Teknologia beti aurrera
Fikzinoa ala errealidadea?
Orain arte filmeetan bakarrik ikusitakoak eguneroko bizitzan sartzen joakuz. Teknologiak beti dakarz gauza barriak baina eztabaidagarriak eta polemikoak be bai sarritan. Hona hemen urte barriak ekarri deuskuzan kontu bi:
AEBetako supermerkatu batean aproba bereziak egiten ibili dira: dirua erabili beharrean kreditu txartela erabilteak sekulako iraultzea ekarri eban; orain, bide horretatik jarraituz, supermerkatu batzuetan ('Kroger Co' izenekoan) txartel barik be pagetako modua dago, gure hatzamarretako ikurren bitartez. Labur esateko, eskaner batek hatzamarraren irudia ataraten dau eta informatikearen bitartez sisteman gordeta dagoan gure ikurragaz konparetan dau bezeroaren identidadea konprobetako; gero, egindako erosketea gure kontura pasauko jaku. Oraintxe hasi dira aprobak egiten Texaseko herri batzuetan eta honezkero 10.000 bezero dagoz saio horretan parte hartzen.
Beste alde batetik, identidadea aztertzen dauen teknologia irakaskuntzan be sartu da. Ingalaterrako eskola batean begietako erretina edo betsarea aztertuz ikasleak identifiketan dabez. BBCk azaldu dauenez, teknologia hau eskolako kafetegian janaria erosteko eta liburutegitik liburuak atarateko baino ez da erabiliko baina Irakasleen Alkarteak dudak plazaratu ditu: etikoa ete da umeak halako saltsan nahastetea? edo osasunerako kalterik ekarriko ete dau?. Eskolako arduradunek ezezkoa emoten dabe eta denpora asko aurreratuko dala dinoe sistema honegaz eta optikoek be holako intensidade bajuko laser izpiek ez dabela kalterik eragiten ziurtatu dabe.
Antzeko sistema bat, irisa aztertzen dauen sistema optiko bat Amsterdameko aireportuan ipini eben martxan 2001ean; bidaiariek, aurretiaz euren begietako irisen argazkiak atara behar zituen eta hortik aurrera, aireportuko arduradunek bezeroen identidadea konprobetan eben pasaporteagaz konparatuz. Bidaiariari txartel magnetiko bat emoten jakon eta enbarke salara joateko begietako irisa eskaneetea beharrezkoa zan. Arduradunek esan ebenez, pasaportearen kontrolik ez da behar sistema honegaz eta prozesua askosaz azkarragoa da. Segurtasuna be handiagoa izango dala diƱoe eta egin beharreko tramiteak be asko arinduko dirala.
Gotzon Plaza,
Informatikoa
Urte barria, bizitza barria. Informatikako teknologiari jagokonez be holan izango da. 2002. urtea amaitu jaku eta beronegaz Windows 95 sistema operatiboak eta Windows 3x sistemaren familia osoak euren EOLera heldu dira (ingelesez End Of Live). Kontua da ze aurrerantzean ez dala egongo ezelako konponketarik, barriztapenik ezta partxerik be software horreetan ipinteko.
Microsoft enpresearen sistema operatibo honeek itzelezko aurrerapausua izan ziran 90. hamarkadan, informatikako saltsea mundu guztira zabaltzeko. Ordura arteko ordenagailuak MS-DOS sistema operatiboagaz ibilten ziran eta berbarako, saguaren sistemea ez zan oraindino asmau. Hau guztia PC ordenagailuei jagokenez ze Macintosh ordenagailuen kasuan, Windowsen sistema grafikoa eta saguaren erabilerea aspaldiko kontua ziran (adituen ustez, gaur-egun be Mac honeen sistemak askozaz errazagoak, arinagoak eta seguruagoak dira Microsoft enpreseak garatu dauzen Windows sistemak baino).
Lagun askorentzako eta enpresa askorentzako gaur hilda dagozan programa horreek bizi-bizirik dagoz oraindino eta euren beharra ondo baino hobeto beteten dabe. Saltzeko gogoa da nagusi, ze etxeko ordenagailua zaharkituta egon arren, gure beharretarako nahikoa bada, zergaitik erosi behar ete dogu beste bertsino barriago bat? Teknologiaren industria aurrera doa, ez dogu ahaztu behar eta abiadurea sekulakoa da. Sarritan, software sistema barri bat erosten badogu gure ordenagailuan kargetan dogunean, ezuste handia hartuko dogu, besteak beste, oso motel ibiliko dalako; erosi dogun dendara deitu ezkero, ordenagailu barria, indartsua behar dogula esango deuskue, prozesatzaile azkarragoa edo memoria gehiagokoa; azkenean, ordenagailu barria behar-beharrezkoa izango da aurrez erositako software hori ganoraz erabili ahal izateko. Merkatuan salgai dagozan milaka jokuekaz be antzekoa pasetan da.
Dana dala, gure ordenagailua guztiz zahartuta geratu bajaku, aukera bat baino gehiago doguz: saltzea edo enkantean ipintea. Informatika munduan oso arin doaz gauza guztiak eta badagoz egon ordenagailu zahar eta klasikoen bildumagileak; lehen Apple edo ta Zenith eta hain famatuak izan ziran Spectrum, Atari edo Sharp tramankuluak gaur egun klasikotzatt hartzen doguz. Batzuetan, traste zahar horreen truke 20 eta 150 euro bitarteko kopuruak lortu geinkez. Bitxikeriak be badagoz: 1975eko IBM 5100 tramankulu bategaitik 3.000 euro pagau izan dira. Honako web orrialdeotan zenbat gura informazino topauko dozue ordenagailu zahar horreei buruz:
www.microhobby.com
www.geocities.com/museo8bits/
retroinformatica.net/
emuzone.metropoliglobal.com/spectrum/