Eretxia  IV. urtea // 136. zenbakia

Frantziako jazoerak eta ikasi beharreko ikasgaia


IƱaki Atxutegi

Egunez egun Frantziatik jatorkuzan barriak oso kezkagarriak dira. Egoera larrian dagoz Frantzian. Gauero-gauero, ehunka kotxe erreten dabez uri handien inguruetako gazteek.

Antza, istiluon atzean ez dago antolatutako talderik. Amorruak eraginda edo, Frantziara joandako etorkinak edo orain urteak joandako etorkinen ondorengoak komunikabideetan ikusi doguzan barrabaskeriak egiten dabilz.

Danok uste genduan Frantzia ondo antolatutako herria zala, modernoa eta kanpotarrak ondo hartzeko gauza. Gogoan daukagu, esate baterako, Frantziako futbol selekzinoak munduko txapelketea irabazi ebanean zelan esaten eben harro-harro integrazino eredua zala futbola. Selekzinoan baltzak, ipar afrikarrak eta zuriak egoazan, danak Frantziako koloreak defendiduten. Saldutako historia sinistu egin genduan, baina orain ikusi dogu Frantziako errealidadea ez dala horren goxoa.
Azken egunotako jazoerek erakusten dauskue ez dagoala benetako integrazinorik. Bertako horrenbeste auzotan etorkinak baino ez dira bizi. Euren saltsan egosten dirala esan leiteke. Auzo horreetan langabezia mailea altua da, gazte asko eskolabakoak dira eta euren etorkizuna oso iluna da. Zonalde honeetan, etsipena eta haserrea dira nagusi. Elektrokutauta hildako gazteen kasuak txinpartearena egin dau burrukak sortzeko orduan.

Frantziako gobernuak erasoen kontra daukan botika bakarra errepresinoa dala emoten dau. Duda barik, estaduak erantzun behar dau. Baina errepresinoagaz ez da nahiko. Egoerea baretu eta gero sakoneko arazoari aurre egin behar jako, arazoa serioa da eta. Orain arte egin ez dabena egin beharko dabe aurrerantzean. Argiago esanda, benetako ghettoak dagoz gaur egun Frantzian. Eta ghettoetatik sortzen diran arazoak ez dira konpontzen polizia gehiago jarten.
Europako herri batzuk bildurtuta dagoz Frantziako istiluak beste herrialde batzuetara zabaldu daitekezalako. Gure artean be, asko arduratuta dagoz. Ez dago zertan holan pentsau, epe laburrera behintzat, batez be gure artean dagozan etorkin gehienak hegoamerikarrak diralako eta ez islamiarrak, Frantzian pasetan dan legez. Baina ez daigun ahaztu apurka-apurka bide hori hartzen goazela. Eta badaukagu Frantziako jazoeretatik zer ikasi. Uri handietako eskolatan etorkinen seme-alabak baino ez dagoz. Ondorioz, nekez izango dabe erreferenterik euskal gizartean. Ez dabe izango sustrairik ez gurean ez euren jatorriko herrian. Zelan jokatuko dabe hemendik urte sustraibako horreek?