Match Point
New Yorkeko zuzendari handiak zinea egiteko modu jakin bat dauka, bere ibilbide oparoan askotan ikusi ahal izan doguna. Sarritan filmak inertzia eta automatismo handiagaz egin dauz, baina bere estilo bereziak beti salbatu dau porrotetik. Txitean-pitean be film onak, sakonak eta barritzaileak egiteko gauza izan da.
'Match Point' pelikula filosofikoa da: istorioak bide emoten deusku zortearen eta zoriaren ganeko hausnarketa interesgarria egiteko. Ganera, Woody Allenek halantxe aurkezten deusku, halabeharraren ganeko gogoeta txiki bat eginda.
Tenisa, beraz, personaia gazte honeen bizimodua korapilatzeko metafora eta testuinguru ezin hobea dala esan daiteke. Jonathan Rhys Meyers-ek ('Velvet goldmine') eta Scarlett Johansonn-ek ('Lost in Translation') oso personaia gatxen antzezpenak egin behar izan dabez; izan be, filmak ikutu serioa euki arren, 'Match Point' honetan ironia fina agiri da, ikus-entzuleen gomutan grabetan diran esaldi zorrotz asko...
Pelikula honetan zati bi bereiztu daitekez: lehenengo zatia komedia erromantiko batetik hurren dagoan filma da, glamourrez betea eta gazte neurotiko eta erakargarriek atonduta. Bigarren zatian ikutu tragikoak azaltzen dira eta zoritxarra. Maitasuna, sexua, errua, hipokresia, guzurra... horreek guztiak agertzen dira, zoragarri filmaturiko Londres idealizatu batean.
Laburbilduz, honako hau Woody Allenek egin ohi dauzen film interesgarrien multzoan sartu behar dogu; istorioaren abiapuntua ona da, girotze lana bikaina, antzezleen beharra itzela, musikea ezin hobea eta amaierea zorrotza.
Joseba Terreros
-Zuzendaria eta gidoilaria : Woody Allen.
-Herrialdea: Erresuma Batua.
-Iraupena: 123 minutu.
-Antzezleak: Jonathan Rhys Meyers (Chris Wilton), Matthew Goode (Tom Hewett), Emily Mortimer (Chloe Hewett Wilton), Scarlett Johansson (Nola Rice), Brian Cox (Alec Hewett), Penelope Wilton (Eleanor Hewett), James Nesbitt (Banner ikertzailea), Alexander Armstrong (Sr. Townsend), John Fortune (John), Ewen Bremner (Dowd ikertzailea).
-Argazkia: Remi Adefarasin.
-Muntaia: Alisa Lepselter.