Bat-bateko bertsoaren bat-bateko epaia (I)
Epaitzeko erispideak
Benetako inflezino puntua 89an emon zan. Bertsolarien Elkarteak (geroago Bertsozale Elkartea) bilera bi antolatu ebazan, epaitzeko erispideak eztabaidatu eta adosteko. Inoz epaile izandakoak eta bestelako bertsozale adituak batu ziran, belaunaldi zaharra eta barria bat eginda. Bertsoak modu juxtuagoan epaitzeko orientabide nagusiak adostu ebezan. Orduan idatzi ziran lehenengoz Bat-bateko Bertsoak Epaitzeko Erispideak. Aurrerapauso nabarmena izan zan, bertsoak modu juxtuagoan epaitzeko ahaleginean. Urte bereko Txapelketa Nagusian aplikau ziran erispideok. Bertan orientabide nagusiak emoten ziran, eta alderdi teknikoari jagokozan erispideak gero. Orientabide nagusiak bi ziran. Batetik, epaileak bertsozaleak bere kontura egiten dauena egin behar dauela: bertsoa entzun, dastatu, eta beregan sortu dauen inpresino hori kuantifikau, alperreko teknikakeriatan sartu barik. Bestetik, zelako holako neurri bat proposatzen zan puntuazinorako: bertso bakotxari 1etik 10erako puntuazinoa emotea, baleko bertsoa oinarri hartuta. Baleko bertsoa aparteko meriturik eta akatsik bako bertsoa da, 5/6 puntukoa, eta hortik gorakoak eta beherakoak arrazoitu egin beharrekoak ziran. Gaur egungo erispideetan orientabide nagusi honeek bere horretan jarraitzen dabe. Erispide konkretuei jagokenez, 89ko erispideak lau ataletan banatu ziren: gaiari lotutakoak, hizkerearen ingurukoak, metrika, eta bestelakoak. Gaia zabaltzea, ofizioetan alkarren arrazoiei jarraitzea, erregistroak, figura literarioak eta doinu egokiak erabiltea.... meritutzat hartzen ziran. Ostera, topikoen larregizko erabilerea, hankaluzeak, betegarriak, denpora luzeegia hartzea, potoa... zigortu egingo ziran.
Erispideak zehaztuta, transparentzia gehiago ei eukan epailetza lanak. Egia da aurrerapauso handia dana, baina 89ko Txapelketan bertan ikusi zan oro ez dana urre, are gitxiago subjektibotasunak pisu nahikoa hartzen dauen jardunean. Epaitzeko erispideak ibilbide bat egin dabe ordutik hona, baina 2005eko Txapelketa Nagusian epaimahaiak esku artean erabilten dauzen erespideak ordukoen alabak dira. Orientabide nagusiak berak dira, eta osoketa lanak baino ez dira egin, erispideak aberastuz. Osoketa horretan ezinbestekoa izan da Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak doktore tesia (Joxerra Garzia. EHU, 2000). Hurrengo batean egingo dogu berba aurtengo Txapelketan epaitzeko erispideek izan daben eraginaz.
IƱaki Aurrekoetxea
Non dago txapelketa baten eta beste edozein bertso-plazaren arteko alderik handiena? Dudarik barik, txapelketatan bertsoak modu ofizialean epaitzen dirala. Horrek baldintzatzen dauz ganerako desbardintasun danak: bertsolariaren jarrerea eta prestakuntzea, gaien izaerea, entzulearen beraren jarrerea... Puntuak jokoan diranean bertsoaren jolasa lehia bihurtzen da, eta epaimahaiaren sententziak entzuleriaren arreta erabatekoa izango dau. Hori bai, sekula ez dau danon gustukoa emongo.
Bertsoak epaitzea ez da lan erraza. Papereko bertsoak arretaz leidu eta eretxia emon edo puntuetea, tira, baina bertsolariak bat-batean bota dauen alea entzun eta hurrengo hamar segunduetan zenbakia emon beharra, esango deustazue. Edozein ez da horretarako kapaza, eta kapaza danak ez dau edozelan egiten. Txapelketen historian modu desbardinean bete izan da funtzino hau, eta bertsolarien ezaugarriak, bertsozaleen espektroa edo gaien izaerea aldatu dan moduan, epaitze lanak be aldaketak ezagutu dauz hasikeretatik hona. XIX. mendearen hasikeran Fernando Amezketarra bertso desafio batean epaile izan zanetik euria egin dau, trumoia be sarri. Historian zehar, epaileak beti izan dauz ezaugarri antzekoak: euskerea eta euskal kulturea ondo ezagutzen eben bertsozale eskolatuak izan dira. Garai batean ezaugarri horreek emondako bermeagaz epaitzen eben, bestelako entrenamentu barik. Gauzak aldatu egin ziran laurogeiko hamarkadearen amaieran. Ordura arte Euskaltzaindiak antolatutako txapelketen ohiturakaz apurtu, eta Bertsolarien Elkartea sortu zan 1986an, urte bereko Txapelketa Nagusia antolatzeko helburuagaz. Epailetzaren gaia eztabaidearen erdian egoan. Ordura arteko susmo txarrak gainditu guran, finaleko epaia bertsoaldiz bertsoaldi entzuleei bistaratzea erabagi zan. Esperientzia ha ez da barriro errepikatu.