Zinea  IV. urtea // 136. zenbakia

Broken flowers


Film hau personaiak ikusteko eta aztertzeko zinea da; eurak, isil-isilik, inguruan jazoten danari adi dagoz. Honako hau be bakardadearen ganeko zinea da, baina kasu honetan personaiaren isolamendua ez da zigorra, ez da bizitzan egindako akatsen ondorioa, ezpada gurata hartutako bidea eta bizimodu modura hartutako indibidualismoaz gozetako ezinbesteko baldintzea, hori bai kontraesanez betetakoa.

Film honek ez deutse bizitzako itaun garrantzitsuei erantzun gura, baina makina bat galdera aurkezten deuskuz. Horrexegaitik esan daiteke 'Broken flowers' izeneko lan honek ez daukala inori moralaren ganeko ikasgaririk emoteko ezelango asmorik; apaltasun handiko lana da, batzuetan bizitzea bera baizen absurdoa eta zentzunbakoa.

Bill Murray komiko handia aukeratu izana be film honen aldeko beste ezaugarri interesgarria da; Sofia Coppolak 'Lost in Translation' pelikula ospetsuan emondako lanaren ostean, emoten dau bakardadea erakusteko zine intimista honetara ezin hobeto moldatu dala eta horretan baino ez dauala jardun.

Filmak melankolia, bakardade eta existentziaren ganean egiten deusku berba. Baina hori guztiori pelikulearen ganean hegaz egiten dauen azaleko sentsazino sarkor eta ukutuezina baino ez da eta hortxe dago film honen arrakastearen gakoa, ikus-entzuleari gauzak esan eta heldu eragiteko modu fin horretan, hatan be.

Horri guztiorri, ganera, hainbat pasarte absurdo gehitu behar jakoz, filmaren erritmo geldoa apurtzeko eta irribarre egiteko aukerea emongo dabenak. Azken batean, honako hau zine trinkoa da, ona, baina beharbada ez da udagoieneko egun triste eta goibel bat alaitzeko modurik onena.

Joseba Terreros

-Zuzendaria eta gidoilaria: Jim Jarmusch.
-Herrialdea: AEB.
-Iraupena: 106 minutu.
-Antzezleak: Bill Murray (Don Johnston), Jeffrey Wright (Winston), Sharon Stone (Laura), Frances Conroy (Dora), Jessica Lange (Carmen), Tilda Swinton (Penny), Julie Delpy (Sherry), Christopher McDonald (Ron), Chloƫ Sevigny (Carmenen laguntzailea ), Mark Webber (mutikoa ).
-Argazkia: Frederick Elmes.
-Muntaia: Jay Rabinowitz.