantziskon egin eben, eta batera jo be. Gero, Berri Txarrak taldekoek Renon eskaini eben kontzertua, Euskal Kulturearen Astearen barruan, bertako beste talde bigaz batera. Bitartean, Los Angelesen jo eban Betagarrik, hango hiru musika taldegaz.