Eretxia  II. urtea // 18. zenbakia - 2003ko urtarrilaren 15a

Prestige, iragarritako hondamendi ekologiko baten kronikea


Oraingo egoerea Euskal Herriko itsasertzean eta aurreikuspen ezkorrak

Azken aste osoan Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetara Prestige-ren fuel orioa heldu da. Eta azken egunetan lehenengoetan baino gehiago. Ganera, itsaso parean orban baltz piloa ikusten da (5, 10, 15 zentimetrokoak, bai eta 20-30 zentimetrokoak be). Asturiasen ondoan beste 3.000 tona (50 kilometro luze eta zabal dan orbana) dagoz eta leitekeana da datozen egunotan heltzea. Bien bitartean, fuel-orioa batez be Bizkaiko hondartzetara ailegau da. Batzuetan, metro bateko fuel-olio orbanak topau ditue; Azkorri hondartzan eta Getxon, berbarako. Abenduaren 13an, Bizkaiko 13 hondartzatan 14 tona fuel-orio jaso ziran. Gipuzkoako 9 hondartzatan, barriz, 0,3 fuel-olio tona batu zituen. Profesionalek dihardue hareatzak garbitzen. Beraz, oraingoz boluntarioen presentzia ez da beharrezkoa, baina aurreikuspen ezkorrak beteten badira, boluntarioak gurean be ikusiko doguz hemetik lasterrera.

Itsasoan, bestalde, 31 arrantza-ontzi dabilz fuela batzen. Dana dala, orbanak oso sakabanatuta heldu dira orain arte; beraz, lana askozaz gatxagoa da. Hurrengo orduotako egoereak okerrera egingo dauela eta, arrantza-ontzi gehiago ibiliko dira beharrean.

Urdaibaiko gune babestura be, Laga ingurura, fuel-orioa heldu da. Edozelan be, bertan hesi flotagarriak dagoz eta momentuz fuel asko sartzea eragotzi dabe.
Azkenik, esan behar da momentuz oso fuel gitxi ailegau dala Lapurdiko kostaldera. Donibane Lohitzune, Miarritze eta Angeluko hondartzetan eta Txingudiko badian hesi flotagarriak ezarri ditue. Era berean, Miarritzen kutsadurearen aurkako sareak ezarri ditue Amabirjinaren hatxetatik Saint Martin hondartzaraino. Sare horiek fin-finak dira, ahalik eta kutsadura gehien batzeko.

Aurreikuspen guztiak gorabehera, gure kostatik gero eta hurrago dago 3.000 tonako orban handia. Seguru antzean, hurrengo egunetan prest egon beharko dogu orban horri itsasoan zein kostaldean aurre egiteko. Gure itsasertzak be PPko politikari ezgauza eta guzurtien nahiz armadore eta enpresaburu ustel batzuen ondorio baltzak jasango ditu. Gauza bi baino ezin doguz egin: ahalik eta ondoen garbitu eta erantzukizunak eskatu. Zoritxarrez, Prestigek pozoia isurtzen segiduten dau.

Joseba Terreros

Igazko zemendiaren 13an 77.000 tona fuel-orioz betetako Prestige petroliontziak ezbeharra izan eban eta kroskoa zulotu jakon, Galiziako itsasertzaren ondotik nabegetan joiala. Handik sei egunera, zemendiaren 19an, zatitu eta hondoratu zan, Espainiako gobernuaren eraginkortasun faltea, jokabide penagarri eta geldotasunaren ondorioz. Une honetan Galizia ez eze Bizkaiko Itsasoko kostalde guztia eta Portugalekoaren zati bat be lohitu ditu Prestige-ren marea baltzak. Atzo, abenduak 13, hamalau tona galipot batu ziran gure itsasertzean. Eta txarrena ez ei da ailegau.

Espainiako gobernuaren jokabidea

Bata bestearen atzetik jatorkuz hondamendi ekologikoen zerrenda luze eta makurren etenbako pasarteak: Urquiola, Cason, Mar Egeo, Erika, Prestige. Antzeko monotoniari jarraituta, kasuotan gobernuek hondamendi honeei aurre egiteko plangintza eta baliabide lar ez dabela igarri arren, sekula ez dogu ikusi Espainiako gobernuaren besteko gaitasun eta eraginkortasun faltarik. Prestige-ren kasuan, Espainiako gobernuaren eta Galiziako Xuntaren gaitasunik eza maila gaindiezinetara ailegau da. Izan be, lehenengo egunetako geldotasun harrigarriari eta erreflexu falta ikaragarriari marea baltzaren inguruko informazinoaren manipulazino lotsagarria eta zentsura gogorra gehitu jakez.
Eretxi publikoa engainetako esandakoaren argigarria hona hemen PPren ministroek eta presidenteak egindako adierazpenetariko batzuk:

Prestige nazinoarteko uretara atoian eroanda, arrantza arloak urte askoan gaindituko ez leuken hondamendi ekologikoa ebitetea lortu da
Miguel Arias Cañete. Arrantza Ministroa. 2002ko zemendiaren 17an.

Isurketea kontrolpean dago. Agintarien berehalako ekimenari esker, ez deutse kalterik ekarriko ez itsasertzeko herriei ez itsasoko espezieei be.
Miguel Arias Cañete. Arrantza ministroa. 2002ko zemendiaren 18an.

Gauzak nahiko ondo egin dira. Itsasontzia zentzuzko distantzia batera hondoratu da.
Mariano Rajoy, Gobernuaren Presidenteordea. 2002ko zemendiaren 19an.

Prestige-ren barruko fuel-orioa solidotzea beste alternatibarik ez dago.
Mariano Rajoy, Gobernuaren Presidenteordea. 2002ko zemendiaren 22an

Isurketeak Coruñako zati garrantzitsu bati eragin deutso, baina ezin da esan marea baltza danik.
Mariano Rajoy, Gobernuaren Presidenteordea. 2002ko zemendiaren 23an.

Arrantzan egiteko galazotako eremuak hamabost egun barru zabalduko dirala kalkuletan dot.
Miguel Arias Cañete, Arrantza Ministroa. 2002ko zemendiaren 26an.

Hondamendi honetan izandako bizkortasuna eta erabilitako baliabide kopurua inozkorik onenak izan dira.
Mariano Rajoy, Gobernuaren Presidenteordea. 2002ko abenduaren 5ean.

Guzurretan dabilz Prestige-ren kroskoari petrolioa dariola egiaztatzen dabenak.
José María Aznar, Gobernuburua. 2002ko abenduaren 7an.

Ez dakigu fuel-orioa solidotuko dan, ez eta noz izango dan.
Mariano Rajoy, Gobernuaren Presidenteordea. 2002ko abenduaren 8an.

Neurri honetako guzurrak entzunda, ez da harritzekoa galiziarrak guztiz suminduta egotea, Galizia osoan egindako aldarrikapen, manifestazino eta mobilizazino mordoek erakutsi deuskuen legez. Ganera, hondamendiari erantzun bateratua emoteko asmoz, 'Nunca Máis' plataforma herritarra eratu da, marea baltzak ingurumen, gizarte eta ekonomia arloan eragindako kalte guztiak konpondu daitezala eskatzeko. Bien bitartean, PPren gobernuak bere ardurea eta erantzukizuna onartu beharrean, 'Nunca máis' BNGren menpeko egiturea dala eta interes alderdikoen arabera jokatu dauela adierazo dau. Edozelan be, eretxi publikoari iruzur egitea ez da batzuek uste daben baizen erraza. Une honetan edonork daki petroliontzia matxuratu zanetik hondoratu arte sei eguneko epe luzea izan zana, kostatik urruntzea urtenbiderik txarrena izan zana, hondoratu ostean be makina bat tona fuel botetan dabilena eta luzaroan iraungo dauen arazoa dana.

Hondamendi mueta honeen iturburua

Edozelan be, honen antzeko hondamendi ekologikorik ostera be izan ez daiten, arazoaren iturburuak aztertu eta konponbide egokia emon behar jake. Izan be, Prestige lako zabor-ontziek nabegetan jarraitzea ez da bape ulergarria, are gitxiago ontzia pleitatzeko ardurea Suitzan dagoan baina Bahametan erregistrautako errusiar talde bateko enpresa subsidiario batena bada; eta hori gitxi ez balitz, petroliontzia Greziako armadore batena zan, Liberiako banderea eukan eta Estadu Batuek emoniko nabigazino egiaztagiria eskuratu eban. Eta nahaste-borraste hau zergen ordainketea ebitetako, ikuskapenak gatxago egiteko eta erantzukizun nahiz ardurak ganetik kentzeko. Ildo berari jarraituz, erregai fosiletan oinarrituriko politika energetikoaren ganeko itaun batzuk egin beharko geunkez; izan be, toxikotasun ikaragarriko fuelak munduko alderdi batetik bestera garraiatzen dabezan itsasontziak dagozan bitartean, holako ezbeharrak jazoteko arriskua izango da, segurtasun neurriak handiak izanda be. Halandaze, zabor-ontzien baimenak galarazoteko nazinoarteko arautegi gogorra eta zorrotza preparau eta energia barriztagarrien aldeko postura garbia egin beharko geunke. Baldintza bi horreek bete ezean, gatxa izango da era honetako hondamendi gehiago ez ikustea.