Bidaide  IV. urtea // 136. zenbakia

Tentsinoa nagusi Sri Lankan


Kaosa

Datorren asteko kronikan aurreikuspen baltzak bete ete diran jakingo dogu. Akaso, pobrezia nagusi dan herrialdean zentzuzko jarrereak irabaziko dau eta derrigorrez beharrezkoa dan bakea heldu da.

Baina, politikoak euren nahaste personalen inguruan berba egiten daben bitartean, Colomboko kaleak biziz beteta dagoz.... kutsadurea ahaztu barik. Uriburuak ikutu indioa dauka, duda barik, baina kosmopolitea be badala esan behar da. Emakumeen ‘sari’en kolore biziak biztanle musulmanen jantzi zuriakaz nahastean dagoz. Atmosferea usain gogorrez beteta dago: auto zaharren ke baltzetik kaleko janari-postuetako espezietara arte. Gura ala ez, oinezkoen sudurretik sartzen da koktail errukibakoa.

Gauez be, klaxonen kakofonia eta motor zaharren zaratea bete-betean sartzen da hostatuko logelara. Egiten ete dau lorik Colombok? Ez dot uste. Egunez zein gauez kalea alde batetik bestera pasetea abentura hutsa da. Galle Face hondartzaraino joan behar da lasaitasun apur bat topetako. Han, bikoteek ibilaldi luzeak egiten dabez eskutik oratuta, inguruan beleek uriko zaborra noiz etorriko dan itxaroten daben bitartean. Itsasoak kolore berdea dauka, bape naturala, eta ustezko bake sentsazinoa estaduaren indar armatuek apurtzen dabe. Duda barik, beleek eta AK-47ek giro erromantikoa zapuzten dabe.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Bidaiatzeak be, arte danek legez, badaukaz alde txarrak. Gauzarik gatxena, batez be bidaia luzeetan, puzzle itzeleko piezak behar dan moduan lotzea da, ahalik eta denpora gitxien galtzeko. Eta bidaia honen kasuan, puzzle horrek makinatxu bat pieza daukaz.

Zelan joan Taiwanetik Sri Lankara ahalik eta modu ekonomikoenean? Erantzuna ez da bape erraza. Ia ez dago hegaldi zuzenik edota dagozanak oso karuak dira (500-600 euro inguru). Beraz, pazientziaz beteta, ugarte budistara hainbat hegaldiren eta itxaronaldiren ostean heldu naz. Goizean, Taipeitik Hong Kong-era. Hong Kong nire herri maitagarritik Singapurrera, gauez (ia 4 orduko hegaldia). Britainiar kolonia izandako herrialdeko aireportuan gau oso txarra pasau ostean, Colomborako hegaldi barria (eskalea Kuala Lumpur urian) hartu dot Sri Lankan Airlines konpainiagaz. Zikin eta logureagaz, lehengo Ceilaneko uriburura heldu naz. Taiwaneko gobernuaren limusinatik aireportuko jarleku gogorrera egun bakarrean...

Kutxiloagaz ebagiteko moduko tentsinoa dago Sri Lankan. Kale garrantzitsuenak lurrez egindako zakuakaz babestutako barrikadakaz dagoz zarratuta eta AK-47 Kalashnikov-ak uriburuko paisaje hutsa baino ez dira. Arrazoia: eguenean, hilak 17, presidentetza-hauteskunde eguna da 20 urteko gerra zibilak kontrolautako herrialdean. Estadua bitan banatuta dago: batetik, gobernu ofizialak kontrolautakoa (hegoaldea, batez be) eta, bestetik, Tamil edo LTTE (Tigre Tamilen Askapenerako Ejerzitoa) gerrilearen esku dagoana.

Ezkorrenek hauteskunde egunean odola ikusiko dala dinoe. 2002an su-etena izan zan eta, tsunamiaren ostean be, alderdi zeozer hurreratu ziran bata bestearengana. Halanda be, batek baino gehiagok aurreikusten dau uri handietan matxinadak eta burruka gogorrak egongo dirala. Presidentetzarako hautagaien diskursoak antzekoak dira. Hori bai, egungo Lehen Ministroak LTTEren kontrako jarrera zorrotza dauka, gerrillearen helburua estadu Tamil independentea dalako. Horregaitik, barriro hautatzen badabe, giro txarra espero da Sri Lankan.