Kulturea  IV. urtea // 136. zenbakia

Lutxo Egiak bigarren nobelea plazaratu dau


Bizkaie!

‘Ezker hanka falta zuen’ nobelea aurkeztu barri dau Lutxo Egiak. Idazlearen bigarren nobelea da, orain dala hiru urte ‘Paperezko hegazkinak’ atara ostean, biak hala biak Susa argitaletxearen eskutik. Halanda be, Egiak poesia be landu izan dau, ‘Kalezuloko animalien itzalak’ liburuan irakur geinken legez.

Nobelearen izenburua protagonistearen ezaugarri fisiko bati zor jako. Gerena herrena zan, igogailu publiko bateko behargina ofizioz, Sestao River taldeko jarraitzailea eta kirol-kazetaritzan jarduten eban afizioz. Kronikak literatura ikutuagaz idazten ebezan, Egiak gaur egun igarten dauen hutsune horri aurre eginez edo. Tartean, beste istorio bat be kontetan da baina mundu bien arteko lotura bakarra narratzailea bera da.

Futbola eta Bilboko itsasadarra. Bilboko itsasadarra eta futbola. Leire Gisasolak Angel Ruiz de Azuaren argazkian oinarriruta diseinautako azalak garbi erakusten dau nobelearen arimea. Lan laburra da, ‘akaso beste saltsa pare baten sartuta nagoalako eta holan urten dauelako’, dino idazleak, ‘laburra izan arren, nobela bat aurkezteko modu duina dala uste dot’, zehaztuz. Flash-backa erabilten dau, ‘linealtasunak enbarazu egiten deustalako’.

Aste Santuan Jaka Bekea jaso ostean, lan barria diseinetan hasi zan Egia. Bitartean, kazetari lanetan dihardu eta bigarren nobelea preparetan dabil. Luzeagoa izango dala aurreratzen deusku, ‘hori da asmoa, behintzat’, eta baita izenburua be: ‘Zubigilea’.