Musikea  IV. urtea // 137. zenbakia

eLORriotik, ‘Bakoitzari berea’


Saioa Torre Gereketa

Lor taldeak bigarren diskoa aurkeztu barri dau. Elorrioko laukotea indarrez beteta dator ‘Bakoitzari berea’ lanean. Lander Irazola, Kimetz Zenitagoia, Kimetz Blanco eta Ramiro Unzeta luzaroan egon dira grabazino-lanak egiten, aurtengo abuztutik urrira, hainbat estudiotan. Emoitza: hamar kanta barri, erremix bat eta making off bat.

Laukotea ez da bakarrik egon, ostera. Kolaborazino ugari izan dabez, tartean Habeas Corpus taldeko M.A.R.S. (euskeraz abesten) eta Muted taldeko kide batzuk.

Oinarri sendoak, landutako ahotsak eta kanta melodikoagoak topauko doguz ‘Bakoitzari berea’ lanean. Aldaketen artean, ahotsa izango da nabarmenena. Taldekideak betikoak dira baina orain Irazolak abesten dau.

Laster hasiko dira kontzertuakaz elorriotarrak. Lehenengoa Tolosan izango da abenduaren 3an. Ostean, aurkezpen-kontzertu ofiziala egingo dabe Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, Durangoko Azokearen harira, abenduaren 7an. Bertan, Berri Txarrak taldeak be joko dau. Ostean, abenduaren 21ean, Andoainera joango dira; eta, datorren urteko martiaren 9an, Bilboko Kafe Antzokian izango dira. Bitartean, baina, hainbat kontzertu gehiago eskaintzeko asmoa daukie, oraindino kontratazino asko zabalik daukiez eta.