Lekeitioko XXVIII. Euskal Zine eta Bideo Bilera, zemendiaren 15etik 19ra
Bizkaie!
Gaur, hilak 15 arratsaldeko zazpi eta erdietan zabalduko dabe Ikusgarri zinema aretoan Lekeitioko Euskal Zine eta Bideoaren Bilera, eta zapatu gauera arte hogeita hamaika lan erakutsiko dabez.
Erakutsiko dabezan hogeita hamaika lan horreetatik bi lehiaketaz kanpokoak izango dira, hain zuzen ordu erditik gorakoak diralako eta lehiaketako baldintzak argiak dira: euskeraz egindakoak eta ordu erditik gorakoak ez izatea. Arantxa Gurmendi aktore ezagunak egindako 'Basamortuko irribarreak' eta Juan Bidegainen 'Rockall' dokumentalak erakutsiko dabez gaur. Lehena Tindufeko saharar errefuxiatu eremuetan eginikoa da eta bigarrena Ternuako arrantzaleei buruzkoa da.
Egunero, ordu eta erdi edo bi orduko emonaldiak egiten dira Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Hogeita hamaika lan horreetatik gehienak sormenezko lanak dira eta amateurrak dira nagusi.
Egitaraua
Bihar ¡Lekeitio iruditan' 2ki Produkzioak etxeak egindako erreportajea; 'Xoxoak Beleari', Oscar Galan Perezen sormenezko lana; 'Hutsa', Idoia Solores Etxaberen film laburra; 'Hi bai artista!, Uranga', Igor Eizagirreren dokumentala (Angel Uranga margolariari buruzkoa); 'Urrunera', Aitor Ibarraren bideoklipa; 'Lehendabiziko koloreak, Tony Mendiolearen lana; 'Mirentxu Skate', Animatu Multimediaren argumentuzko lana; 'Gabeziak' Raul Martin Soleraren argumentuzko lana eta 'Benimaru', Joseba Uberuagaren sormenezko lana eskainiko dabez. Etzi, barriz, 'Nire lorategi berdea', Jon Garañoren dokumentala; 'Gaizkileak', Azkoitiko Xabier Munibe ikastolakoek egina; 'Leokadi¡', Juan Fernandezen argumentuzko lana; 'Saharara goaz', Manu Izagirreren dokumentala; '“Aitona Martin eta biok', Pello Varelaren sormenezko lana; 'Plaza', Idoia Soloresen sormenezko lana; ''Mari Lurraren Jainkosa', Jabier Larrañagarena eta 'Sinetzi nahiko nuke', Tony Mendiolarena.
Barikuan emongo dabez: 'Denbora ez da distantzia', Xabier Iñarrairaegi/Karlos Erizen sormenezko lana; 'Berkeleyren tesia', Jon Garañoren lana; 'Urrunera', Aitor Ibarraren bideoklipa; 'Kabana', Iraia Agirre/Jon Berezibarren dokumentala; 'Ni ere bai', Xabier Iñarrairaegi/Karlos Erizen dokumentala eta 'Tululu', Jon Granderen lana.
Azken buruan, zapatuan, 'Krow kanta tradizionala', Miren Delgadoren sormenezko lana; 'Elbi txuriei begira', Andoni Mendizabalen argumentuzko lana; 'Onarpena', Andres Elizondoren sormenezko lana; 'Art police', Iñaki Beraetxeren sormenezko lana eta 'Txikle dantza', Logela Multimediaren sormenezko lana eskainiko dabez.