Erramun Osa: 'euskerearen etorkizuna egunero eregi behar dogu danon artean'
6. Orain urte batzuk helduen euskalduntzeak eta alfabetatzeak aparteko indarra izan eben eta gaur egun askosaz jente gitxiago dabil euskaltegietan. Orain erabilerearen garrantzia azpimarratzen da. Sasoietara eta egoeretara egokitzeko ordua ete da?
Euskerearen berreskurapena fenomeno urbanoa da eta une honetan uri eta herri handienetan dago egoerarik larriena. Hirurogeigarren hamarkadearen erdialdean alfabetatzea egoan pil-pilean, besteak beste, herri honi historian zehar ukatu izan jakolako hezkuntza sistema propioa garatzeko aukerea eta, horren ondorioz, jente asko egoan euskeraz irakurteko eta idazteko gaitasunik barik. Testuinguru horretan, 70eko erdialdean alfabetatze-euskalduntzeak sekulako indarra izan eban. Geroago, gainbeherak eta susperraldiak izan dira baina normaltzat hartu behar doguz faktore asko tarteko, besteak beste, hizkuntza ereduen ezarpenagaz belaunaldi barriak euskerearen ezagutza maila handiagaz datozelako eta euskerea irakasteko gai diran lagunak be gero eta gehiago diralako. Edozelan be, euskaltegiak jaio ziran hilteko; euskalduntze-alfabetatzeak egokitu egin behar ditu bere egitekoak, herritarrek eskatzen dabena kontuan hartu behar da. Hori bai, argi daukat euskalduntze-alfabetatzearen egitekoak ez dirala erabat asebeteten personak euskalduntzen edo alfabetatzen doguzan neurrian; gure ardura nagusienen artean, aukera barriak sortzearena aitatuko neuke, lagun horreek euskerea erabili dagien gizarteko sektore danatan.
7. Ikastola eta eskoletako umeen artean be erabilerea sustatzearen beharra ikusten da D ereduetakoak izan arren, kalean eta lagunartean erderaz egiten dabelako parra-parra. Ume eta gazteen mundua (gizartea orokorrean, musikea, telebista, Internet...) gehienbat erdalduna da eta ume eta gaztetxoak motibetea ez da erraza mundu erdaldun horrek jan egiten dauelako 'euskal mundu ahula'. Zein da konponbidea?
Ikasgela barruan egiten ez dana guk ezin dogu konpondu eskolaz kanpoko jardueren bitartez. Ahalegin kontzertatua behar da: aisialdian, mundu ludikoan, eskolaz kanpoko jardueren bidez, euskerearen erabilerea sustatzeko ahaleginak egin behar dira baina eskoletan beste estrategia batzuk garatzea be nahitaezkoa da; ume gizajoak endredau beharrean, lehentasunak ezarri behar dira, plangintza egokiak egin, ariketa egokiak aukeratu, arau eta gomendioen aplikazino mailak bereiztu...; nik ez dinot euskerearen kalidadea jagon behar ez danik baina gaztelaniagaz konparauta, euskerearen munduan presino handiagoa dabe-dogu hiztunok zuzen idazteko edo berba egiteko. Zalantzen aurrean, erabiltzaile arruntak beti joko dau errazenera.
Beste alde batetik, aparteko ahalegina egin beharko litzateke 0-3 urte bitarteko haurtzaindegietan, izan be, zenbat eta gazteago hasi, arrakastea handiagoa izango dalako; kontua da ze umezaintzan oso zerbitzu gitxi eskaintzen dirala euskeraz.
8. Euskereak gaur egun bizi dauen egoerea gogoan hartuta, epe luzera ze etorkizun ikusten deutsazu gure berbeteari?
Joera batzuk atzemotea erraza izan daiteke baina predikzino fidagarriak egitea benetan gatxa da. Humboldtek orain 200 urte esan eban euskereak ez ebala XX. mendea ikusiko eta XXI. mendean be euskerea bizirik dago. Igarle asko dago gurean baina kontua da etorkizuna egunero eregi behar dogula danon artean. Etorkizuna etorkizuneko hiztun taldeen erabagien eta gogoaren arabera etorriko da eta gaur egun ereiten dogunaren arabera.
Koldo Isusi Zuazo
Euskerearen Aholku Batzorde erabarrituaren ganean berba egitea da oraingo honetan asmoa baina labur-labur baino ez bada be, gure gonbidatuaren ibilbidea be errepasauko dogu. Erramun Osa ondarrutarra da jaiotzez baina Barakaldon bizi da; 91tik 2001era AEKko Bizkaiko arduraduna izan zan eta gaur egun Euskal Herriko Ikastolen Alkartean, euskerearen erabilerea sustatzeko egitasmoen arduraduna da. Horrezaz ganera, Euskerearen Aholku Batzordeko kide izentau barria be bada.
1. Oraintsu egin dozue lehen batzarra Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) garapena, Euskerearen Aholku Batzorde osoaren eraketa, Batzorde-atalen egitekoak, lan prozedurak, osoketak eta kideak eta bestelakoak aztertzeko. Egitekoak zehaztu dozuez honezkero?
Bai, EABren egiteko nagusiak zehaztuta dagoz, besteak beste, hizkuntza politikearen alorrean aholkuak emotea, EBPN garatzeko aholkuak emotea eta horrezaz ganera, abian diran eta abiarazo beharko litzatekezan egitasmoen inguruan ebaluazinoa eta egokitzapen aukerak bideratzea, ildo estrategikoetan zer dagoan umezurtz aztertzea, ze eratako sustapen politikak garatu behar diran zehaztea...
2. EABren helburuen artean, emoten dau hizkuntza politikea zeozelan aldatzeko eta erabilerea bultzatzeko asmoa dagoala?
Hizkuntza batek nahitaez hiztunak eta erabilera esparruak behar ditu eta, horretan oinarrituz, hiztun kopurua gehitzeari jagokonean, faktore askoren eraginez aurrera pausuak izan dira konzentrazino demografikoan eta espazialean. Dana dala, hizkuntzearen ezagutzeak gora egin dauen neurrian, erabilerea ez da maila berean hazi; hortxe dago EBPNren helburu nagusia, hau da, euskeraz bizi gura daben herritar guztiei egiazko aukerak eskaintzea euskerea erabili ahal izateko.
Hizkuntza politikearen harian, hizkuntza kontuetan oro har, aldaketak ez dira berehala ikusten; herri honetan, ganorazko balorazinoak egin barik, erraz nahasten gara eretxi eta aurreretxietan eta perspektiba historikoan eta gizartearen joera eta jarreretan oinarritzea komenidu da. Maratoilari baten espiritua behar dogu, etorkizunari begiratzea ondo dagoalako baina egindakoa ahaztu barik. Bestalde, gogoan hartu behar da hizkuntzen berreskuratze prozesuetan ez dagoala inoiz azkenengo berbea esaterik, izan be, edozein momentutan etor daitekezalako atzeranzko joerak. Gauzak holan dirala, egunero egin behar da lan, euskerearen etorkizuna oraintxe gagoz jokatzen, gure auzo eta herrietan, eskoletan, hezkuntzan, lan munduan...
3. Euskerearen Aholku Batzordean 45 kide zagoze; 14 herri aginteetako ordezkariak dira, Euskaltzaindiaren izenean, euskaltzainburua be EABko kidea da eta ganerakoak (30) euskalgintzan zabilze. Erronka barria zelan hartu dozu?
Gustora, konpromiso eta lan zama handia izan arren. Bateren batek pentsau leike EAB gauza protokolarioa baino ez dala eta egia esan lankidetza garatzeko marko garrantzitsua da. Batzordearen osoketak berak aukera barriak zabaldu ditu, besteak beste, euskalgintzan, hizkuntza politikako estrategiak eta eretxiak trukatzeko. Nire kasuan, euskerearen geroratze batzordeko buru izatea tokau jat, alfabetatze eta hezkuntza arloetan behar egiteko eta, beraz, erabilerea indartzea, helduengana hurreratzea, euskerearen erabilerarako aukera barriak sortzea... horrexek izango dira nire egitekoak.
4. Euskerearen Aholku Batzordea Euskerearen Legearen ondorioa da eta erabilerearen normalizazino lanean laguntzeko organoa, hizkuntza normalkuntzan diharduen erakunde publiko nahiz pribatuen ahaleginak eta ekintzak aztertzeko, bideratzeko eta koordinetako. Prozesu horretan gauzak ondo egin dira orain arte ala zeozer aldatzeko edo arloren baten aparteko ahalegina egiteko beharrizana ikusten dozu?
Herri honetan, mundu guztia da hizkuntzalari, soziologo, sikologo eta abar eta sarri-sarri egon dira eztabaida beroak. Duda barik, azken urteotan gauza asko egin dira baina egiteko asko dagoz oraindino euskerearen normalizazino prozesuan, hasi baino ez garala egin esango neuke. Atzera apur bat eginaz, 80. hamarkadearen hasieran, ekinbide sozial eta ekinbide publikoaren arteko dibortzioa izan genduan; sasoi bateko oker ulertzeak, aurreretxiak, joera politiko desbardinak eta bestelako faktore batzuk nahastau ziran arren, euskerearen legeak adostasun maila polita izan eban. Geroago, behar handia egin dabe iniziatiba sozialak eta administrazino publikoak eta lehen aitatutako dibortzioak ekarri eban etena gainditzeko ahaleginak egin ziran 90. hamarkadan. 96-98 birtartean, EBPN onartu zan eta plangintza honen eta bestelakoen garrantzia ukatu barik, bakarka, sektoreka egiten diran ekarpenak, askotan ezerezean geratzen dira ahalegin guztiak buztartzeko bide garbirik ez badago behintzat. Alkarlana ezinbestekoa da.
5. Politikan hizkuntzea nahastetea ez da ona baina agintean dagozan politikoen babesik barik be jai dauka euskereak...
Hizkuntzea politikan nahastetan dabenak asko dira, alderdikeriak alde guztietan ikusten dira. Nafarroako gobernua Europako hizkuntza zaharrena garatu beharrean bazterrean ixteko erabagiak hartzen dago eta hori errealidade garbia da baina badira beste batzuk mesede barik kalte handia egiten dabenak. Gaiaren harian, onartzen ete doguz ondoko printzipioak? Alde batetik, hizkuntzarik ahulena euskerea da eta, horretan oinarrituz, erakunde publikoei jagoke sustapen politikea aurrera eroatea. Bestetik, herritarren borondatea dago. Puntu honeetan gauzak argi izatea nahiatezkoa da.