Eragile baten omenez
Andima Ibiñagabeitiaren biografia laburra
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria
Oraingoan euskal kulturearen suspertzaile bat dakargu gure orrietara. Bizkaitarraren lana goraipatzeko modukoa da baina oraintsu haren hiletearen urteurrena izan arren, gitxi batzuk baino ez dira horretaz arduratu. Holan ba, geure artikuluagaz Ibiñagabeitia gomutau gura dogu.
Andima Ibiñagabeitia Idoyaga Bizkaiko Elantxobeko herrian jaio zan 1906ko urtarrilaren 26an. Beraz, datorren urtean ospatuko dogu idazlearen jaiotzearen mendeurrena. Bitxikeria moduan esan behar da Andimak berak beti esaten ebala bere jaiotze urtea 1907 zala.
Seian edo zazpian jaiotakoa izan, kontua da etxean abertzale sutsuak zirala eta bigarren izenez Sabin jarri eutsen. Andima Sabin izena ipintea gurasoek behartuta izan zan, Elantxobeko bataio liburuan orduko abadeak jarritakoari jarraituz.
Elantxoben emon ebazan bere lehenengo urteak Andima gazteak. Alkatetzan Gorgonio Renteria EAJko agintaria egoan eta Elantxoben Sabino Aranak zabaldutako ideiak gogor errotuta egozan. Beraz, abertzaletasunaz inguratuta egoan Andima gaztea.
Hamar urtegaz Tuteran jesuitek euken ikastetxera bialdu eben gurasoek. Handik Loiolara joan zan ordurako Jesusen Lagundian bere bizitza osoa botako ebala pentsauta eta abade egiteko asmoz. Han Jokin Zaitegigaz topo egin eta ‘Euzko Ami’ liburuan topautakoen ondorioz, euskal abertzaletasuna izango eben lagun biek euren bizi guztirako helburu nagusi; burruka horretan, euskerea eta euskal kulturea tresna garrantzitsuenak ziran.
Zaitegigaz ez eze, Lauaxeta (bere jaiotzearen mendeurrena aurten ospatzen dogu), Iñaki Goenaga, Argarate, Plazido Mugika eta beste hainbat euskal zaleekaz egin eban bat. Sasoi honetakoak dira bere lehenengo testuak euskeraz idatzita. Loiolatik Oñara joan zan Jesuitek ohiturea euken moduan eta han filosofia ikasi eban elantxobetarrak. Hurrengo urteetan soldadutzea egin beharrean egoala, horren ordez nahiago izan eban, beste askok modura, Kolonbiara joatea irakasle lanak betetera. Bertan hiru urte emon eta gero Europara bueltau zan, Belgikara hain zuzen be, teologia eta zuzenbidea ikastera eta abadetzeko momentua heldu zanean, ordura arte jesuitarako joianak atzera egin eban. Ez eban botorik egin.
Kontuak kontu, seminarioa eta abade inguruak alde batera itxi eta Deustura amaren etxera joan zan Andima. Hurrengo urteetan, Chalbaud familia bilbotar ospetsuaren enpresan egin eban lan, bulegoko zereginetan. Familia horren ‘Unión de Explosivos Rio Tinto’ enpreseak Portugaleko Trafaria herrian eukan ordezkaritzan ebilen beharrean 1936ko garagarrilaren 18an gerrea hasi zanean.
Hurrengo urteetan, Bilbora etorri eta bertan jarraitu eban lanean baina beti be abertzaletasun ideiak ahaztu barik. Eusko Jaurlaritzeak antolatutako ‘zerbitzuetan’ parte hartu eban Mitxelenak gidatzen eban espioitza sarean. Baina 1947an hanka egin behar izan eban poliziak bere lanaren barri izan ebalako. Sasoi haretan Jaurlaritzeak Parisen eukan bulegoetan hasi zan lanean Zaitegigaz batera euskal kulturearen alde, batez be, ‘Euzko Gogoa’ aldizkariaren barruan, euskerearentzako hain garrantzitsua izango zan lana eginaz. Horri esker hainbat euskal idazlegaz izan ebazan hartu-emonak eta atzetik etorren belaunaldi barri baten itzala ezagutzeko aukerea be izan eban, besteak beste, Jon Mirande idazlea. ‘Euzko Gogoan’ ez eze, Pariseko ‘Euzko Deya’-n eta Euskadi Irratian be hartzen eban parte sasoi haretan.
1954an Guatemalara joan zan zaitegigaz batera ‘Euzko Gogoa’ aldizkariaren lana jarraitzeko asmoagaz. Herrialde horretan bi urte emon eta gero Zaitegi Iparraldera itzuli zanean, Andima Caracasera joan zan.
Venezuelan emon ebazan bere bizitzako azken egunak idazle eta euskal zale elantxonbetarrak. Heriotzea 1967ko zemendiaren 2an heldu jakon euskal zaleen artean hutsune haundia itxita.