Frantziako istiluak sarean
Gotzon Plaza,
informatikoa
Telebistatan, egunkarietan, irratietan... izan dogu azken hamabostaldian Frantziako burruken barri.
Auzune batean hasitako biolentzia nazino mailako arazoa bihurtu da egun batetik bestera. Batez be, gauean izan dira burruka eta zalaparta ugarienak: kotxeak eta autobusak erre, batzutan eskolei eta etxeei be eraso, poliziagaz izandako burrukak…. Horixe izan da eguneroko ogia auzoko herrialdean. Etorkinen arazo sozialak (langabezia, integrazino eza, diskriminazinoa), urriaren 27an gazte biren hilketearen ondorioz lehertu egin eban.
Baina gaueko burruka horreek zelan zabaldu dira hain arin auzune batetik beste herri batera eta Frantziako departamentu batetik beste batera? Ez daigun ahaztu informazinoa eta teknologiaren garaian bizi garala: eskuko telefonotxoek benetako bide arina izan dira burrukak eta gazte parte hartzaileak koordinetako eta bateratzeko.
Ez da gauza barria: danok gogoratzen dogu Madrileko atentaduen ostean jentea zelan batu zan Alderdi Popularraren egoitzearen aurrean. Konzentrazino haretan Madrileko eskuko telefonoek sua ataraten eben, mezuak batetik bestera pasau ziran. Mobilizazino mueta hori gauza barritzat emon zan bai politikoen eta baita soziologoen artean. Ia guztiak ‘jokoz kanpo’ geratu ziran.
Frantzian be antzerakoa pasau da: etorkina (edo etorkinen seme-alabea), gaztea, lan barik eta etorkizunean esperantza handi bakoa, horixe izan da gauetan poliziagaz burrukan ibili danaren perfila. Baina gazte horreek teknologiagaz nahiko ohituta dagoz, danek daukie eskuko telefonoa eta eurentzat (beste gazte askorentzat lez) Internet ez da bape arrotza ezta bildurgarria. Hori dala eta, Interneten blog ugari sortu dira burruka horreen inguruan, bai hasieran hildako gazte biakaitik doluminak eskaintzeko, bai komentarioak edo eretxiak emoteko eta baita biolentzia eta burrukak sortzeko eta jentea horretara animetako be.
Danatarikoa egon da eta gune batzuk poliziak zarratu behar izan ditu, bertan esaten ziran gauzak zirala eta. Biolentzia erabilteko deialdiak zabaldu dira blog-etan eta gitxienez hiru adin txikiko be detenidu dabez. Sareak emoten deuskun erraztasunari esker, gure nortasuna ostenduta mantentzeko ez da gauza handirik egin behar. Gero bai, denporea izan ezkero, polizia gure arrastoa segitzeko kapaza da baina bitartean sarean mueta guztietako komentarioak dagoz.