Erronka barriak Bilboko aretoetan
Fever
Oraintsu aurkeztu da Bilboko Santana 27 aretoan Fever espazioa. Bartzelonako Razzmatazz areto ezagunaren bidea jarraitu guran, areto baten barruan lau giro desbardin sortzeko errokea hartu dabe Boluetako aretoko buruek.
Gauzak holan dirala, 2000 lagunentzako lekua daukan aretoa areto txikiagotan banatuko eta bakotxean musika mueta bat jarriko dabe, musika baltza, elektronika minimalistea, electro pop doinuak eta garai desbardinetako abesti ezagunak, berbarako. Zapatuetan egongo da proiektu barriaz gozetako aukerea.
Gotzon Uribe
Badago Bilbon musika elektronikoaren inguruan mobiduten dan jente taldetxu bat. Nahiko txikia izan arren, nazinoarteko beste uriburu batzuen antzera badagoz kolektibo txiki batzuk Bilbora nazinoarteko elektronika ekarten ahalegintzen diranak. Holan ba, 'Elektro' izeneko kolektiboak izen bereko gauak antolatzen ditu Bilboko Arantzazu aretoan.
Zemendian, barikuro, musika elektronikoa jorratzen daben artista ugari izango dira aretoan. Daborduko Baby Ford eta Misc artistak izan dira eta, zemendiaren 18an, Toma Arnderson suediarrak joko dau. Arnderson 90. hamarkadearen hasieran hasi zan musikearen munduan, lau sintetizadore merkegaz eta lagun baten laguntzinoagaz. Elektronikea ulertzeko zentzu minimalistea dauka, sentimentuei lotutakoa. Europa mailan ezaguna dan eta beraren azken lana 'Washing Up' izan da.
Zemendiaren 25ean, Waterlilly izango da. Vienako 'electro' mobimentuaren musikari adierazgarrienetakoa da bera. Egun, Viena da Europa mailako electro mobimentuaren lekurik indartsuena.