Jose Ramon Uriarte: 'kontrol gogorrakaz egingo deutsagu aurre doping-ari'
1980an debutau eban txirrindularitzan bizkaitarrak eta Banesto taldean emon ebazan urterik onenak. Afizionatuen mailan, besteak beste, Bizkaiko Txapelketea eta Zarautz-Galdakao klasikea irabazita daukaz, biak 1987an eta profesionaletan (1990etik 97ra), barriz, Luis OcaƱa Klasikea, Mallorca, Burgos zein Valles Mineros lasterketatan etapa garaipenak nabarmendu beharko geunkez. Edozelan be, Miguel Indurainek irabazitako Frantziako Tourretan, haren laguntzaile sendoa izateagaitik be ezaguna da.
Gaur egun, Radio Euskadin esatari-laguntzaile lana egiten dau txirrindularitza kontuetan eta Txitxarroko jaiagaz denporaldia amaitu barri danean, pil-pilean dagozan doping kontuak, Roberto Herasena azkena, eta denporaldiko beste hainbat gai gehiago beragaz aztertu gura izan doguz.
1.- Bizikletea aspaldi gorde zenduan arren, Txitxarroko hitzordura joaten zara eta oraintsu be han izan zara?
Txitxarrora urtero-urtero joaten gara. Jaialdi polita da eta urte barruan ikusten ez dozuzan lagunakaz egoteko aukera parebakoa. Bizikletan ibilten zaran bitartean jente piloa ikusten dozu baina nik sei urte daroadaz mundu horretatik kanpora eta ez dot jente ezagun lar ikusteko aukerarik izaten. Horregaitik uste dot lasterketa polita dala.
2.- Txirrindularitza profesionala itxi zenduanetik 6 urte pasau diranean, oro har, zelako aldeak ikusten dozuz lehengo eta gaurko txirrindularitzearen artean? Kirola egiten segiduten dozu?
Sei urtetan aldaketa handiena diru kontuetan egon da. Momentu honetan, taldeek diru mordoa mobiduten dabe. Nire denporan be dirutxua irabazten zan, baina orain gehiago. Taldeen arlo profesionalean be aldaketak izan dira, hobera gehienak. Aitatzekoa da, baina, nire garaian be taldeetan profesional oso onak egozala. Halanda be, doping-aren kontuak hobekuntza horreek zikintzen ditu. Beti egoten dira momentu txarrak eta denporaldi txarrak, baina doping-ari jagokonez ez da burua altxau azken aldion.
Orokorrean, aldaketa nagusiena, akaso, pasa dan urtean igarri zan, Pro Tourregaz. Nire ustez, Pro Tourren helburuak ez dira burutu, mailen arteko desbardintasunak handiegiak diralako eta hori ez dalako ona. Ganera, nire garaian 120 egun inguru egiten ziran konpetizinoan eta orain 60 egun eskas egiten dabez. Txirrindulari asko proba zehatz batzutara baino ez doaz eta horrek eragin zuzena dauka azken emoitzetan.
Bestalde, kirola egiten segiduten dot, bai. Bizikletan ibilten naz, baina gitxitxuago, Zarrabeitiagaz eta horreekaz; mendira be asko joaten naz...
3.- Aurtengo denporaldian Fassa, CSC eta Quic Step taldeek lortu dabe garaipen gehien eta izen batzuk nabarmentzekotan Alessandro Petachi (23 garaipen) eta Tom Boonen (14) aitatuko geunkez. Ganerakoan zer azpimarratuko zeunke?
Pro-Tour agertu zanean uste izan genduan aldaketa gehiago izango zirala. Aurten, Di Lucak irabazi dau sailkapen orokorra baina bera ez da izan denporaldiko onena. Baina azken baten berak irabazi dau eta zeozegaitik izango da... Etapen eta itzulien puntuazinoa ez da egokia eta taldeen sailkapen orokorrean be, puntuazinoak eta emoitzak ez dira bape egokiak.
CSC taldea indartsu ibili da. Txirrindulari beteranoak fitxau ditu eta planteamentua ona izan da. Fassak Petachi izan dau buru eta emoitz onak lortu dabez berari esker.
4.- Euskal txirrindulariek 21 garaipen lortu dabez, igaz baino 7 gitxiago eta horreetatik 4 baino ez Pro Tourrekoak, Giroan Gil, Catalunyan Horrillo, Vueltan Laiseka eta Dauphine Liberen Landaluze. Nahikoa ete da?
Garaipen horreek asko ala gitxi izan daitekez... Nire sentsazinoa da euskal txirrindularitzean burrukea, gogoa falta dala, helburuak zehaztu eta ahal dan guztia emotea. Gure helburuak Mayo eta Zubeldia izan ziran baina beste txirrindulari asko be euren mailan egon dira. Ganera, Roberto Laisekaren denporaldia be berezia izan da eta niretzat bera izan da aurtengo sorpresea. Denporaldia nahiko eskas hasi eban baina azkenean emoitz onak lortu ditu.
Txirrindulari euskaldunak euren mailan egon dira eta ezin da gehiago eskatu. Kontuan hartu behar da aurreko denporaldia oso ona izan zala baina urte guztiak ez dira berberak izaten...
5.- Zure lagun handi eta herrikide Iban Mayok ez dau emon danok espero genduan mailea. Zer pasau jako?
2004ko denporaldian lasterketa onak eta garrantzitsuak irabazi ebazan eta 2005erako esperantzak onak ziran. Planifikazinoa aldatu eban eta hor egon da akatsa. Txirrindulari batzuk ez ziran ondo egon eta planifikazinoa ez zan bete. Orduan, taldean nerbioak jantzan hasi ziran. Zubeldiak ez eban Giro ona egin eta gauzak okertzen hasi ziran. Zoritxarrez, talde izaerea galdu dau Euskaltelek eta ez deutso bape mesederik egin. Kaleko jentearen sentsasinoa da taldeak ez dauela burrukarik egin eta Mayok Tourrean eskainitako irudiak tristetu egin ditu jarraitzaileak. Akaso, bere buruagan konfiantzea falta jako. Arazo fisikoek baino, buruko kontuak garrantzitsuagoak dira. Azken batean, indarra euki arren burua ez badaukazu ondo, ez dozu ezer egingo. Mayok diru asko irabazten dau, kriston presinoa dauka emoitzak lortzeko eta, azkenean, presinoak irabazi dau berak irabazi beharrean. Aurreko denporaldian irabazitako guztia eta gehiago galdu dau aurten.
Ia datorren urtean Mayo hobea ikusten dogu. Urte berezia da, Euskaltelegaz kontratua amaitzen jako...
6.- Pro Tourraren lehenengo edizinoaren ostean, zein da zure balorazinoa? Zeintzuk dira alde positiboak eta negatiboak?
Talde dirudunenak, ez beti indartsuenak, lasterketa onenatan egotea lortu dabe Pro Tourrari esker. Baina txirrindulari onenak ezin dira lasterketa on guztietan egon. Hori ez da lortu. Denporaldia luzeegia izan da ganera.
7.- Txirrindularitzazaleontzat errepideetan ikuskizunak eta lehiak gora egin dabela pentsetan dozu?
Ez. Espainiako Vueltan, berbarako, jentea hotzituta egon zan. Azkenean, Menchov-ek eta bestelakoek bizitasuna emon eutsen itzuliari baina giroa hotzituta egoan. Uste dot ikuskizuna beherantza doala eta Euskaltel maila onean ez egoteak zeresan handia dauka horretan. Momentu honetan taldea betiko zaleek baino ez dabe jarraitzen.
8.- Telebista eskubideak eta egutegiaren aldaketak tarteko, UCIgaz burrukan ibili dira Tour, Giro eta Vueltako antolatzaileak. Diruak agintzen dau?
Bai. Zoritxarrez, bai. Pro Tourra, azken batean, dirua lortzeko sortu zan. Taldeek, antolatzaileek... diru asko lortzen dabe eta Pro Tourrek pastel horretatik dirua hartu gura izan dabe. Hor dago burrukea. Bat Formulako eliteko giro bera lortu gura dabe baina Bat Formulea eta bizikletea ez dira gauza bera. Hainbat itzuli garrantzitsu ahaztu dabez, antolatzaile asko kanpoan geratu dira eta hori ez da bidea.
Bestalde, taldeek, Pro Tourrean sartzeko, dirua ordaindu behar dabe. Dirua, dirua eta dirua. Txirrindularitzan, dana da dirua.
9.- Lance Armstrongek 7. Tourra irabazi dau aurten. Ez jatzu iruditzen susmagarria 7 urtetan makalaldirik ez izatea?
Badakigu oso gatxa dala Tourra irabaztea baina kalean susmo sentsazinoa dagoala igarten da. Badakigu entrenamentu gogorrak egiten dituala, oso gizon gogorra dala, baina zeozelako susmoa eta dudea igarten da jarraitzaileakan. Oso txirrindulari ona izan da, oso ona, baina ez da maitatua izan. Jarraitu ezkero, beste bat be irabazteko aukerea eukiko leuke; zorionez, joan egin da, zorionez, Tourra blokeauta egoalako.
10.- Doping kontuetan, oraintsu epaileak 6 hilebeteko kartzela zigorra ezarri deutse Frigo, Elli eta Di Granderentzat. Herasen kasua da azkena, oraindino argitu bakoa. Zein da zure eretxia?
Doping-a delitu mailara heldu da. Bitartean, baina, ez da behar lar egin doping-aren kontra. Nire garaian, Festina taldea akusau ebenean, gainontzeko taldeek ezikusiarena egin eben. Taldeak aurrerantz jarraitu eban baina ez zan ezer argitu. Orain be, kasuak antzekoak dira. Susmopean dagoz talde indartsu danak eta txirrindulari bat gaixorik dagoanean doping-susmoa dago.
Kontrol hobeak egin behar dira eta nonor atrapau ezkero, zigortu, bai txirrindularia eta bai taldeko ordezkari errudunak be, zuzendaria, medikua edo dana dalakoa. Zorrotz eta gogor jokatu behar da doping-aren kontra. Pro Tourrek berak hartu behar dau bide hori eta nonor bide okerretik badoa, egurra! Kontrol gogorrakaz egingo deutsagu aurre doping-ari. Txirrindulariak eurak eta txirrindularitzea orokorrean izen ona galtzen dagoz susmoen erruz eta horri zeozelan egin behar jako aurre.
11.- Datorren denporaldiari begira badagoz nobedadeak: Juanma Garate Quic Step taldera, Gilberto Simoni Saunier Duvalera...
Denporaldia esperantzaz beteta datorrela uste dot. Saunier Duvalek zeresana emongo dau, bueltan datozan txirrindulariak osotzen dabelako taldea. Pro Tourren diru gitxien daukan taldea izango da eta gainontzeko taldeetan aukerarik ez daukien txirrindulariei aukerea emoten deutse. Talde oso berezia da eta, aldi berean, garrantzitsua.
Euskaltelentzat, datorren denporaldia oso garrantzitsua izango da, aurten galdu dauen indarra berreskuratzeko.
Bizkaie!