Bilbon, Ken Saro Wiwa gogoan
Ken Saro Wiwa
Ogonilanden (Nigeria), Niger ibaiaren deltako lurraldean bizi zan Ken Saro Wiwa. Hainbat nobela, ipuin eta telebista gidoi arrakastatsu idatzi ebazan 80ko hamarkadan. 1990ean MOSOP, Ogoni Herriaren Biziraupenerako Mobimentua sortu eban, bakea eta ekologismoa ardatz legez eukazan erakundea. Nazino Batuen Herri Indigenen Batzordean egin eban berba 1.992an, Nigerreko deltako petrolio-kanpaineak herriari egiten eutson kaltea salatzeko. Urte bi geroago, atxilotu eta urkatuta hiltera zigortu eben, zortzi lagunegaz batera. 1.995eko zemendiaren 10ean hil eben.
Bizkaie!
Euskal PEN-Klubak Idazle Presoen Eguna ospatuko dau datorren eguenean, zemendiak 10. Izatez, egun hori zemendiaren 15ean ospatu beharko litzateke, baina PEN International-ek hilaren 10era aurreratzea erabagi dau aurten, egun horretan beteten diralako hamar urte Nigeriako Abacha jeneralaren diktadurak Ken Saro Wiwa idazle eta PEN-kidea urkatu ebenetik.
Hainbat ekitaldi antolatu dira mundu osoan zehar Saro Wiwaren lana eta ereduari omenalditxua egiteko, Londresen, Australian, Europan, Ameriketan eta, zelan ez, Afrikan. Euskal Herrian, datorren zapatuan, zemendiak 12, arratsaldeko bostetatik aurrera Bilboko Arriaga plazan PEN-Klubeko kideek Saro Wiwaren poema euskeratuak irakurriko dabez. Bertan, Nigerian Progressive Union taldeko musikariak be izango dira jaia animetako.