Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 136. zenbakia

Gazteei ez jake politikea bape interesetan


Euskerea eta hezkuntzea

Inkestan parte hartu daben gazteek ontzat emoten dabe eskaintzen jaken derrigorrezko hezkuntzea, baina erdiak baino gehiagok esan dau ikasketak amaituta, ez zirala euskeraz berba egiteko kapaz. Euren ereduen inguruan be itaundu deutsee gazteei: kirolariak, musikariak eta aktoreak daukiez eredutzat.

Alderdi politikoak dira, armadeagaz batera, gazteei konfiantza gitxien emoten deutseen erakundeak. Askok uste dabe politikariek euren interesa bakarrik bilatu guran jarduten dabela.

Beren burua ezkerrekotzat daukie eta euskal herritartzat batez be. Lotura handia daukie euren udalerriakaz eta Euskal Herriagaz, baina ez Espainia edo Europagaz. Halan, % 32 Euskal Herriaren independentziaren alde dago eta % 33k adierazo dau bat etorri leitekeala erabagi horregaz, ‘zirkunstantzien arabera’.

Zaletasunak

Zaletasunen artean, heren bik kirolen bat egiten dabe; mutilek neskek baino gehiago. Futbolean, uger egiten eta bizikletan jarduten dabe gehienbat. Gazteen erdiek sarri irakurten dabela dinoe: egunkariak, literatura eta entretenigarriak. Gehienek gaztelaniaz irakurten dabe, neskek mutilek baino gehiago.

11.984 gazteri egin deutsee inkestea, 3.430 lagun 15-29 urte bitartekoak izan ziran eta ganerakoak 30 urtekoak edo edo hortik gorakoak.

Begiluzea

EAEko gazteen arazo nagusiak etxebizitza eta langabezia dira. Gehienek ez dabe politikea gustoko, eta ez dabe konfiantzarik politikariakan, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzino Soziologikoen Kabineteak egindako inkestearen arabera.

Euskal gazteak konforme dagoz euren bizitzeagaz, eta etxebizitzearen prezioa, langabezia, diru-arazoak eta gizarte desbardintasunak dira euren ardura eta kezka nagusiak, euskal gazteriaren inguruan egindako azken inkesta honetatik ataratako datuei erreparauta.

Gizarte gaiak eta politikea

Txostenean hainbat datu bitxi agiri dira. Adibidez, gazteek nahiko ondo bizi diralako ustea daukie, euren bizi maileari emoten deutsien puntuazinoa 6,8koa da 10eko eskala batean. Beraz, gauzak inozkorik ondoen joakezala pentsetan dabe, aurreko zazpi urteetan egindako inkestetatik ataratako ondorioakaz alderatuta. 1996an arrakasta personalaren batez bestekoa 6,5ekoa zan eta 2002an gaur egungo datuetara ailegau zan, 6,8ra, hatan be.

Sano gustora bizi dira, baina kexetan dira ezin dabelako aita-amen etxetik alde egin, etxebizitzea erostea lar karua da eta. Gazteen buruhauste nagusia horixe da, etxebizitza faltea (% 41); ikerlan honen datuei jarraituta, arazo honek 31 urtera arte luzatu dau gazteek familiaren habiatik urtetako batez beteko edadea.

Beste datu deigarria da gazteek ‘arazo personalen ganean’ daukien pertzepzinoa da. Euren arduren mailan lehentasuna daukie zuzenean eragiten deutseen arazoek, berbarako etxebizitzearen arazoak, langabeziak eta arazo ekonomikoek. Interes orokorreko gaiak ez dabez hain interesgarritzat joten, esate baterako hezkuntzea, osasuna eta inmigrazinoa. Edozelan be, neskek sentsibilizazino handiagoa erakusten dabe gizarte gaiei jagokenez.

Ez dagoz oso interesatuta ingurumenaren edo gizarte zerbitzuen inguruko gaietan eta, beharbada, horrek azaldu leike politikea dala-eta daukien ardura faltea. Argi eta garbi dinoe ez jakela bape interesetan. Datuak, behinik behin, sano adierazgarriak dira: % 9 baino ez dago interesauta politikan eta % 63rentzat gaiak ez dauka bape interesik edo interes txiki-txikia. Politikeak, batez be, deskonfiantzea sortu eragiten deutse (% 24). Eta % 22k gauza publikoagaz zelako edo holako kezkea daukala adierazo arren, % 17k interes faltea azaltzen dau, % 15 gogaitu egiten da gai honegaz eta % 8k haserrea edo sumina sentiduten dau izena entzuteagaz batera.