Euskerearen irudia
Konrado Mugertzak ikuspegi ezkorra azaldu eban hasikera batean. Gaur egungo gizarteak orain dala 25 urtekoaren gogoa eta aktibotasuna galdu dauz eta lasaitasunean bizi dabe euskerearen egoerea. Guraso askoren ustez, euskerea salbauta dago eskola eta abarren bitartez eta egia da orain ez dogula euskerearen berreskurapenen ganean berba egiten. Egun modan dagoen berbea, ostera, normalizazinoa, prozesu luze eta konplexu legez definitu eban Mugertza jaunak.
Aitor Etxebarriak euskeraz gozau beharra lehenetsi eban bere azalpenetan. Santurtziko Udal Euskaltegiko irakasleak gazteei euskeraz egiteko inposizinorik ez jakela egin behar esan eban, hori baino, euskerea gaztelania edo frantsesa bezain jostagarria dala erakutsi behar jakela azalduz. Esan beharra dago euskera irakasleak datu ugari emon ebazala.
Joxean Muñoz idazleak ondorioak baino zalantzak eta galderak ekartzala esan eban hasikera-hasikeratik. Euskerea bera produktua edo lanabesa dan zalantzan jarri eban, egungo konpetentzia linguistikoen lehia argudiotzat joz. Euskerearen eta erderearen arteko pidgin, kreolera edo euskañol legez ezagunagoa dana etorkizunean bideragarria izango ete dan galdetu eutson bere buruari, azkenean, orain dala 25 urteko amesak oraindino erdizka baino ez dirala bete ondorioztatuz.
Azkenik, Joseba Santxok ilusinoa berreskuratu beharra nabarmendu eban. Jenteak ilusinoz jo behar dau euskaltegietara, ilusinoz bizi behar dau euskerea eta bardin ikasi. Egia da euskerea normalizazino bidean doala, baina ezin dira militantismoaren aroko irudi eta lelo bardinak erabili.
Ikusten danez, euskerearen irudia aldatu da, baita sentimendua be. Baina, benetan, zer sentiduten dau jenteak euskereagaitik?
Xabier Paia
Joan dan astean, Getxoko Udal Euskaltegiak, bere 20. urteurrena ospatzeko antolatu dauzan ekitaldien barruan, euskereari buruz berba egiteko mahai-inguru bat prestatu eban Villamonteko Kultur Etxean. Gaia honakoa zan: euskerearen bilakaerea azken 20-25 urteetan. Hizkuntzakanako sentimenduaren eta irudiaren bilakaerea. Horren inguruan berba egiteko mahaira inguratuak, ostera, honakoak izan ziran: Kike Amonarriz, Joseba Santxo, Joxean Muñoz, Aitor Etxebarria eta Konrado Mugertza.
Euskerea herri izaerari lotuegi ete dago? Orain dala 25 urte jente askok ikasten eban euskerea euskalduna izan guran. Gaur egun euskaldun izan gaitekez euskerea jakin barik? Orain dala 25 urte euskerea ikastea modan egoan militanteen bitartez. Gaur egun zer egin behar geunke euskerea modan jarteko? Holako itaunak buru barruan eukezanentzat inguramen aproposa izan zan idazle, irakasle eta adituz osatutako mahaia.
Lehenengo berbak Kike Amonarrizek egin ebazan, Tolosan, orain dala 20-30 urte gazteek euskeraz egiten ez ebela esanaz. Jenteak erderaz baino ez ei eban egiten, baina euskerea antifrankismoaren diskurtsoagaz bat egin ebanean, ordura arteko euskaldun erdaltzale askok eta askok euren jatorrizko hizkuntzarako pausoa emon eben. Ordukoari militantismo deitu eutson, gaur egun desagertu ez, baina neurri handi batean orduko boluntarioen nahiak profesionalizatu dirala esanaz. Gaur egungo euskerearen irudia ez da lehengoa eta hortaz, ezin dira orain dala 25 urteko pentsamenduaren irudiak eta ideiak erabili. Euskerearen alde baino, euskeraz alde egin beharra azpimarratu eban soziolinguistikearen inguruan behar egiten dauen telebista aurkezle ohiak. Azkenik, hizkuntzak beharrezkoa eta baliagarria izan behar dauela azaldu eban.